Euskarazko hedabideak eta jabetza intelektuala

Euskarazko hedabideak eta jabetza intelektuala –

“Eztabaida dago edukien partekatzeaz”, eta gaiari buruzko erreportajea landu du
Argia aldizkarian
Xabier Letonak.

Euskarazko hedabideak eta jabetza intelektuala

Jabetza intelektuala beti da garrantzitsua, sarri arazo iturri ere bai, eta horregatik mundu osoan ondo araututa dagoen esparrua da. Merkatua jaun eta jabe, eta salerostea eta lehia horren garrantzitsua den kapitalismoan, jabetza intelektuala batez ere copyright zigiluarekin babesten da. Munduko sorkuntza gehiena zigilu horren pean sortzen eta gizarteratzen da. Baina dena ez, molde horri kontrajarriz, gero eta gehiagok konpartitu nahi baitute sortzen dutena, eta ondorioz, herritarrak eta taldeak hasi ziren ekoizten copyleft filosofiarekin; horregatik joan dira hedatzen Creative Commons lizentziak. Euskal hedabideen ekoizpena nola partekatzen dugun aztertu dugu erreportaje honetan.

Natura ez den gainerako guztia norbaitek sortutakoa da. Sormena giltzarri da eta, beraz, arazotsua ere bai, hainbat erpinetakoa, eta euskal hedabideak ere ez dira salbuespen horretan. Aurreratuko diogu irakurleari, gai hau une honetan beroa dela euskarazko komunikabideen artean, sentibera, kontuz jardutekoa. ARGIA horren jakitun da gaiari heltzean; lerro hauen gainean hitzak josten dituen kazetariak badaki esparrua arantzatsua dela, ziztadaren bat ere jaso izan du eta haren arrangura aditzen du oraindik. Hala ere, gure hizkuntzaren eta edukien zabalkundeaz ari gara, partekatzeaz eta elkarlanaz, eta hori bera bada aski motibagarria uretara jauzi egin eta lizentzien alorrean publikoki murgiltzeko. Ohi legez, batetik, horrek eztabaida sustatzen du eta, bestetik, irakurleak merezi du jakitea.

Etxe barruan 2010eko urtarrilean hasi ginen Argia-ko kazetarion lana Creative Commons lizentziapean jartzen (CC by-sa), eta ireki genuen prozesu bat kolaboratzaileekin aldaketa azaltzeko eta oniritzia lortzeko. 2012ko abenduan ekoizpen osoa aipatu lizentziapean genuen. Zera esan nahi du honek: edonork kopiatu, partekatu eta moldatu ditzakeela Argia-ren edukiak, baita komertzialki erabili ere, baldin eta aipatzen badu egiletza, hau da, hedabidea eta kazetaria, eta duen lizentzia berarekin zabaltzen badu. Lehenago ez zuen zigilurik edo bestelako oharrik erabiltzen, baina horrek esan nahi du copyright lizentzia erabiltzen dela, edozelako edukiak berrerabili eta partekatzeko egun dagoen murritzena. Hala ere, argiakideak biziki pozten ziren norbaitek erredakziora deitu eta halako artikulua erabiltzeko baimena eskatzen zuenean.

Aurreratuko diogu irakurleari, gai hau une honetan beroa dela euskarazko komunikabideen artean, sentibera, kontuz jardutekoa. ARGIA horren jakitun da gaiari heltzean”

Azken hiruzpalau hamarkadetan, ordea, eta batez ere interneten etorrerarekin, edukiak erabiltzeko eta zabaltzeko aukera esponentzialki areagotu da, partekatzeko kultura bereziki handitu, eta horren adibide esanguratsuenetakoa Wikipedia da, eduki irekien gainean modu kolaboratiboan eraikitako entziklopedia unibertsala. Horrekin jabetuta, beraz, edonork eduki grafikoak edo idatzizkoak hartzeagatik poztea ez zela nahikoa iritzi zioten Argia-n eta lizentzia aldaketaren urratsa eman zuten, edonor gure edukiak berrerabiltzera eta kopiatzera bultzatzeko asmoz, hori aldizkariarentzat eta euskarazko edukien zabalkunderako onuragarria izango zelakoan. Lander Arbelaitz aldizkariko kazetariak oroitzen duenez, “bultzada hartan, gu geu ere hasi ginen zuzenean Wikipedia elikatzen Argia-ko edukiekin. Aldizkariko Pertsonaia elkarrizketan bagenuen Nortasun agiria atala, eta horiekin entziklopedian Euskal Herriko pertsonaia piloaren artikuluak sortu genituen”.

