Gure iraganaz eta orainaz harro idazteko beste
Gure iraganaz eta orainaz harro idazteko beste –
Historia da iraganeko gertakarien kontakizuna, eta, oro har, gizateriaren kontakizuna. Historiak berez herri baten eta herritarren nondik norakoa azaltzen du. Baina zehatzago esango nuke, nire ustez historia bera bezain garrantzitsua da kontakizun hori nork egiten duen, nola kontatzen den eta kontakizunean zeri ematen zaion garrantzia. Esan nahi dut, historia berez objektiboa dela, baina kontakizunak subjektibizatu egiten duela besterik gabe gertaera jakin bat modu batera edo bestera kontatzen denean. Eta ukaezina da, bestalde ez dela historia bat eta bakarra existitzen. Historia nagusi hori historia txiki askoz osatuta dagoela, alegia.
Gizateriaren kontakizuna, bada, boteredunak egin du beti, eta nahi izan duen erara egin du narratzaileak. Ez dago historiaren kontakizun objektiborik narratzaileak interes partikularra dituenean tarteko. Dela ideologia, erlijioa, indar militarra, kultura edo hizkuntza desberdina.
Gu euskaldunak garela dakigu erromatarrek, Plinio eta Estrabon historialariek, esaterako, herri bezala gure existentziaren berri eman zutenez geroztik. Euskalerritik ezagutu zuten lehen lurralde horri eman zioten Baskoien (euskaldun) izendapena. Gero Karistioei eta Barduluei ere izena eman zieten eta jakin zuten hizkuntza bera genuela komunikatzeko. Guk ez genekien nor ginen harik eta erromatarrek nor ginen esan ziguten arte, hortaz. Baina izan, baginen, inork baginela esan aurretik ere. Denborarekin zeure buruarekiko konsziente egiten hasten zara eta nor zaren eta zer zaren kontzientzia hartzen duzunetik, badakizu zu bazarela nor munduan.
Guk, euskal herritarrok badugu historiarik, iraganeko kontakizunik egiteko beste gertakizunik. Jakina baietz. Tamalez baina, gure iraganean zehar, salbuespenak salbu (Nafarroako-Euskalerriko erresuma burujabea), beti kontsideratu gaituzte norbaitena, besteren zati edo atal. Ez dugu geure baitakoak izateko aukerarik izan. Ez gara, ez ginen herri boteretsu eta irabazle izan. Beti izan gara galtzaile. Galtzaileekin bat egin dugu, edo irabazleek konkistatu eta asimilatu egin gaituzte. Beti inoren menpeko eta aginduetara. Eta inoiz burua jasotzeko beste ausardia izan dugunean (karlistadaren bat, ETA) eta geure historia bizi eta kontatu nahi izan dugunean, ukatu egin digute errelato hori egiteko eskubidea. Ezarritako sistemaren aurkakoak garelako edota kriminalak garelako aitzakia erabilita. Menpekoek, garaituek, haiek ezarritako sistemaren etsaiek ez dute haien errelatoa idazteko eskubiderik. Errelato on eta bakarra haiena delako. Historia haiek baizik ezin dutelako idatzi.
Historiaren kontakizuna iruzurra da, protagonista orok lehen pertsonan errelatoa kontatzeko eta zabaltzeko aukera eta eskubidea ez duten bitartean. Eta, hortaz, bada garaia, gure historiaren kontakizuna lehen pertsonan idazten hastekoa, herri burujabea izan arte itxaroten egon gaberik.
Gure iraganaz eta orainaz harro idazteko beste
Bikaina, Karlos!
Herri harrotasuna landu behar dugu, konplexu gabe. Gure semealabeei euskaldun izatea zer den erakutsi behar diegu, eta kaletik doazenean ozen eta argi euskaraz hitz egin dezatela esan, gainontzekoek benetako euskaldunak gu garela argi izan dezaten.
Arambururi eta enparauei ez beharko diegu utzi nahi dutena kontatzea (Esan dezadan bidenabar ez dudala bere liburua idatzi ez pelikula ikusi, aski izan zait gure etsaiek nola laudatu eta loriatu duten irakurtzea)
Kaixo Karlos
“gure historiaren kontakizuna lehen pertsonan idazten” hasi behar dugu errepikatzen duzu eta ulertzen dut,zeren gure historia ez baitugu uzten ahal konkistatu digutenen esku artean.
