Confebask: migrazioa bai, mila esker
Confebask: migrazioa bai, mila esker –
Bistan da nire aurreko artikuluak zalaparta sortu duela bazter ugaritan, eta gai honetan dauden desadostasun eta iritzi kontrajarriak azaleratu. Orain, iritziak emateagatik Voxekoak al gara? Ba al dago ezer eskuin muturrekoagorik, eztabaidak deskalifikazioekin etetea baino? Ongi etorriak izan bitez kritikak, baita jaso ditudan irainak ere —hauek, Chavezek zioen bezala, «ni las ignoro»—, baina artikuluak izan zitzakeen forma probokatzaileak, ni bezalako nafar basati bati dagozkio, eta ez gaituzte gaiaren muinetik aldendu behar:
Bat: emigrazio behartua, erbeste guztiak bezala, tragedia bat da, ekidin beharrekoa; emigratuarekiko elkartasunak gaitzaren errotiko salaketarekin batera joan behar du, XIX. mendean esklaboen salerosketari aurre egin zitzaion indar berarekin aurre eginez.
Bi: migrazio masiboa elite kapitalistek beren interesetarako sustatzen duten zerbait da (mila esker, Confebask, nire lintxamenduaren egun berean hau argi uzteagatik).
Eta hiru: ezkertiar zintzoek kapital handiaren diskurtsoa irentsi dute, batzuk pasio handiz defendatu ere, egunotan ikusi dugun bezala.
Emigratzaile behartuen semea eta biloba naiz, eta badakit zertaz ari naizen. Nahikoa da bi amona atzera egitea ikusteko, azken karlistaldiaren ondoren, Nafarroako herriak bolborategi bat zirela, eta agintari liberalek laguntza eskatzen zutela erregimen kapitalista berriaren eta haren ondorioen aurkako matxinadak saihesteko: kintak, lur komunalaren lapurreta…
Cisnerosek XVI. mendean Nafarroa konkistatu ondoren iradoki zuen bezala, nafartarrak Espainiako probintzietan edo kolonietan sakabanatzeko ahotsak entzun ziren. Batzuk Itsasoz Haraindira abiatu ziren, baina askoz gehiagok mendietara itzultzeko mehatxua egiten zuten, mendean enegarren aldiz. Gobernadoreek doako trenen azenarioa eskaini zuten Bizkaiko meatzeetarantz joateko, edo militarraren makila, hura aski ez zenean. Tafallatik 400 mutil eskatu zituzten, gizonezko biztanleria osoaren %30 kasik. Meategietan lanaldi amaigabeak zituzten zain, baldintza osasungaitzak, barrakoietan pilaketak…
Espainiar immigrazio masiboa baino lehen, nafarrak izan ziren burdinazko zulo haiek zulatzen lehenak. Historiaren ironiak, urte gutxi batzuk lehenago Somorrostron liberalismoa garaitzear egon ziren jornalariak, hara itzultzen ziren beharturik, beren enpresa gorrotagarrietan lan egitera —orduko Confebask—, fusil errebelde harroa pikotxarekin trukatuz.
Odoluste harekin hasi zen egungo euskal metaketa kapitalista. Nekazari jornalari haien birmoldaketa, ezkerreko langile bihurturik, berehalakoa izan zen, eta Perezaguaren atzetik joan ziren, lehenago Radica-ri jarraitu zioten suhartasun berberaz.
Alta, gehienak Ameriketara bideratu zituzten, tartean nire birraitonak eta aitonak. Jotak kantatu beharrean, gaur egun argentinar tangero bat izango nintzateke, baldin eta herriminak ene ama itzultzera behartu ez balu. Espainiar estatu liberalaren manu militari zentralizazioa, Txile edo Argentinakoarekin batera etorri zen, eta 1885era arte, itsasontzietatik jaitsi berria zen hango liberalismoa, basamortuko gerran buru-belarri aritu zen, europar estiloko bere batasun nazionala osatzeko. Eta ikustekoa zen nola euskal herritarrak, beraien herrialdean lur eta askatasunik gabe geratu ziren haiek, foruak eta lurrak panpa, txarroa edo maputxeei kentzeko erabiltzen zituzten. Asko aberastu eta gizendu egin ziren, ikusi besterik ez dago euskal abizenen ugaritasuna oligarkia haien artean.
Ez dira garai bateko ipuinak: berrogei nazio indigena haien bilobak auzunerik txiroenetan pilatzen dira gaur egun, eta Buenos Aires geldiarazten duten mobilizazio handietan ikus ditzakegu, beraien danbor, kanpaldi eta arrantxo herrikoiekin: aurpegi indigenek eta mestizajeek adierazten dute, esplotazio ekonomikoarekin batera, arraza, hizkuntza eta nazio esplotazioa nola bateratzen den. Estatu liberalak nagusitu eta berrehun urtera, jatorrizko herriek zutik jarraitzen dute, Amerikan eta Euskal Herrian.