Euskarazko hedabideak eta jabetza intelektuala

.

Sustatu aitzindari

Etxekoa aipatu da lehenik, horren berri ematea delako samurrena kazetari honentzat, baita lizentzia irekien erabileran Euskal Herrian Argia lehenetarikoa izan zelako ere. Gaur egun, euskarazko gehienek lizentzia irekia dute; eta erdarazko gehienek itxia. Datu hori ere hor dago. Baina astekariaren aurretik izan zen aitzindaririk euskarazko edukiak irekian plazaratzen. 2000.ean CodeSyntax informatika enpresa sortu zuten Eibartarrak posta-zerrendaren bueltan ari ziren hiru lagunek eta 2001ean, Goiena-rekin batera, Sustatu ataria sortu zuten, hasieratik lizentzia irekia erabili zuena.

Luistxo Fernandez Argia-tik eta Euskaldunon Egunkaria-tik zetorren kazetaria izan zen CodeSyntaxen sortzaileetakoa eta Sustatu-ren lehen editorea. Gaur egun ere zeregin horretan ari da, eta horrek posizio ederra eskaintzen dio euskal hedabideen lorratza jarraitzeko: “Orduan nahiko berria zen software librean hasi ginen CodeSyntax-en, eta hari horretatik, ez dut gogoratzen zehatz-mehatz noiz baina nahiko laster, Sustatu-ko edukiekin irekian jarraitu genuen. Software librea orduan ez zen oso onartua, baina handik 20 urtera nahiko hedatua dago puntako teknologietan”.

Edukien alorrean, halaber, Susa argitaletxeak ehundutako Armiarma ataria ere lizentzia irekiarekin egiten zen 2000ko hamarraldian, euskal munduan kontu horiez inor gutxi arduratzen zenean. Eta euskarazko Wikipediak ere irekian eman zituen lehen urratsak 2001ean.

Entziklopediarentzat, gainera, eduki irekiak ezinbestekoak dira, wikilarien lanetik haragoko materiala erabiltzekotan, ezinbestez lizentzia irekikoa izan behar baitu. Luistxo Fernandezen ustez, “Wikipedia da eduki libreen adibide onena, eta euskaraz dugun proiektu txukunenetakoa. Euskarak daukan eskalarako gure Wikipediaren posizioa nahiko nabarmena da. Beraz, Wikipedia ere eduki libreen arrakasta da”.

.

Wikipediako talaia

Galder Gonzalez wikilari ezaguna da, hamabost urtetik gora daramatza Wikipedia elikatzen, eta berea talaia onenetakoa da Euskal Herrian kultura irekia nola garatu den behatzeko. Haren esanetan, azken bi hamarkadetan eduki libreen kulturak gora egin du oro har, baina geldiuneak ere izan dira. Wikipedian batez ere irudiak jasotzen dituzte esparru irekietatik, ez horrenbeste testuak. “Hedabideetako testuen estiloa ez da Wikipediak behar duena, eta moldaketa lan handia egin behar da; hala ere, batzuetan ongi datoz, hala nola elkarrizketa edo biografietan”. Bere ustez, Euskal Herrian nahiko panorama ona dugu irekiarekiko: “Une batean Jaurlaritzak dirulaguntzen deialdian saritu zuen lizentzia irekiak erabiltzea, eta agian horrek ere eragin zuen hedabide askok irekira jauzi egitea. Edozein kasutan, oraindik topa ditzakezu Hitza batzuk lizentzia irekiarekin eta beste batzuk ez”.