Baina general batek bataila bete betean baditu hiru aukera:
Etsai baten egoeraren ebaluazioa edo bere ofizietariko baten ebaluazioa, (biak euren lehen pertsonan idatziak) edo azkenean aditu militar arrotz baten egoeraren ebaluazioa. hau kasik “inpertsonalatzat” jo ginezakeena zeren arrotz horrek ez du interesik alderdi batean ala bestean.
Zure ustez zein da gure generalarentzat ebaluazio onena bataila irabazteko?
Hau guzia traketski esplikatzeko gure historia “lehen pertsonan idatziz” ekidin behar dugula idaztea gure buruari plazer egiteko eta ahal den neurrian garatu behar dugula hotz et errealista egoiteko gaitasuna.
Historia egiterakoan edo diagnostikoa politika, ene ustez eta seguru naiz gauza bera pentsatzen duzula, gaitasun bera behar dugu, hau da egiaren eta zehaztasunaren gustua. Horregatik kontakizuna edo errelato hitz guretzat erabiltzen ditugularik ( besteek bezala egiteko) deseroso sentitatzen naiz.
Barkatu borta zuretzat jada zabalak idekitzeagatik.
Ez dira gauza berbera errelato nazionala eta historia. Artikulu honetan aipatzen dena ez da historia, errelato nazionala baizik. Eta ados nago, behar-beharrezkoa dugu errelatoa, bere epika eta tragediarekin.
Baina horrek ez du zer ikusirik historiaren azterketa serioarekin.
Errelatoa eta histora, biak garatu behar ditugu gure perspektibatik. Baina ez ditugu nahastu behar. Herri honetan ipun kontalari gehiegi dago, eta historialari gutxiegi. Zorionez, aldatzen ari da gauza.
Hala ere, ipuin kontalarien gremioak tinko eusten dio.
Hustoria zer den imaginatzen dut baina errelatoarekin senez mesfidatzen naiz
Nola nahi duzu jendeak ez dezan nahas errelatoa eta historia? Ala zuretzat errelatoa populuarentzat da eta historia elitarentzat?
Errelatoa da orokorra, gizartean zabaltzen dena, “gauza jakina” dena. Historia da adituek egiten dutena, jakintza bereziarekin.
Adibide bat: Nik ez dakit deus ere biologiaz, baina badakit kolesterola zaintzea komeni dela, bihotzak odola mugiarazten duela, eta arnasa biriken bidez hartzen dela. Zerbait denok dakigu. Baina ez gara gai gaitz baten tratamentu onena zein den esateko. Beraz, adituen esku uzten dugu kontua.
Bada historian antzekoa. Gauza bat da era orokor batean jakitea gure herriaren historia, toki ezagun batzuekin, eta liburu batzuk irakurri izana, eta bestea, euskara irakasle, mediku eta pedagogo batzuek arkeologia afera batean katedra ezarri nahi izatea.
Gure herrian edozein ipuin kontalarik uste du historialaria dela. Eta ditugun erakunde eta sareetan, ipuin kontalariek eta historialariek toki berbera okupatzen dute. Hori ez da sanoa. Ez du zer ikusirik elitismoarekin.
Ba ote! Beharbada biloak xerkatzen ditut arroltze kuskuluaren gainean baina begira ezazu zer erraten duzun errelatoaz azken bi iruzkinetan:
Lehenik
“Baina horrek (errelatoa?) ez du zer ikusirik historiaren azterketa serioarekin.”
Eta gero
“Errelatoa da orokorra, gizartean zabaltzen dena, “gauza jakina” dena.”
Beraz ez banaiz makur bi esaldiak kateatuz odoriozta ginezake: errelatoak gizartean zabaldu beharko lukeela gauza jakina deus ikusteko duena historiaren azterketa serioarekin?Ezta?
Normalean ez zara sekula horrela mintzatzen!
Gaizki azaldu naiz. Historia eta errelatoa bi kontzeptu ezberdin direla esan nahi nuen ikusteko deus ez dutela nioenean, ez inolako loturarik ez dutela elkarren artean. Errelatoa historiaren azterketaren arabera aldatuz doa. Unean uneko tentsio politikoak, ekonomikoak, denak eragiten dio errelatoari.
Hara, ez dago batere argi karistiarrak eta barduliarrak zer demontre ziren. Artikuluak planteatzen digu euskaldunak zirela. Izan daiteke, agian bai, ez dakigu gaur gaurkoz ikerketa dagoen puntuan. Baina maila orokor batean hori zabaltzeak ez du kalte handirik sortzen. Errelatoaren funtzioa ez baita egia jakitea. Errelatoaren helburua politikoa da. “Egia” (edo azken ikerketen araberako egia, nahiago bada) jakin nahi duenak eskura du, liburutegian edo interneten.
