Jaungoikotxiki
Jaungoikotxiki –
Euskal Gaizkileak podcastak Euskal Herrian gertatutako krimenak fikzionatu eta narrazio moldean zabaltzen ditu, eta bere osagai garrantzitsuenetako bat hizpide den krimenari buruzko kantua da. Kasu askotan belaunaldiz belaunaldi iritsi dira guregana abesti horiek; beste batzuetan bertso paperak ailegatu dira, eta guk musikatu; gainontzekoetan ez da ez bata eta ez bestea iritsi, eta horrelakoetan kantuak sortzeko eskatu diegu zenbait musikariri.
“Jaungoikotxiki, mairu gipuzkoarra” Euskal Gaizkileak serieko hamargarren atala izan zen, eta bertan Errenteriako Jaungoikotxikiren historia kontatzen da, 1870. urte inguruan familia behartsu batean jaio eta bizitza zaila egokitu zitzaion mutiko batena, azkenerako labana amen batean ateratzeko motibo askorik behar ez zuena.
Pello Zabaleta bertsolari errenteriarrak Jaungoikotxikiren historia kontatzen zuen bertso sorta plazaratu zuen 1963an, eta estreinekoz musikatu du Arkaitz Miner herrikideak.
Jaungoiko-txiki” izengoitiya
eldu zitzaion aurretik,
ez-izen onek segitzen ziyon
biurriya izanagatik;
gizarajua aitaren faltan
gelditua zan gaztetik,
lurraldi ontan egun bat onik
etzuan izan geroztik.
Aitak urkatu bere burua,
ama alargun gelditu,
familiyako etorkizunak
ezin litezke kontatu,
ume txikiya azi bear ta
zer egin eziñ pensatu,
ama gaixoa azkenerako
ara zerta zan beartu.
Ama eskian asi zitzaion
biziyari kontutzeko,
zer edo arta mugitu bear
izango bazan jateko;
laguntzallerik etzedukaten,
asko burla egiteko,
ori bakarra naikua ez al da
ijeniyua txartzeko?
Mutil-kozkortu zan garayian
kalera ateratzen asi,
arlote xamar jazten zalako
danak ondotik igesi;
farra ta burla beste gauzikan
etzun egiten ikusi,
gizarajua orra nondikan
nora zuten gaiztorazi.
Amak eskian biltzen zuena
ezer askorikan etzen,
mutil kozkor oi erdi gosian
etzan gustora ibiltzen;
ikusten zuen gauzetatikan
litxerkeriyan asi zen…
orduan ura zuzendutzeko
askoren bearrik etzen.
Litxerkeriyan oitu zanian
lapurrerira jo zuan,
ajolik gabe bildur gutxikin
zernai gauz egiten zuan,
len burla egiten ziyoten danak
beldurraz jarri zituan,
labaña luze zorrotz-zorrotz bat
berekin ibiltzen zuan.
Batzuen farrak, bestien burlak
ezin zituen sufritu,
ijeniyua txartu zitzaion,
biyotza berriz gogortu;
andik aurrera arekin broman
eziñ ziteken jostatu,
edozeiñ moduz itz egitera
ez argana iñguratu.
Lan-tokiyan e etzun izaten
jostatzeko gogorikan,
miseriyakin gizatxartua,
etzedukan besterikan;
an e batekin aserretu zan
ezer gutxirengatikan,
ez bat eta ez bi or sartu diyo
labaña sabeletikan.
Orduan preso eraman zuten
beldurtutziagatikan,
bear ainbeste zigortutzeko
ezteukan edaderikan;
nonbait e orrek anparatuta
askatzen zuten andikan,
bañan alare etzuen uzten
lengo oitura txarrikan.
Beste txasko bat izandu zuten
Donostiyako partian:
arlote xamar jantzita zegon
sagardoteri batian,
zerbait laguntza egin bear ta
burlaka aldamenian,
agindu ziyon ixildutzeko
jarri baño len txarrian.
“Nerekin daukat lanikan asko,
utzi zaidazu pakian,
edo bestela bertan ilko at
lendabiziko kolpian”.
Orduan eta burla geiago
erronka egin nayian,
or sartu diyo labain zorrotz bat
bularraren erdiyian.
An ziran danak zutitu ziran,
danak beldurrak aidian,
Jaungoiko-txikik an utzi zuen
gizarajua lurrian;
Donostiyatik abiyatu zan
San Fernandoren kotxian,
iñork etziyon kasorik egin
Errenterira artian.
Miseriya ta burla ta farrak
zeuzkan burura iyuak,
txikitan ortik txartu zan eta
gero ziraden kontuak;
arri re azkar eragin zizkau
ixildutzeko moduak,
gizarajuai kendu zizkiyon
berriketako goguak.
Errenteriyan eldu ziyoten
okerrak aitortutzeko,
Jangoiko-txikik egin zuena
etzedukan ukatzeko:
“Nola ez dedan beste erropik
nik soñian jantzitzeko,
arrek etzeukan arrazoirikan
neri burla egiteko”.
Donostiyara zamatelarik
mikeletiak aurrian,
iru jauntxo burla ta farrez
zeuden bide-baztarrian;
Jangoiko-txikik gelditu eta
begiratu zorrotzian:
“Desaidi oiek aztuko dira
urrena natorrenian”.