Emigrazio masiboa erabiltzen segitu zen frankismoan, kapitala pilatzen jarraitzeko eta, bide batez, Euskal Herriko eta Kataluniako separatismoa ekiditeko. Gogoan dut, 1960ko hamarkadaren amaieran, ELA sindikatuak gobernuaren barne-zirkular bat banatu zuela esparru klandestinoetan (mila esker, Aranbarri), ETAren inguruko asaldura sozialak zekarren arriskuaz ohartarazteko eta etorkin elkartetxeetan inbertitzeko, desberdin izateari eusteko eta emigrante espainiarrak euskal ezkerrarekin kutsatzetik babesteko. Zorionez, ezker abertzalearen diskurtso integratzaileak —gogora ditzagun Txiki edo Argala— borroka independentistari immigrazio haren geruza ez gutxi gehitzea ekarri zuen.
Gaur egun, gizon-emakumeen trafikoak aurrera jarraitzen du, gure kapital handiak bultzatuta. Nire artikuluagatik liskar betean, Confebaskek adierazpen batzuk egin zituen, nire kontrako asko zoriontsu egingo zituztenak: jaiotza-tasa txikia dela eta, eta gure ongizateari eutsi ahal izateko, datozen 30 urteetan, EAEko hiru probintzietan 400.000 langile berri eta 140.000 gehiago beharko direla gure hazkundea sendotzeko. Horretarako, Confebaskek pertsonen etorrera erraztearen aldeko apustua egiten du, «behartsuenei laguntza ematea alde batera utzi gabe», eta «ihes egiten dutenei edo babesa bilatzen dutenei elkartasuna eskainiz». Zein eskuzabalak diren gure kapitalistak!
Bitxia bada ere, sareetan jipoitu nautenak, kritikatu egin nauten nire lagun politikoki-zuzenak barne, isilik geratu dira humanismoaren zelofanez bildutako Confebasken plan basati hauen aurrean. Espero dut isiltasun hori onarpena ez izatea, bestela Panpara itzuliko bainaiz, aitona Jose Mariak landatu zuen onbuaren arrimura.
Zeozer dago ezkerrean mugitzen? Konturatu al dira immigrazio masiboak eskuina hauspotzen duela? Euskarak ezin duela jasan horrelako immigrazio masiborik?
Bere kabuz pentsatzen duen ezkerreko pertsona. Ezkerreko eskulibururik eta dogmarik behar ez duena. Makina bat “ezkertiar” lotsa gorrian utziko duena. Pentsatzera, ausnartzera eta atzera berriz pentsatzera gonbidatzen duena. Ez da posible “dena ETA da” pairatu zuten berberek orain besteei “dena faxista da” jasanarazi behar izatea.
Nere ustez Jose Mari Esparzak sortu duen eztabaida luzatuko dela .
Bere estilo probokatzaileagatik uste dut baita ere gaizki ulertua izan dela.
Eta arrazista, supremazista, aberiatua, erreakzionarioa…denetatik deitu zaio.
Neri kuriositatea piztu dit adibidez Suediako eta Alemaniako ezkerreko alderdiek zelako berkontsiderazioak egin dituzten gaiarekin edo eta euskal herrian horrelako berkontsiderazio batean zelako ekimen antirazista posibleen aukerak irekiko lituzke…ezdakit , tira , neri hausnarketarako beta ireki dit Jose Mari Esparzak
Esparzak zerbait demostratu badu, ausardia izan da. Ea zeinek erakusten duen bere ausardia. Inork ere ez. Berak erakutsi duen ausardia, ETA gorenean zegoenean ezker abertzaleko norbait ETAren aurka publikoki agertzea bezainbestekoa da. Ezker abertzalean noski daudela ezkutuan Esparzaren iritzi berekoak, baina inor ez da ausartzen publikoan agertzera. Eta gero esaten dute politikoki zuzenaren kontzeptu hori eskuinaren asmakizun bat besterik ez dela, ez dagoela halakorik. Ikusten duzuen bezala, existitzen da eta diktadura bat da.
Eneritz. Ez al duzu inoiz berkontsideratu euskaraz idaztea, Edo idazteaz, ez baitakit berkontsideratuk zer eskatzen duen, zer Edo zertaz.
Eskerrik asko Nagore piropoarengatik . Idatzi ,idazten det lanaren ardurengatik baina publikoari begira ,tira, hori beste egurreko ezpala dela iruditzen zait .
Garagarra. Nik ezker abertzaleari buruzko beste ikuspegi bat dut . Uste dut ezker abertzaleak onura handiak eman dizkiola herri honi baita hanka sartze galanta eta mingarriak . Errespetu handia diet bere burua ezker abertzalakotzat duten laguni eta pertsonei.
Eta eskubi abertzalea dela eta . Uste dut nahiko luketela nazio askok , espainolengatik hasita , guk degun eskubia eukitzea. Lagun onak ditut eskubi abertzalekoak baita senide maiteak ere . Herri nahiko siu generis garela uste dut, euskaldunak.