Kontua da herri honetan jende gehiegik pentsatzen duela errelatoa historia izan behar dela, eta berak eta bere ehizeko lagunek ondu duten errelatoak historia aztertzen duela.
Eta errelato horrek funtsik ez duela adierazten badu aditu batek, segituan “traizioa” edota, kasu benetan txundigarri, harrigarri eta, sinisgaitza bada ere, garaikidea eta erreala den batean, konspirazio jesuitiko-batikanista bateko kidea izatea egozten da. Historia aztertzearen helburua politikoa dela pentsatzen baitute.
Orai ez da gehiago dudarik, Desadostasun filosofiko puntu bat bederen daukagu. Esaldi honetan kokatuko nuke:
“Baina maila orokor batean hori zabaltzeak ez du kalte handirik sortzen. Errelatoaren funtzioa ez baita egia jakitea. Errelatoaren helburua politikoa da”
Estrapolatuz horrek erran nahi izan ahal luke errelatoaren bitartez gezurra onart dezakegula metodo politikoa bezala. Ez litzatekeela sobera grabea.
Beharrik ez zaitut SWi salatuko.
Adeitasunez
Ba othe!ik ere gaizki azaldu dut ene iritzia.. Sinpleki hitz egieko eta kritika zuzengabekorik gabe, errelatoren kontzepzioan gustatzen ez zaidana da errelatoaren erabilpen politikoa.erdipurdiko egia edo historia bezala. Izan ere zuk nahi ala ez, anitzek errelatoa hartuko dute Ebangelio hitza bezala ( Ebangelioentzat dudan errespetua aparte)edo historia bezala edo zehazkiago droga bezala. Eta guk drogaturik ez ginuke behar. Milesker enekin hausnartu eta eztabaidatu nahi izanagatik.
Gezurra zabaltzea ez da onargarria inoiz. Baina argi ez dagoenaren interpretazioa, edota errelatoak hutsune horiek betetzea, beste gauza bat da. Ez daude maila berean karistiarrak euskaldunak zirela esatea, edota Iruña-Veleiak euskalduntze berantiarraren teoria suntsitzen duela esatea.
Onartzen dut muga fina dela.
Bai muga sobera fina ere da ez izaiteko eskuarki eta zeharkatua.
Kaixo, Karlos
Lehenengo, zorionak artikuluagatik eta adeitasuna gero, bihotz eta senatik egina baitago zure hausnarketa. Bejondeizula.
Historia gauza guztiz zientifikoa eta ihardetsi ezina balitz, uraren konposizioren formula esaterako, historia liburu bakarra nahikoa litzateke humanitate guztirako. Historia, ordea, ezberdin kontatzen dute gaztelar konkistatzaileek eta mexikar historialari konkistatuak. Zergatik ote?
Oso ondo ulertzen da, ulertu nahi duenak, esaten duzunean “(Bada garaia) gure historiaren kontakizuna lehen pertsonan idazten hastekoa”. Esan nahi baita, badela garaia zein (herri-edo) subjektu historikoaren ikuspegitik egingo dugun geuk geure historiaren kontakizuna. Gertakariak hor daude, gertatu dira/ziren, baina ez dute berdin interpretatuko gaztelarrek eta mexikarrek.
Hispania sortu omen zen zeltak eta iberiarrak bat egin eta zeltiberiarrek penintsula osoa populatu zutenean. Animaliako errelatoa!
Gutaz berriz diote “Baskoi, bardulo, karistio…” eta ez dakit zenbat tribu, ez dakigu zein hizkuntzaz mintzo zirenak elkarrekin beti borrokan ari zirenak eta ezdeus zirenak, desagertuak leudeke franko-espainiarrak haien lurraldea inbaditu izan ez balute. Alfonso VIII. gaztelakoa esaterako. Hau ere, animaliako errelatoa.
Geuk, euskaldunok, historiaren subjektu garela eta antzinatik gaurdaino etenik gabe lurralde zabal hau (hau, zein den beste batean deskribatuko dut nahi baduzue) kudeatu dugun herritarrok geure historia geure subjektutasunatik kontatzeko eskubidea ez ezik, konpromisoa hartu behar dugula ozenki aldarrikatzen dugu.