Frankfurten esanak

Frankfurten esanak –

Frankfurt mundu osoan ezaguna da bertan antolatzen diren merkataritza azokengatik (Messen deritzetenak) eta, haien artean, Liburu Azoka (Buchmesse) izaten da garrantzitsuenetariko bat. Aurtengo Liburu Azokako ohorezko gonbidatua Espainiako Erreinua da eta, bere hitzetan, haren literatura unibertsal eta kulturanitz gisa aurkeztu nahi du. “Geratzeko etorri gara” du lelotzat (inbaditzaile samarra berau, baina espainiarrak dira, jakina…). Gaztelaniazko idazleez gain, euskal, katalan eta galiziar idazle batzuk iritsi dira ekitaldi honetara bandera horrekin. Beste batzuek, aldiz, “Beyond Spain” izenburupean antolatutako azoka alternatiboan Espainiaren falazia hori salatu nahi izan dugu. Esan bezala, espainiar literatura unibertsala izan beharrean inbaditzailea baita eta, kulturanitza izan ordez, bakarra bezain uniformizatzailea dugu.

Frankfurten esanak

Aurten ere Antonio Nebrija idazlearen heriotzaren 500. urteurrena da. Haren funtsezko idazlana erromantze herri-hizkuntza bateko lehen gramatika argitaratu zela (1492an), berriz, 530 urte pasatu dira. Aipaturiko datan Errege Katolikoek ezarri zituzten Espainiar Monarkiaren ardatzak, orain arte dirautenak:

Espainiar izaera uniformatu bakarra (juduak kanporatuak eta mahomatarrak garaiturik, Eliza katolikoa izan zen onartutako bakarra eta Inkisizio malapartatuaren bidez behartua), Gaztelaz besteko egitura politikoak ezabatuta orain arte irauten duen zentralizazio burokratiko bakarra, Gaztelaren araberako helburu inperialisten gauzatze bakarra (Atlantikoko Amerikaren konkista eta Europari bizkarra eman) eta hori dena, gaztelera hizkuntza bakarraren bidez trinkotua. Beraz, egun Espainia dena, erresumaren antolaketa, barruko botereen arteko hierarkia nahiz kanpoko konkistak eta kolonizazioak… hastapeneko hizkuntza bakarraren bidez gauzatuz joan da, non hizkuntza ere botere oinarri bihurtu den.

«Espainiako errekonkista» deitu zutenaren amaierarekin batera irabazleen hizkuntza behartu zen, Nebrijak bere liburuaren sarreran idatzi zuenez, «hizkuntza beti izan da inperioaren laguna». Abiapuntua handik hona, gaztelera izan da espainiar nazionalitatea izan dutenentzat behartutako kultur hizkuntza bakarra eta, ondorioz, inguruan beste hizkuntzaren bat izan dugunok ezagutu dugu diakronikoki (gure ikerketen bidez) nahiz sinkronikoki (gure eskarmentuetan oinarriturik) diglosia eta hizkuntza ordezkapena zer diren.

Espainian egindako lehenengo hezkuntza legeak (1857) gaztelera onartu zuen irakaskuntzarako hizkuntza bakartzat, baita hura zabaltzeko, maisu/maistra egitura zentralizatua ere (1902tik aurrera). Tokian tokiko hizkuntzak aintzakotzat ez hartzeko glotofagiako joera honek markatu ditu, bada, bai XX. mendean bai eta daramagun XXI. mende honetan ere espainiar kulturaren garapena orain arte.

Espainiako estatu modernoaren sorreran gaztelaniaren inposizioa funtsezko izan da eta, bereziki, hezkuntza legearen bitartez burutu da. Donostian, esaterako, frankistek 1936ko gerra irabazi zutenean, nazien antzera, liburuak erretzeari ekin zioten. Liburu debekatuen artean euskara/gaztelera hiztegiak zeuden, baina ez zituzten erre euskararen erabilera debekaturik zegoelako, euskara eta gaztelania maila berean jartzen zituztelako baizik.