Galder Gonzalezen esanetan, azken bi hamarkadetan eduki libreen kulturak gora egin du oro har, baina geldiuneak ere izan dira. Wikipedian batez ere irudiak jasotzen dituzte esparru irekietatik, ez horrenbeste testuak

Instituzioen esparruan ere aurrerapauso handiak izan direla ikusten du Gonzalezek, bereziki haien eguneroko jardunean –Jaurlaritzaren Irekia, adibidez–, edo museo eta fototeketan: “Baina desberdintasun handiak daude haien artean, esaterako, Gipuzkoatik Bizkaira. Gipuzkoa nahiko eredu ona da alde horretatik”. Erakunde publikoekin hainbatetan material historikoekin dituzte arazoak: “Materiala beste mende batzuetakoa bada domeinu publikoan egon beharko litzateke, eta sarri lizentzia itxiarekin dago. Edozein kasutan, badirudi gero eta garbiago dagoela diru publikoarekin finantzatzen dena irekian egon beharko litzatekeela”. Eta zientzia argitalpenetan ere urratsak eman direla dio, ez horrenbeste testuetan, baina bai datuen erabileran: “Datuak gaur egun lizentzia irekiarekin jarri behar direlako, beste ikerlariek ere erabil ditzaten”.

Luistxo Fernandezek ere ikusten ditu gorabeherak instituzioen esparruan eta aipatzen du El Diario Vasco-n  duela gutxi jubilatu den Fernando Postigo argazkilariaren kasua: “Hark San Telmo museoari eman zion bere argazki funtsa, baina museoak ez du librean jarri. Ulertezina da. Kontrara, Indalecio Ojanguren XX. mendeko argazkilariaren fondoa Gipuzkoako Diputazioan dago eta dena librean”.

Euskarazko hedabideak eta jabetza intelektuala

.

Lehen arazoak

Argia-k ere, partekatzearen kultura horren testuinguruan bideratu zituen lizentzia berrien lehen urratsak, eta bertako kazetariek pozez ikusi zuten nola hurrengo urteetan lizentzia irekiek bidea zabaltzen zuten euskarazko hedabideen artean, hasi Tokikom elkarteko hedabideetatik eta Berria-raino. Lizentzia aldaketa horietan eragin handia izan zuen Eusko Jaurlaritzak dirulaguntzetan molde hori saritu izanak. Jaurlaritzaren neurriak izan zituen bere argi-itzalak: eduki librearen kulturari bultzada handia eman zion moduan, horrek ez zuen ekarri hedabide askotan gaiaz sakon hitz egitea, eta eduki libreekin lan egiteak zer dakarren ulertzea.

Horren ondorioz, hainbatetan entzun behar izan du Argia-k edukiak “lapurtzen” dituela, edo “guri jakinarazi gabe kopiatu” duzuela, “kostatu zaigunarekin egitea, gero zuek hartu eta di-da batean zabaldu?”, “ez diozue txikiari handitzen uzten”… Edo lizentziaren bihurkina gehiegi estutzen ari garela: “cc-by-sa lizentziak egokia dirudi bihurkina apurtzen ez den bitartean”, zioen Iban Aranzabal Tokikomeko lehendakariak bere blogean iragan irailean.

Bereziki azken hiruzpalau urteetan, Argia-k arazoak izan ditu CC by-sa lizentzia duten hainbat komunikabiderekin, edukiak normaltasunez erabili izan dituelako aldizkarian edo webgunean

Agian, prozesu horren unerik gorena eta gogorrena bizi izan zen 2021eko irail horretan, Argia-k Aiurri-ko elkarrizketa bat zabaldu zuenean. Horri erantzuten zion, halaber, aipatu berri den Aranzabalen artikuluak ere. Aferak ukitutako hedabideentzat eta pertsonentzat arras mingarria izan zen kalapita, eta gurean bederen urtebete pasatu behar izan da gaiari buruz publikoki lasaiago jarduteko. Argia-n badakite gai beroa dela, baina, aldi berean, publikoki ere jorratu behar dela uste dute. Tokikom elkarteari ere eskaini diogu erreportaje honetan parte hartzea, baina ez du nahi izan. Uste dute gaiak hedabideen arteko sukalde lana behar duela eta lehenik Hekimenen (herri ekimeneko hedabideen elkartea) hitz egin behar dela.