Eta gaiara bueltatuz, ez ditut aspertu nahi foro honetako kideak baina uste dut agian gai honekin ezker abertzaleko batzuk eta ezker abertzalea organu eragile bezala agian patinatzen ari dela munduko ezker askoko kide eta eragile bezala .
Uste dut bai gai honekin eta beste edonorekin kultura , errigorea eta errespetoa direla bideak herriari eta gure buruentzako onurak lortzeko
Testu honek baluke beharbada ahulezia bat. Izan ere imigrazio guzia ez da ez beharua ezta baitezpada kapitalistek zuzenean sustatua ere eta testuak ez du erraiten imigrazio horren parte handia ( zorigaitzez zer proportziotan ezdakit) “espontaneo”a da gure herrien bizimoduak eta kontsumerismoak zuzenean eragindua. Etorkingaiek pentsatzen dute ezin dutela haien
herrietan. bertan laster eta erraz lortu telebistaren bitartez ikusten duten europako parabisuzko bizimodu gozatzeko prest-presta.
Herri aberatsen bizi-moduaren erargarritasuna fenomeno unibertsala eta kasik garaitezina da. Badu ondorio politikoa itzela eta herri bat osoa kolokan jar dezake. Urruti joan gabe ene adinekoek ezagutu dugu Iparraldean bertan.
Ezkertiar zentzudunei dagokienez, batez batzuk iritzi-eragile direnei dagokienez, azalezko kritika batzu gora behera eta seguraz ere arrazoi propioengatik, defendatzen dute ekonomia liberalaren imigrazioari buruzko ikuspuntua aitzaki anitzen pean batez ere “arrazizmo”aren kontrako borrokagatik.
Ene ustez gure hausnarketa imigrazio “espontaneo” horren gainean zentratu behar ginuke zeren hau izanen baita beharbada masiboena eta esanguratsuena gure garairako.
Neri zalantzak sortzen ari dizkit ere eztabaida honek .
Eta zalantzaz zalantza, nere elkartasun estua bidali nahi diot Jose Mari Esparza Zabalegi abertzale handiari, jaso duenagatik.
Ari dizkit, kagatzen zara!
Aupa Joxe Mari, guztiz ados hirekin.
Hala da. Berriki ekin dio Herri Gorak udazkeneko kanpainari.
Gaia zer dugu, zure senideen herria? Gaiara itzuli zara, toki ederra izanen da, baina zein zen gure gaia, nola itzuliren gara gaira?
Eta imigrazioa ez du elita kapitalistak bakarrik sustengatzen. Populazioaren parte handi batek ere sustengatzen du, direlako ezkertiar horiek barru.
Izan ere kapitalismo kontsumeristaren garatzerekin batera, bizimodu erosoa ospatzen da nun-nahi eta nehork ez ditu egin nahi lan zailak, gaizki ordainduak, izan industrian, izan artisautzan edo ekonomiako arlo askotan, Horregatik lanpostu asko libre egon arren, langabezia badago sustut lanik gabekoak laguntza erlatiboki altua jasotzen dutenean. Horregatik ere sistemak funtzionatzeko langile berriak abtsotuki inportatu behar ditu.
Imigrazioa hertsiki lotua dago kapitalismo kontsumeristaren funtzionamentuarekin. eta jasotzen du populazio erdiaren sustengua ez bakarrik elita kapitalistarena hemen errana den bezala.
Gainera, Imigrazioa garatuz doa zeren gauko etorkin askok ez dute baitezpada besteek egin nahi ez duten lanak egiteko bokazioa. Langabezia handiagoa omen litzateke etorkinetan besteetan baino. Horregatik logikoki sistemak gero ta gehiago etorkin sarrazi beharko du behar dituen langileak izaiteko.
Azkenean imigrazio masiboa eztabaidan jartzeak suposatuko luke kapitalismo kontsumerista eztabaidan jartzea. Artetik erraiteko euskal identitatearen biziraupenak ere suposatuko luke gizarte kontsumerista eztabaidan jartzea, eta ez eiki bakarrik imigrazioaren ondorioagatik,
Ceharo bat nathor çurequin, Beñat!
Adeitsuqui
Estatu modernoek nahiz elite kapitalistek badakite korrelazio argi bat dagoela herri baten homogeneotasun (etniko, kultural, sozial) mailaren eta bere barne-indarren artean. Homogeneotasunak batasuna errazten du, eta batasunak, berriz, zapalkuntzaren aurkako erresistentzia. Sinplea da. Ondorioz, inmigrazioa (dela ekonomikoa, dela politikoa) zapaltzaileen armarik eraginkorrenetako bat da herrien kolonizazioa ahalbideratzeko, pisu demografikoan eragiteko, barne-indarrak ahultzeko eta, azkenik, herri hori desagerrarazteko. Giza eskubideen diskurtsoak ez du errealitate hori zuritu besterik egiten. Euskal progresiak euskal etnozidioa zuritzen jarraituko giza eskubideen izenean