Frankismoaren ondorengo espainiar Konstituzioak, bere hirugarren artikuluan bidez, Espainiak ez duela sekula onartuko gazteleraren parean egon daitekeen beste hizkuntzarik argi utzi digu. Francoren diktaduraren azken urteetan, guraso eta euskaldun konprometituek eskola klandestinoak edo erdi-legalak sortu zituzten haurrek euskaraz ikasi ahal izateko. Gaur, ordea, argi ere badago, euskararen eta hezkuntzaren askatasun formala izanda ere, hezkuntza sistemak ez duela balio euskaraz bizi ahal izateko; eta, azken batean, ikasleek ikasten dute euskarak pribatuan eta administrazio publikoan baino ez duela balio.

Euskal hezkuntza sistema, bada, estatu zentralen ildotik doa, eta ikasleak Espainiako edo Frantziako herritarrak izateko hezten dira. Bizitza publikoan frantsesa eta gaztelania nagusi dira, komunikabidetan, eta abar. Horrek guztiak eragina du haurren eta gazteen sozializazio ustez elebidunean eta, berarekin batera, hizkuntzaren ordezkapena dakar. Gaur egun euskararen egoera nahiko ondo dagoela pentsa liteke, euskara ez dagoela debekaturik, alegia. Euskaraz hitz egin nahi duenak egin dezakeela, baina ez da horrela… zure lehenengo hizkuntza euskara bada, ezin duzu hizkuntza horretan bizitzan benetan parte hartu eta egunero borrokatu behar dituzu hura erabiltzeko zure eskubideak. Zergatik gertatzen da hori eta nor dago horren atzean? Zergatik jartzen zaizkio mugak euskarari? Azken finean, euskal eskola-sistema ere Espainiako do Frantziako eskola-sistemaren parte delako eta, esan beharra dago, hezkuntza eskumenak edozein unetan kendu daitezkeela, Espainiako Gobernuarentzat urrunegi joaten bada, oraintxe Katalunian gertatzen ari dena gurera ekarriz.

Berrogei urte baino gehiago daramatza euskara debekatu gabe, eta hezkuntza sistemak berrogei urte egin ditu euskara normalizatzeko bidean, baina ezin izan du biztanleriaren euskara ezaguera eta ezta gizarte erabilera ere ziurtatu, egiturazko mendekotasun egoeran gaudelako. Egoera horretan bizi gara euskal herritar asko. Badago, beraz, bizi gatazka nabarmen bat. Gatazka ideologiko edo politikoa dei daitekeena. Hizkuntza batzuk, kultura batzuk, nazio batzuk, besteen gainetik jartzen direnean, gatazka bat dago, menderatze bat.

Funtsezko elementu hau ezkutatzen baldin bada, ordea, ezin da ulertu agertzen diren kultur eztabaida gehienak, ez eta hizkuntzaz edo hezkuntzaz hitz egiten dugunean ere.

“Eskola Publikoa ez da Euskal Herrian behar dugun eskola publikoa” izeneko liburua argitaratu genuen duela hiru urte, eta orduko hausnarketak gaurkoan dirau, alegia, bazterketarik gabe, Euskal Herriak behar duen eskola sistema eraiki ahal izateko denon azalpen kritikoa eta debatearen beharra egon badagoela.

Beraz, berriro diogu, hezkuntzari buruzko lege berri baten premia nabarmena da EAEn, Euskal Herriak behar duen hezkuntzaren arrastora bideratzen lagunduko duena, eta horretan, ez da lubakirik onartu behar, ez lurraldeen artean, ezta sareen artean ere. Bide horretatik ibiltzen abiatzera deliberatzen dutenen artean ez baitago bat bestea baino hobea denik. Areago, ezin da burujabetza politikoaren zain egon behar hizkuntza/hezkuntza arloko eragileen artean sinergiak lantzeko eta jardunen baterakuntzak lortzen joateko.

Hezkuntzaren eta hizkuntzaren arloetan ere autodeterminazioa besterik ez baita bidea. Frankfurteko Azoka alternatiboan aurkeztu dugun “Eskola Publikoa Berria, beharrezko eztabaida” izeneko liburuarekin batera, honetaz guztiaz, eta Espainiaz haratago, ekarpena egin nahi izan dugu.

Frankfurten esanak  Frankfurten esanak  Frankfurten esanak  Frankfurten esanak  Frankfurten esanak

Idazlea. EHU-n eta UEU-n irakasle.