Argia-ko zuzendaritzako kide Urko Apaolazak azaldu digunez, “une gogorra izan zen hura eta bizitakoaren ondorioz, legeak, lizentziak eta, gure ustez moralak ere bai, gu egiten ari ginena guztiz babesten bazuten ere, erabaki genuen ez zuela merezi lizentzien arabera aritu nahi ez dutenekin edukirik partekatzea”. Eduki libreek hedabideen arteko elkarlanerako bidea irekitzen dutela dio Apaolazak, kultura kolaboratiboa bultzatzen dutela, “baina batzuek hala ikusten ez badute, gu ez gara horretan tematuko. Ondorioz, dakigunean hedabideren batek ez duela nahi Argia-k  haien edukirik osorik kopiatzea eta zabaltzea, ez dugu egiten eta kito. Ez da ezer gertatzen. Hori bai, adierazi behar dugu CC by-sa lizentzia izan eta beretik hartzeagatik haserretzen dena elkarbanatzearen kultura nolabait desitxuratzen ari dela, norberak bere edukiak irekian jartzen dituenean, ezin baitu erabaki ‘honentzat bai eta honentzat ez’, denentzat izan behar du berdin”.

Euskarazko hedabideak eta jabetza intelektuala

.

Hekimenen mintzagai

Hekimenen baitan birritan behintzat hitz egin da gaiaz ofizialki, bietan elkarteko hedabideetako kazetarien artean. 2018-19an bi bilera bederen egin ziren. Luze hitz egin zen gaiaz, baina muinera joz, hedabide gehienek ez zuten ongi ikusten gure edukiak osorik zabaltzea, Argia-k proposatzen zuen bezala. Ez zen hitz egin irudien partekatzeaz, baina argazki batekin, esaterako, nekez egin daiteke halakorik.

Hedabideek duten posizioa desberdina izan arren, inork ezin du mundu mailako lizentzia hauen esanahia distortsionatu. Horregatik, harrez geroztik, hedabide bakoitzak bere posizioarekin jarraitu du lanean lizentzien gaiarekin

Argia-ren posizioa honakoa izan zen: hori ondo egon liteke, baina ez du zerikusirik lizentzia irekiak duen potentzialitatearekin. Hedabideek duten posizioa desberdina izan arren, inork ezin du mundu mailako lizentzia hauen esanahia distortsionatu. Horregatik, harrez geroztik, hedabide bakoitzak bere posizioarekin jarraitu du lanean lizentzien gaiarekin. Hurrengoan, pentsatzekoa da berandu baino lehen, hedabideetako zuzendaritzen artean landuko dute gaia Hekimenen.

Argia-ren erredakzioan diotenez, oro har badakite zer erabili dezaketen eta zer ez, “baina batzuetan ez da guztiz argia ere –zehazten du Arbelaitzek–, lizentziak esaten baitizu ‘aurrera, jaso eta zabaldu eduki hau’, eta guk, lizentzia irekia izan arren, jakin behar dugu nork nahi duen zabaltzea eta nork ez. Urteetan horri eustea ez da beti erraza izan. Horregatik da horren garrantzitsua lizentzia, gorri edo berde adierazten dizun semaforoa. Guk asko hitz egin dugu gaiaz, bereziki erredakzioan, eta pozarren gaude edonork gure edukiak lizentzien arabera jasotzen eta erabiltzen dituenean”.

Hekimeneko bilera bat sortu berritan, Martin Ugalde kultur parkean.

.

Arrakastaren aurpegia

Baina dena ez da arazo, askoz gehiago da isilean arrakastaz partekatzen dena, eta Argia-k lizentzia irekiak dituzten hedabide askoren edukiak zabaltzen ditu inongo arazorik gabe, orain albiste, gero erreportajea eta hurrengoan ikus-entzunekoa. El SaltoLa DirectaVilawebRoar MagazineSin PermisoCtxtOpen DemocracyPikara MagazineArainfoAhotsa.infoHala BediEuskalerria IrratiaAiaraldeaZuZeuDantzanAldaElhuyar eta The Conversation-eko edukiak maiz erabili dituzte Argia-n eta, haietako batzuek Argia-koak ere bai.

