Urtanta aurkeztu dute, mendia, itsasoa eta musika uztartzen dituen jaialdia

Urtanta aurkeztu dute, mendia, itsasoa eta musika uztartzen dituen jaialdia –

Uztailaren 22tik 24ra mendiak, itsasoak eta mugak musikaz blaituko ditu Urtantak, Pasaiatik Azkainera, Hondarribitik eta Beratik pasata. Hiru egunetako mendi ibilaldiarekin batera, sei musika emanaldi, festa giroko ekitaldi ugari, erakusketak eta beste hainbat sorpresa eskainiko ditu. Horietako bat izango da Elkano Itsas Herria ekimenaren Elkanoren patatxa-ontziaren erreplikaren lehorretaratzea.

Urtanta aurkeztu dute, mendia, itsasoa eta musika uztartzen dituen jaialdiaJaialdiaren antolakuntzan Urmuga Elkartea eta Elkano Fundazioa lankidetzan aritu dira, Mendiak eta Herriak mendi gida taldea eta Et Incarnatus orkestrarekin batera. Asteon aurkeztu dute, Jaizkibel mendian bertan, elkarlan horren emaitza den Urtanta jaialdia. Bertan izan dira Migel Zeberio eta Felipe Uriarte Urmuga Elkarteko kideak, Ion Irurtzun Elkano Fundazioko kidea, Iker Goiria Gipuzkoako Foru Aldundiaren Turismo Zuzendaria, Jean-Louis Fournier Azkaingo auzapeza eta Juan Luis Silanes Hondarribiko Kultura eta Ingurumen zinegotzia. Aurkezpenaren amaieran Et Incarnatus Orkestra eta Leturiaren emanaldia eskaini dute, aperitibo gisa. 

.

Magia eta artista ugari musika emanaldi ezin bereziagoetan

Urmugaren filosofiari jarraituz, Urtantak musika eta natura uztartzearen magia eskainiko du. Uztailaren 22an, goizean goiz abiatuko da mendi ibilaldia eta Pasai San Pedrotik Pasai Donibanera txalupan pasako dira. Bertan, zain izango du Ur Harizko laukotea, Urtantako lehen musika emanaldia izango denean. Jaizkibelerantz egingo dute gero, baina ez dira bakarrik joango: haiek mendian diren bitartean, Elkanoren Patatxak itsasoz jarraituko die, eta Artzuportu hondartza zoragarrian lehorreratuko da. Ondoren, 18:00etan musika emanaldi berezian elkartuko dira denak, Jaizkibel mendiaren Erentzin itsaslabar ikusgarrian, Bioznar lurmutur gainean. Kantariak Leire Letu eta Kristina Aranzabe kantuan, eta Urtanta Banda lagun, kide hauek osatuta:  Iñaki Dieguez (akordeoia), Bixente Martinez (gitarrak), Igor Telletxea (bateria), Gorka Benitez (saxoa),Koldo uriarte (teklatuak), Iñigo Telletxea (bateria) eta Leturia (panderoa).

Amaitutakoan, Mendizaleen Bibaka eginen dute, eta horrela amaituko da Urtantaren lehen eguna. Hiru egunetan izango denaren aurrerapena: uztailaren 23an Hondarribian eta uztailaren 24an Azkainen egun osoko festa eta emanaldiak izango dira (Atxikia duzue egitaraua). Bertan ariko dira Et Incarnatus Orkestra, Donostiako Orfeoia, Petti, Xabi Solano, Leturia, Estitxu Pinatxo, Miren Narbaiza, Ttan Harizko Laukotea eta festa giroko taldeak: Jarauta 69 Fanfarrea, Baigorriko Gaiteroak, Errobiko Joaldunak, Trikitxaga Musika Taldea, Azkaingo Ikasleak Dantza Taldea,

Kurrunka Kantariak eta Murgi Taldeak.

.

 Urtanta: Elkarlan baten emaitza 

Elkano Fundazioak lehen mundubiraren gertakarian oinarrituta, Elkanoren garaiko kultura eta izaera ezagutzeko eta gizarteratzeko lanak egin ditu, eta hori Elkano Itsas Herria proiektuan gorpuztu du, Albaola eta Euskal Itsas Museoarekin elkarlanean. Urmuga ekimenak, aldi berean, lurraldearen bizkar-hezurra den ur muga ertza oinez jarraituz, horren inguruko zelai, baso, mendi muino eta herrixkak musikaz eta kulturaz bustitzen ditu. Honela, Elkano Fundazioa eta Urmuga, bat besteari begira jarri, eta batu egin dira Urtanta sortuz. Filosofia bereko proiektuak saretu dira, beraz, ekimen honetan. 

Horiekin batera, babesle eta laguntzaile ugari ditu Urtanta ekimenak. Hauek aipagarrienak: Berria, Laskorain Ikastola, Basaizea, Baigorriko Gaiteroak, EKE, Hazi, Unsi, Txomin Parrilla, La Rhune Euskal Mendia, Vumeter soinu estudioa, Kontrol Ikus-Entzunezkoak, Euskarabidea, Euskal Sagardoa, Insalus, Olabe eta hainbat herri erakunde: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia Gipuzkoa Turismoa, Akitania Berria Euroeskualdea, Pasaiako, Hondarribiko, Berako eta Azkaingo Udalak. 

Urtanta aurkeztu dute, mendia, itsasoa eta musika uztartzen dituen jaialdia

Urtanta aurkeztu dute, mendia, itsasoa eta musika uztartzen dituen jaialdia