Iru jauntxuak bildurtu ziran
aren begiratuakin:
“Gaur edo biyar etortzen bada
ez dek izango atsegin,
gaur egin digun desafiyu oi
ibilliko dik berekin,
bada-ezpada pensa dezagun
aldez aurretik zer egin”.
Presondegira eraman zuten
Donostiyatikan Ceuta,
an ere joka asi zaizkiyon
argala idurituta:
artutzen zitun ziorkadakin
zeukan burua lotuta,
kartzelerua or garbitu du
puñal luze bat sartuta.
Garai arretan Españiyakin
gerran asi zan morua,
an ilko zuten asmuarekin
aurrera zan bialdua;
Jangoiko-txiki pobria bañan
etzan burutik tontua,
azkar egin du beste aldera
igarotzeko modua.
Moruetara igaro zan da
an etzuten gaizki artu,
azkarra eta listua zala
nonbait zuten ezagutu:
umil da leial jokatzen zuen,
asko zitzaien gustatu,
ango jauntxuak morrontzarako
bera zuten izendatu.
Ango jantziya eman ziyoten
emengua kendurikan,
oien morrontza egiten zuen
gustora eta pozikan;
pake santuan an bizitu zan,
arentzat etzan gerrikan,
Jangokiko-txikik etsiko zuan
etorri gabe andikan.
Emengo mutil asko zeukaten
moruak preso artua,
Jangoiko-txikik oik ikusteko
izaten zuen gogua;
mesede asko egiten ziyen,
etzeukan biyotz galdua,
beragatikan deitzen ziyoten
moro gipuzkuanua.
Gerra bukatu zan garayian
zan presuaren trukera,
Jangoiko-txikik etorri bear
ostera bere lurrera;
Ango jauntxuak emenguari
egiñ ziyoten galdera:
Onuntz ekarko zutela bañon
arri bizirik uztera.
Or ezagun da Jangoiko-txiki
etzala gaizki portatu,
ango jauntxuak mutil oberik
ez omen zuten topatu;
aik bazakiten bazedukala
iltzeko aña pekatu,
beragatikan nai izan zuten
eriyotzatik libratu.
Eriyotzatik libratu zuten
Españira etortzeko,
mesede ori egiñ ziyoten
ondo portatu zalako;
Cartagena’ra ekarri zuten
presondegiyan sartzeko,
etzuen pasa denbora asko
andikan ateratzeko.
Cartagena’tik Errenterira
amasei egun birian,
or ezagun da Jangoiko-txiki
etzala sartu trenian:
pauso geienak eskian eta
lotan bide-baztarrian,
gizarajua etzan aserre
onuntz etorri zanian.
Bere txokora allegatu zan
andikan abiyatuta,
Jangoiko-txiki etzan gelditu
bide oietan galduta;
Errenteriyan iru jauntxo
zauden beldurrak artuta,
Ameriketa biali zuten
diru puska bat bilduta.
Ameriketa juan zitzaigun
Jaun Zerukuen graziyan,
zer lasaitasun ark utzi zuen
Errenteriko erriyan!
Danak beldurrez egoten ziran
ura zebillen tokiyan,
jeniyo onik ez du izaten
bizi danak miseriyan.
Jangoiko-txikik Ameriketan
topatu zuen zerua,
lana egiñez umildadian
irabazten zun dirua;
lur-aldi aitan izandu zuen
gizarte obiagua,
nai ordurako etzuen utzi
emen zeukan infernua.
Infernutikan zerura joan zen
gure Jangoiko-txikiya,
tormentu asko igaro ondoren
zerbait zeukan mereziya;
beti-betiko aldegin zigun
utzirik Errenteriya,
urte batzuek gozatutzeko
izandu zuen graziya.
Jangoiko-txiki izengoitiya,
ez det esan nai izenik,
aren razikan bizi balitza
eniyoke eman nai penik;
gonmertituta Ameriketa
juan ziñaden emendik,
Chile aldian bukatu ziñan
azken arnasak emanik”.
Arkaitz Miner (Errenteria, 1976). Musikaria, bakarka aritzeaz gain beste hamaika musikarirekin kolaboratzen, eta biolin irakaslea ere bada. Hasiera batean Alaitz eta Maider, Tapia eta Leturia, Imuntzo eta Beloki, Hiru Truku taldeetan gitarrista eta biolin jotzaile gisa aritu zen, baita Mikel Markez, Petti eta Ruper Ordorikarekin ere, besteak beste.
2012an Juan Arriolarekin disko bat kaleratu zuen, Hariari tiraka. Bertan arrabita, biola, gitarra, mandolina, zapatak eta ttunttuna jo zituen. 2014an Esan diskoa atera zuen, ahotsa, gitarra akustikoa, gitarra elektrikoa, biolina, biola, mandolina eta koruak eginez.
Aitzina folk taldeko kidea da, eta bi disko plazaratu dituzte: Suitian eta Kosinatik kanberalat.
Diskografia
- Hariari tiraka (2012, autoekoizpena)
- Esan (2014, autoekoizpena)