Alonso Ertzilla eta araukanoak

Alonso Ertzilla eta araukanoak –

XVI. mende hasieratik europarrek, espainiarrek hastapenetan eta frantsesek, ingelesek, portugaldarrek eta holandesek berantago, Amerikako lurralde zabalen konkistatzeari eta kolonizatzeari ekin zioten. Jende basak ziren, urre-goseak, bihozgabe eta odolzale izugarriak, Amerika osoa odol putzu batean murgildu zutenak. Banan-banan erori ziren Amerikako herri, inperio eta kultura guztiak inbasoreen indarkeriari ezin eutsiz. Krudelak eta ankerrak ziren, soldaduak eta apaizak, ezpatak eta gurutzeak…, eta era guztietako torturak, hilketak eta sarraskiak eginez, amerikar populazioa esklabo bilakatu zuten, euren anbizioen eta europar sistema politiko-ekonomikoen gatibu. Genozidio ikaragarri handi baten garaia izan zen.

Alonso Ertzilla eta araukanoak
Llaima sumendia, Maputxeen lurraldean. Arg: Cristhian Berrios

1.- Nor dira araukanoak

XVI. mendean, inbasore espainiarrek, Hego Amerika zabalean, gaur Txile eta Argentina deitzen dugun lurraldeetan, sartzean, bertan bizi zen herri maputxea topatu zuten. Ehiza eta baratzea ziren maputxeen elikagai iturri nagusiak eta maputxez (mapudungun mintzaira) mintzatzen ziren. Iparraldeko maputxeak inka inperioaren menpean edota eraginpean ziren, eta aipatu inperioa erortzean, espainiarren menpera pasatu ziren.; baina hEgoaldekoak, Maule ibaitik beherakoak (Arauko ibarra edo Araukania deitu lurraldean bizi ziren maputxeak), biziki gerlari onak ziren eta aurre egin zieten espainiarrei. Inbasoreek eramandako zaldiak ezagutu, bere egin, eta gerlarako arma ezin hobe gisa erabili zuten. Araukako gerrak 236 urte iraun zuen, 1536tik 1772ra.

Diego de Almandro eta Pedro de Valdivia izan ziren lehen buruzagi espainiarrak araukanoei eraso egin zietenak, eta gatazkak eta guduak ugariak izan ziren Araukaniako lurretan; eta Lautaro, Kaupolikan, Millalelmo, Loble eta beste batzuk izan ziren espainiarren kontrako borroka heroika gidatu zuten buruzagi araukanoak.

XIX. mendeko hastapenetan Txilek eta Argentinak independentzia aldarrikatu zuten eta espainiarrek alde egin behar izan zuten Hego Amerikako lurralde horietatik. Mende horren bukaera aldean, txiletarrek eta argentinarrek araukanoen kontrako gerlak eta sarraskiak antolatu zituzten, Araukania osoa errepublika sortu berrien menpe ezarriz. Lurrak ebatsi zizkieten eta jatorrizko araukanoak hego aldeko erreserba modukoetan sartu zituzten. Halabeharrez, araukanoak laborantzatik bizitzera pasatu behar izan ziren. Azken garai hauetan, epaitegietara jo dute maiz lapurtutako lurrak berreskuratzeko asmoz, baina orain arte, bederen, guztiz alferrikakoak izan dira saio guztiak. Gaurko maputxeak bazterketan eta pobrezian bizi dira, beren lurraldean, bigarren mailako pertsonak bailiran.

Alonso Ertzilla eta araukanoak

2.- Alonso Ertzilla Zuñigaren nondik norakoak

Alonso Ertzilla Zuñiga Madrilen jaio zen 1533ko abuztuaren 7an, eta gurasoak, Fortun Gartzia Ertzillako eta Leonor Zuñiga bizkaitarrak ziren, Bermeo herrikoak. Bost anai-arrebetan, Alonso ttikiena zen. Aitaren aldetik umezurtz gelditu zelarik, ama gortean sartu zen erreginaren zerbitzuko, eta Alonso gortean hazi eta hezi zen. 21 urterekin Txilera abiatu zen, Garcia Hurtado de Mendoza gobernadore berriaren zerbitzari gisa eta hantxe ezagutu zituen araukanoen matxinadak eta gatazkarik garrantzitsuenak. Espainiarrek Kaupolikan buruzagi araukanoa preso hartu eta pika batean iltzaturik hil zutela, Alonso Ertzilla gaztea lekuko izan zen, eta beren herriaren askatasunaren alde borrokatzen ziren gizon haien adoreaz gatibaturik, hamazazpi kantuz osaturiko Araukana izeneko olerki-liburu ederra idatzi zuen.

Hogeita laugarren kantuan, Kaupolikanek honela erraiten dio pikan hil behar duen Reynoso kapitain espainiarrari: (Euskarazko moldapena nirea da)

 

Alonso Ertzilla eta araukanoak
Alonso Ertzilla Zuñiga

 

Kaupolikan nauzu, Araukaniako jauna,

gerlari araukanoen buruzagi nagusia.

Bakea eta gerra nire eskura daude,

ni bainaiz horretarako hautatua izan naizena.

 

Nik hil nuen Valdivia Tucapelon,

nik erraustu nuen Puren,

eta ni nauzu Penco lur jota utzi zuena.

Zorigaitzez gaur preso naukazu.

 

Nire borroka zilegi izan da,

utzi mendekua eta barka idazu bizia.

Haatik, nire heriotza jadanik erabaki baduzu,

hil nazazu lehenbailehen.

 

Ez ezazula pentsa, hemen hiltzen nauzulako

araukanoen artean ez dela beste buruzagirik izango,

hamaika Kaupolikan gehiago altxatuko dira

eta zuen aurkako gerla gidatuko dute

 

Barkatzea gizonen gauza da,

mendekua ez da gizalegezkoa.

Nire heriotzarekin bake aukera guztiak

aldenduko dituzu betiko.

 

Bazter ezazu mendeku grina,,

preso naukazu zure oinetan,

gizatasunaren deia entzun,

ni hilik ez duzu deus irabaziko!

 

Baina espainiarrek, inolako gizatasunik gabe, Kaupolikan, araukanoen buruzagi adoretsua erail zuten. Hortik aitzina gatazkak, matxinadak eta era guztietako bortizkeriak etengabean errepikatu ziren.  Artikulu labur hau izan dadila Kaupolikan, Lautaro eta gainerako gerlari araukanoen oroigarri.  Gora Araukaniako heroiak!!!

Alonso Ertzilla eta araukanoak  Alonso Ertzilla eta araukanoak  Alonso Ertzilla eta araukanoak

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Zer duzu buruan “Alonso Ertzilla eta araukanoak”-ri buruz

  • Zeinen gaiztoak “espainiarrak”, indioak horrela hiltzen… Baina begiratzen jarrita, Kaupolikan atxilo eraman zuen kapitaina Abendaño abizeneko tipo bat zen. Ercillak bere poema idatzi ostean, Arauko-ko gerrekin jarraitu zuten Txileko Gobernadore Martin Oñatz de Loiola azpeitiarrak eta Martin Ruiz de Gamboa durangarrak. 100 urte beranduago, gerra berean ibili zen Txileko Gobernadore Martin de Mujica y Buitron ordiziarra.
    Zeinen gaiztoak eta genozidak ziren “espainiarrak”…
    Eta artikuluan ez da aipatzen, baina gure Ercilla soldadu izan zen García Hurtado de Mendozaren ejertzitoan, eta hiru borrokalditan parte hartu zuen. Hau da, “egile zuzen”, eta ez “lekuko soil”.