Eskolako patioa

Goizetan, logelako errezelak irekitzearekin batera mantal berde,gorri eta larrosaz mozorrotutako  umeak ikusten ditut  eskolako  patioa zeharkatzen. Ateranzko bidean joaten dira, gurasoen besoetatik helduta. Gurasoak taldetxotan batu eta gosariko trending topic-ez aritzen dira: Azken aldian ekonomiarekin eta minbiziarekin zerikusia duten elkarrizketek izaten dute arrakasta gehien. Leihoa ireki eta entzuten diet gizajoa esaten, baina nik izorra dadila aditzen dut. Irtengo da, ziur diotenean ea hileta ez den larunbat batean egokitzen esan nahi dutela iruditzen zait. Umeak, bitartean, hor aritzen dira, urduri, gurasoen besoetatik tiraka, nora joan nahi duten ez dakitela, baina geldi egon ezinik. Speed-agatik izango da. Egun guztia eman behar dute korrika eta presaka, harantz eta honantz, eskolatik irtetean ingelesera, ondoren futbola, bihar trikitia, herenegun bertsoak…Normala da laguntza apur bat behar izatea.

Goizetako hitz aspertuak bozgorailuetatik Oskorriren abesti bat jartzen dutenean bukatzen dira. Eskolara sartzeko abisua da. Aita-semea tabernan daude, ama-alaba jokoan entzunez sartzen dira  eraikin barrura. Egunean hainbat aldiz errepikatzen den errituala da. Jolas-ordua, esaterako,  nik euskaraz, zuk zergatik ez? abestiarekin bukatzen da, hamabiak aldera. Nik ezer gutxi dakit umeen sikologiaz, baina, niri, eguneko momenturik atseginenak,  jolas-ordua bereziki, astean bost egunez, zortzi hilabetez jarraian, abesti batek, euskal abesti batek, izorratuko balit, ez nioke abesti, talde eta hizkuntza horri ezelango estimurik izango. Are gehiago, ziur denboraren poderioz gorrotatzera helduko nintzatekeela. Horregatik, eskolako zuzendaritza batzordeari honako hau proposatzen diot: Il Divo goizetan klasera sartzeko, eta Melendi jolas-orduari amaiera emateko. Inguruan bizi garenok izorratu beharko dugu, baina musika-zaborraren aurkako kanpaina eraginkorra izango delakoan nago.

Etxea alokatu genuenean ohartarazi ziguten bai eskola bizilagun zalapartatsua zela . Orain ere, iluntzear dela, patioa  hutsik dagoen arren , saskibaloi pistaren erdi-erdian lo hartu duen katu beltza salbu, garrasien oihartzuna ez da guztiz desagertu.  Hor dirau, buelta-bueltaka, kaka-euli baten antzera. Ez naiz kexu. Etorkizunak zaratatsua behar du izan, gorrek ere aditu dezaten. Katuak gustura dirudi gainera, egun osoan zehar eguzkiak berotu duen lurraren gainean luze-luze botata.

MARTITZENA 13

5 pentsamendu “Eskolako patioa”-ri buruz