AEBetako herririk txikiena salgai
Buford herrixkan (Wyoming, AEB) pertsona bakarra bizi da, Don Sammons. Semeak herria uztea erabaki zuenetik, Buford AEBetako herririk txikiena da. Orain Sammons da alkatea eta postetxeko, dendako, tabernako eta gasolindegiko jabea. Baina erretiratzear dago eta alkatetza berrirako hautagai eta hautesle faltan, herria salgai jartzea erabaki du.
Buford San Frantzisko eta New Jersey hiriak lotzen dituen errepideko punturik altuenean dago, itsas mailatik 2.400 metrora eta neguan, tenperaturak nekez egiten du zero azpiko 20 gradutik gora. Sammonsek bizilagunekin hitz egin nahi badu, 40 km inguru egin behar ditu gertuen dagoen hirira iristeko: Laramie edo Cheyenne. Dena dela, egunero izaten du norekin hitz egin bere gasolindegian.
1980ko hamarkadan, herritarrek mendebalderantz jo zuten progresoari segika eta momentu horretan iritsi ziren Sammonstarrak Bufordera: Don, emaztea eta semea. Herrixka eta bertako sei eraikinak erosi zituzten lasaitasun bila. Baina 1990ko hamarkadan emaztea zendu zen, eta semeak duela gutxi alde egin du herrixkatik.
Orain Bufordeko alkateak erretiroa hartzea erabaki du eta etxea, postetxea, ikastetxe ohia eta herriko historia salgai jarri ditu horretarako prestatutako webgunean. Interesa baduzu, harekin harremanetan jar zaitezke: sales@bufordtradingpost.com.
Aldiz, gertuagoko beste herri bat erosteko asmoa baduzu, jakin Euskal Autonomia Erkidegoan biztanle urriko zenbait daudela; baina horien hustea zailagoa izango da, ez baitira hain txikiak. Hala ere, esperantza sekula galtzen ez duen horietakoa bazara, hona hemen EAEko herri txikienak (Eustat, 2006):
- Baliarrain (Gipuzkoa): 89 biztanle
- Arakaldo (Bizkaia): 95
- Orexa (Gipuzkoa): 109
- Gaintza (Gipuzkoa): 134
- Altzaga (Gipuzkoa): 153
- Ubide (Bizkaia): 154
- Armiñon (Araba): 157
- Orendain (Gipuzkoa): 170
- Beizama (Gipuzkoa): 171
- Gizaburuaga (Bizkaia): 174
- Gaztelu (Gipuzkoa): 175
- Añana (Araba): 179