[Kafe Aleak] Ruper Ordorika “Haizea Garizumakoa”
[Kafe Aleak] Ruper Ordorika “Haizea Garizumakoa” –
.
Ruper Ordorika
“Haizea garizumakoa“ (Elkar, 2009)
.
Ona ahazten da baina lehenago txarra.
ETXEA: Eguerdietako ordu beroetan sofa zaharrean luze besarkatua, etxean nengoela sentitzen nuen. Metrora bidean, zulorantz, eskailera mekanikoetan estu besarkatua, etxean nengoela sentitzen nuen. Poza, hasi berriak ez direnen poza sentituaz; babesa, hasi berriak ez direnen babesa sentituaz. Egin dezagun kantuan goxoki, egin dezagun kantuan goxoki…
GILTZA: Behin, aurrerantzean besarkatuko ez ninduzula esan zenidan eta nire etxeareen jabegoa oparitu nizunez, etxerik gabe gelditu nintzen. Balio zenbaki infinitua eman nizun, zuk zenuen giltza, zuk zenuen dena. Eta banaketaren istripua eta gero, lan bakar batean okupatu nintzen: Konprenitu nahian elkarmin honen gakoa, konprenitu nahian konprenitu ezin daitekeena.
LEIHOA: Bai, bihotzeko lagun deitzen ninduzun. Ixil-ixilik, pasatzen naizenean zure leihopetik, atea ez duzu zabalik. Orain, gero eta urrunago dago, gero eta txikiagoa da, izan ginenaren oihartzuna. Non da orain lehengo berba goxoa? Oihartzun da egun, bihotzeko lagun.
BOTILA: Ezertan asmatu ez dugun bost lagun elkartu ginen eta horrexegatik, ezertan asmatu ez dugulako, erabaki genuen lagunak ginela, lagun zaharrak, betirako lagunak. Eta botila zabaldu eta garraxi egin genion momentuari, garraxi egin genion garizumako haizeari: jainkoari esker, elkarrekin gara…
MASUSTAK: Soilik dira onartuak amaiera goxoko istorioak, soilik dira onartuak amaiera goxoko istorioak, soilik dira onartuak amaiera goxoko istorioak… Barruko negua kanpoko udaberriak estaltzen du, hotza berotu egiten da. Ahazten ditut egin beharrekoak eta imajinatzen dut masustak janez izango garela, bidean, amaiera goxoko istorioan.
ZAPATAK: Larrunpeko bordan zapatak jantzi, barrenak eta bihotzak irauli, eta pausoa aurrera eman nahian, hara eta hona nabil. Gauez, herria begien aurre-aurrean dugularik, ate ondoan jarrita atera didazu argazkia, silueta baino ez zait ikusten, baina beltzez dagoen hori ni naiz eta zapatak jantziak ditut. Hemen nago, hemen nabil.
ERLOJUA: Denbora hatz zikinduen tartetik ihesi doa, zenbat galdu dudan baino, zergatik ez zenbat irabazi dudan? Melinda? ala Melinda? Zoriontsu naizdlako galdu dudana gogoratzean, testutxo hau zuretzako da, adiskidea, ondo bizi.
URA: Doazela errekan barrena gizakiaren minak, ur gazitara, doazela itsasora, osatzera, doazela, badoazela!
ENTSALADA: Zorioneko deritzon moilan eguzkia hartu eta goxoki dendan entsalada jaten genuen. Dena, goxoki denda, entsalada, moila… apurtu zen arte.
MAPA: Bidegurutzearen erdian, ezkerrera, eskumara, aurrera, atzera… norabiderik gabe sentitzean, tribu nomada bateko biztanlea izan nahi dut, puntu konkretuetara baino leku egokietara joaten dakien horietakoa; botilarekin topa eginez, lagunekin topo eginez. Lasai, soseguz. Joan lasai, joan soseguz, haizea lagun da aldaketan.
ABESTIA: Bihar hemen ez bazina egongo zer egingo zenuke gaur? Adibidez, bihar ez banintz, gaur luze besarkatu, etxezko giltza nire poltsikoan dagoela esan eta irribarrez llévame al río abestuko nizuke, adibidez. Orduak motelegi doaz ahaztu nahi duenarentzat…
MIKEL: Non entzungo ote da orain ahotsa zilarrezkoa? Maitatua sobera, nintzelarik haurra, belarrira esan zenidan tzoria zenuela maite. Es el destino: piedra y camino, eta bidean… lanbroa… eta ikusi ditut izkutuko nere barrukan bizten diren bazter miresgarriak. Gora, gora ta gora ette txiki bihotz ahuletan, buztinezkoetan, diren bazter miresgarriak!
Ikimilikiliklik!
Oihana Garro (1979, Arrastate) Musikazalea
“Kafe aleak” liburua erosteko
[Kafe Aleak] Ruper Ordorika “Haizea Garizumakoa”