Lander Arbelaitz: “Lehia baino gure arteko elkarlana sustatzeko balio digu, zabalkundean irabazten du informazioak”

Arbelaitzek garatzen du egindakoaren zentzua: “Lehia baino gure arteko elkarlana sustatzeko balio digu, zabalkundean irabazten du informazioak. Zertarako eman denbora bi hedabidetan albiste bera egiten? Gainera, gurea moduko hizkuntza txiki batean, gure oihartzuna biderkatzen dugu horrela, baliabide urriak optimizatuz. Denbora edo lan hori balia liteke bi pieza egiteko, eta horrela irakurleak ez du albiste bera bitan jasoko, baizik eta bi pieza elkarren osagarri”. Apaolazak amaitzen du azalpena: “Gauza askotan ezinbestean bereizten gara hedabideak, normala da, desberdinak gara, baina beste batzuetan gauza berdintsuak egiten ditugu. Beraz, baliabideak eta denbora ere aurrezten dira. Energiaren ikuspuntutik begiratuta ere, ekologikoagoa da”, dio Apaolazak.

Luistxo Fernandezi ere galdetu diogu gai arantzatsuaz: “Euskaraz ekoizten den asko gaur egun kopiagarria da, nahiz eta batzuetan, dakizun bezala, ulermen arazoak badauden. Agian batzuetan jarri dira lizentzia libreak diru-laguntzengatik edo itxura ona ematen duelako, baina gero ez da ulertzen esan nahi duena. Ez da ulertzen kopiatzeko eta erreproduzitzeko baimen emate bat dela, eduki bat lizentzia librean dagoenean ez dela baimenik eskatu behar. Hezkuntza falta da gaiaz eta harritzekoa da nola batzuetan ez den eduki libreen literalitatea ulertzen. Azalduta dago, baina ezjakintasun handia dago oraindik, eta nire ustez, erredakzio bateko langileak jakin behar du lizentzia libreek zer ondorio dituzten”.

Luistxo Fernandez: “Harritzekoa da nola batzuetan ez den eduki libreen literalitatea ulertzen. Azalduta dago, baina ezjakintasun handia dago oraindik, eta nire ustez, erredakzio bateko langileak jakin behar du lizentzia libreek zer ondorio dituzten”

.

“Estilo kontua”

Martxelo Otamendi Berria-ko zuzendariaren iritzia ere bildu dugu, egunkari hori baita, euskaraz eduki idatzi gehien ekoizten duen komunikabidea. Ez da alperrik euskal prentsaren bandera-ontzia. “Guk egunkaria egiten dugu jendeak irakur dezan, horregatik ez diogu giltzarik jartzen gure webguneari. Eta CC lizentziapean dugu jendeak edukiak erabil ditzan”. CC by-sa lizentzia du Berria-k, eta horrekin beste edozein mediok bere edukiak osorik erabil ditzakeela badaki, “baina estilo kontua ere bada, eta inon idatzi gabeko hedabideon akordio baten arabera, hobesten dugu titulua, paragrafo bat edo bi jarri, eta ondoren landu duen medioaren lotura jartzea, irakurleak nahi badu han irakurtzen jarrai dezan”. Aitortzen du egunkarian ez dutela gaia formalki landu: “Kazetari eskola dugu eta hor era askotako gaiak jorratu ditugu, baina hori ez. Eman didazu ideia bat hurrengoan lantzeko”.

Jose Luis Aizpuru Ipar Euskal Herriko Euskal Irratietako koordinatzailea da, federazioa osatzen duten irratietan ofizialki ez dituzte edukiak irekian, baina filosofia horrekin dihardute: “Arrosa irratiaren bidez partekatzen ditugu edukiak. Webgunetik ere hainbat hedabidek hartzen ditu gure edukiak, batzuek baimena eskatzen digute, baina gehienek ez. Gure filosofia da iturria aipatzea aski zaigula. Lan handia dago emankizunen atzean, horregatik haiek nork egin dituen aipatzea oso garrantzitsua da”. Irratian, bestalde, ez dira gehiegi aritu eduki irekien gaiaz.

