Itaun alferra

Itaun alferra – 

Non du euskarak irauteko aukera gehiago, gurean edo apokalipsi-osteko agertoki batean?

Euskara sustatu nahi den aldiro, euskaraz hitz egiteko arrazoiak bilatzen dira, eta ez erdaraz ez hitz egitekoak. Erdaretarako joera naturalaren iruzurra gure egin dugu eta, ahalegin osoa, euskaraz bizitzeko hautu kontzientera bideratu. Nola irentsi dugu gezur ustel hau?

Alderantzizkoan nago ni, uste baitut erdaretarako joera ditxosoa ez dela batere naturala, uneoro akuilatzen gaituzten tresna arrazoi -eta behar- sortzaileek kitzikatua baizik. Hain dira setatiak eta liluragarriak, ezen arrotzen zaiguna trebantzia-tonu erakargarriz estali eta, ostera, naturalen zaiguna ahalegin gisa nabariarazten baitiguten.

Naturalen zaiguna, diot, euskararen erroei dagokienean baikorra naizelako. Uste dut, erdaren makinariak gure arreta etengabe bahituko ez balu, nahigabe lehenetsiko genukeela euskara oraindik ere.

Horregatik, goiko itaun alferrari erantzun bat emateko, uste dut noizbait Estatuak, hedabideak, erakundeak, hezkuntza, espazio publikoa, streaming plataformak, influentzerrak, idoloak, sare sozialak, kuadrillak, soziedadeak, aste nagusiak, kontzertuak, tabernak, artistak, kultur-eragileak, aktibistak, asanbladak etab. luze bat popatik hartzera joango balira, erdaretara jotzeko arrazoirik eta tresnarik gabe geldituko ginatekela eta, oharkabean, ahaleginik egin gabe akaso, inortxok ere eskatuta, euskarak hartuko gintuela.

Eta, bide batez, balizko ilunaldi ekonomiko, energetiko, mediatiko edo politiko batean amilduko bagina, legebiltzarrak eta Estatutuak, sailburuak, alderdiak, aberriak, futbol taldeak, polizia, osakidetza, ogasunak, industria, banketxeak, ordain-sariak, diru-laguntzak, RGI-a etab. luze bat popatik hartzera joango balira, iruditzen zait ez ginatekela etengabe euskaldun, espainol, frantses ala munduko herritar sentitzera akuilatuak, limurtuak, bortxatuak izango. Eta orduan, nork bizi nahiko luke hemen? Nork jarraitu nahiko luke izaten euskaldun?

Baikorra naiz, euskal herriaren aterabide bakarra kolapsoa dela jakinik dar-dar egin arren.

Itaun alferra