Urkullu jaunak albisteak ditu

Urkullu jaunak albisteak ditu –

Azken 50 urteko esperientziari kasu eginez ikusten da, nahiz tarteka siglak eta gobernuak aldatu —batzuek eta besteek—, Madrilera begira gaudela. Bai Iruñean, bai Gasteizen, handik inposatzen duten batasun espainiarra gizarteratu nahian batzuk, eta nola etekinak atera besteak. Hori bai, era inteligentean noski. Pozik daude espainiarrak, ez dute beste helbururik, aniztasunaren eta desberdinen arteko gizarte berri bat sortu beharrean gaudela diotenean. Horretarako, eta ildoari jarraituz, gaur egun, eta sekula ez bezala, EAJk Hego Euskal Herriko instituzio nagusi guztiak eskura dituenean, Urkullu jaunak, euskaldunen etorkizuna bermatuko duen proposamen «berria bezain ausarta» aurkeztuko digu.

Urkullu jaunak albisteak ditu
Arg: EAJ-PNV

Nire ustez, lau atal nagusiak agertuko ditu. Lehena, berdinen arteko harremanen aitorpen argia Estatuekin; energia berriztagarrien egitasmo erraldoiak beharrezkoak direla frogatuko dituen ikerketa saihetsezinak bigarren; EAEko lurraldean, egunen batean, etorkizuna erabakitzeko aukera onartuko lukeen espainiar konstituzioaren aldaketa, hirugarren; eta azkenik, erabaki aurrerakoiak gauzatzeko lankidetza eskainiko du.

Sekula ez da urrats luzeagoak emateko garaia. Hori betiko mezu pragmatikoa. Zer esango luke Jesus Insausti Uzturre tolosarrak, gaurko EAJren jarrera ikusiz? Honelako jarrerak ematen die bide demagogiari, Espainiar batasuna aldarrikatzeko.

Hamarkada luzez izandako harreman estuak ekarri gaitu gaurko egoerara. Arrazoi gehiago badaude, baina nagusia bat: betiko eta gaurko kolonizazio espainiarra. Hor arrazoi politikoa eta ekonomikoa lotzen dituen jarrera. Demokrazia usteltzen duen jarrera, kapitalismoaren semerik kuttunena. Honek —orain esandakoak—, ekonomiaren eta politikaren osagarritasuna agerian jartzeaz gain, Euskal Herrian bizi dugun egoera ulertzeko bidea ematen digu.

Nire ustez, Urkullu jaunaren proposamenarekin jarraituz, aipatu nahi dut azken hamarkada hauetan, Ezker Abertzalearen izateak berak, eta bere jokabide luzeak, etengabe jarri duela kolokan EAJren itxura abertzalea, eta agerian bere ekinbide espainiar zalea. Gazteek ez dute orduko berririk —horretarako dago besteak beste Koldo Mitxelena— baina bai beste askok. Bilbon EAJk 1978ko urrian bultzatutako Uso Zurien manifestazio hark agerian jarri zuen jeltzalearen jarrera susmagarria noraino joan zitekeen.

Barrenera begira, egiari aurrez aurre begiratzen badiogu, ez da sumatzen arrazoi handirik sobera harro egoteko, baina ez dut gure burua ezkor ikusten. Berrogeita hamar urte asko izan dira, baina ez alferrikakoak. Horregatik, eta, batez ere, bidean galdu ditugunari errespetuaz, hainbat borroka, ekimen eta sufrimendu ezin ditugu bazterrean utzi eta aurrera jo. Asko eta asko izan dira, eta eskaintzen diguten irakaspenei heldu beharrean gaude,

Urkullurekin jarraituz, esan beharra dago, ez gaude egoera polita bizitzen. Pairatzen ari garen krisi politiko eta ekonomikoak alor guztiak kutsatzen ditu, ez dago ihes egiterik, ia jarrera bakarra da, baina gutxik lotzen dute gaurko egoera larria nagusi den politika neoliberalarekin. Horregatik, sistemaren sustatzaileek, nahiz begi bistakoa izan, ez dute zalantzan jartzen, eta Ukrainan errusiarrak egiten ari direnari leporatzen diote errua. Baina orain Ukrainan sufritzen dutena, lehen Estatu Batuek eraginda, Tripolin eta Bagdaden ikusia dugu, eta —han edo hemen— berriro errepikatuko da. Ez du ezertarako balio batzuek eta besteek zenbat hildako eragin dituzten. Handik etorria edo bertakoa izan, hildakoak beti dira herrikoak.

Urkulluren gobernu kideei aspaldian entzuten diegu ez dagoela beste bide zuzenik, baina egunerokotasunak esandakoa gezurtatzen duenean, gorde egiten dira.

Zubietako erraustegia eraiki dutenek, Zaldibarren gorde ezin izan diren astakeriak babestu dituztenek, Europak txalotutako hondakinen kudeaketa jasangarriaren bidean emandako aurrerapausoak ezerezean baztertu dituztenek.

AHTaren obrak azkartzea eta energia berriztagarrientzako azpiegitura erraldoiak eraikitzea erabaki nahi dutenen, basoak suntsitzen dituztenen ekimen basatiak, larrialdi klimatikoari aurre egiteko tresna egokiak dira? Planetan gehien pozoitzen duenak (AEBak, %30) emandako aholkuak gureganatu behar ditugu? Eskaintzen diguten ikerketak onargarriak dira?

Argi esanda, baduzue sinesgarritasun nahiko, horrelako proposamenak egiteko? Noiztik?

Gehiago luzatu gabe, Lakuatik eskaintzen duzuen lankidetza oso ezaguna dugu: ez bazaude gurekin ados, jakin ezazu, zu gabe aurrera aterako dugula.

Albisteak bai, baina ez hain berriak.

Urkullu jaunak albisteak ditu Urkullu jaunak albisteak ditu Urkullu jaunak albisteak ditu

Etxalartutako donostiarra. Idazlea.