Sortaldera jo, Iruñean barna murgildu, eta Donibane auzoko Irrintzi Dorrera iritsi gara. Handik igortzen ditu bere uhinak Iruñerriko euskaldunentzat ezinbestekoa den Euskalerria Irratiak. Baina haren oihartzunak aise hedatzen dira Iruñerritik harago ere, ez baita alferrik ari Hiri Buruzagitik. CC  by-sa lizentzia du eta Argia-k bederen hainbatetan barreiatu ditu haren webguneko albisteak. Juan Kruz Lakasta irratiko koordinatzaileari luzatu diogu galdera. Zergatik duzue CC by-sa lizentzia? “Internet aurreko garaietan jada hala funtzionatzen genuelako: konexio-deskonexio sistema Euskadi Irratiarekin, kronika eta bestelako eduki trukeak Nafarroako zein Euskal Herri osoko irratiekin, beste hedabideetako kazetarien kolaborazioak gure saioetan… Euskalerria Irratia komunitarioa da. Komunitatetik, komunitatearekin, komunitatearentzat sortzen du. Nekez hauta genezakeen beste lizentzia bat”.

Hekimeneko eta euskal erakundeetako ordezkariak akordio baten berri eman ondoren. (Argazkia: Tokikom)

.

Denbora faktorea

Gustuko dute besteek Euskalerria Irratiko edukiak hartzea, baina orain arte erreportajean atera gabeko ertza plazaratzen du Lakastak. Webguneko edukiak denbora batera hartzea eskatzen dute, nahiz eta lizentziek ez dioten ezer horri buruz: “Erran nahi baita, gustatzen zaigula gure edukiak birzabaldu behar dituen hedabideak gure edukiari arnasa hartzeko tartea uztea gure webgunean. Ez birzabaltzea sortu ahala”. Irratiko kazetarien artean hainbatetan hitz egin dute lizentzien gaiaz, eta norbaitek kolaboratzaile baten lanen bat erabili nahi badu, beti harekin mintzatu dira lehenik. Bere ustez, “dagoeneko hedabideen arteko elkarlanerako tresna da edukien partekatzea, alor digitalean eta bestelakoetan. Argia-rekin eta beste hainbat hedabiderekin!”.

Ikusten da hedabideen artean hitz egin ahala gehiago errespetatzen direla bakoitzaren nahiak. Hala ere, ez dute denek iritzi bera aipatutako denboraren faktoreaz. Arbelaitzek dio euskal hedabideak ez dituela konpetentziatzat hartzen eta bere ametsa dela, “erreportaje edo elkarrizketa bat argitaratu, eta beste hedabideek unean bertan zabaltzea, nazioarteko berri agentziek egunero milaka hedabiderekin egiten duten bezala, beren agenda ezarriz. Hori da eragitea!”.

Lizentzia eta edukien bidezidorretan barna ari garela, komeni da aipatzea EITBren izena ere atera dela, eta batzuek aipatu dute ez dela ulergarria hedabide publikoan dena copyright izatea

Lizentzia eta edukien bidezidorretan barna ari garela, komeni da aipatzea EITBren izena ere atera dela, eta batzuek aipatu dute ez dela ulergarria hedabide publikoan dena copyright izatea. Edozein kasutan, gaurkoan bederen ez diogu kosk egingo opil handi horri. Zorionez, garrantzitsuena dago mahaiaren gainean: gaur egun inoiz baino euskarazko kazetaritza eduki gehiago ekoizten da, geroz eta gehiago partekatzen da, eta euskal hedabideek inoiz baino irakurle eta ikus-entzule gehiago dituzte. Primerako lehengaia da elkarren artean patxadaz hitz egiteko ikuspegiez eta estrategiez eta, nahi izatekotan, eman beharreko urratsak adosteko, erdarazko medioak nagusi diren panoraman denon artean gehiago eragiteko.

.

* Erreportaje honekin batera doa honako lkarrizketa hau: 
Ion Turrillas: “Askoren artean beti lortuko dira emaitza hobeagoak”

Euskarazko hedabideak eta jabetza intelektuala Euskarazko hedabideak eta jabetza intelektuala Euskarazko hedabideak eta jabetza intelektuala Euskarazko hedabideak eta jabetza intelektuala Euskarazko hedabideak eta jabetza intelektuala Euskarazko hedabideak eta jabetza intelektuala

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.