[Simone Weil] Erroztamendua XXI
[Simone Weil] Erroztamendua XXI –
Erroztamendua (XXI. bidalketa)
Justizia ezabaezina baldinbada gizonaren bihotzean, orduan justiziak errealitatea dauka mundu honetan. Eta zientzia da makur.
Ez zientzia, baina zientzia modernoa zehatz mintzatzeko. Izan ere greziarrek bazuten zientzia bat gure zientziaren oinarria izan dena. Haien zientzia horrek barnebiltzen zituen arithmetika, geometria, modu propioan zeukan algebra bat, astronomia, mekanika, fisika, biologia. Naturalki, ordurako metatutako ezagutza kantitatea oraikoa baino askoz tipiagoa zen. Baina ezpiritu zientifikoari dagokionez, guretzat daukan esan nahian, eta gure begietan balio duten irizpideen arabera, zientzia horrek gurea balio zuen baita gainditzen zuen ere. Zuzenagoa ere zen, zehatzagoa, zorrotzagoa. Izan ere, demostrazioaren eta metodo esperimentalaren erabilerak, bata eta bestea, argitasun perfektuan kontzebitzen zituzten.
Egia hau ez baldinbada eskuarki aitortua, arrazoia da gaia bera ez dela guti baizik ezagutua. Bokazio berezi batek ez badu bultzatzen, jende gutik izanen gaurko zientziaren giroan zientzia grekoa gauza gaurkoa eta bizia dela. Baina hau egin dutena ez dute zailtasunik ukan egia ezagutzeko.
Gaur berrogei urtetik hurbiltzen ari den matematikarien belaunaldiak aitortu du, matematikaren garapenean izpiritu zientifikoaren ahulaldi luze baten ondoren, grekoen metodo kasik berdineeri esker jakintsuentzat ezinbestekoa den zorroztasuna alderako itzultzea egiten ari dela .
Zientzia geziarrak ez badu aplikazio tekniko anitz sortu, arrazoia da jakintsu greziarrek horiek sortu nahi ez zituztelako. Izan ere, jende horiek, biziki atzeratuak omen ziren gurekin alderatuta, duela hogeita bost mendeko jende batzuez pentsa genezakeen bezala, baina egia erraiteko konkistatzaileek eta tiranoek inbentzio teknikok erabil zitzaketeela beldurra zuten. Horregatik, inbentzio teknikoak, kopuru ahal bezain handian, publikoari entregatu beharrean edo gehien ordaintzen zuenari saldu beharrean, erabateko segeretuan atxikitzen zituzten eta batzutan inbentzioak jostatzeko ere egiten zituzten; eta seguraz ere jakintsun horiek pobre gelditzen ziren. Baina behin batez, Arkimedek jakinduria teknikoa bere patria defenditzeko erabili zuen. Berak pertsonalki erabili zuen, inolako segereturik inori salatu gabe. Gaur, egin zuen inbentzio miresgarrien kontakizuna, parte handi batean oraindik ulertezina da guretzat. Hain ongi asmatu zuen inbentzioa nun Erromatarrak ez ziren Sirakusen sartu ahal izan trahizio erdi baten prezioan baizik.
Alta, zientzia hori, gurea bezain zientifikoa zena edo gehiago, ez zen batere materialista. Gehiago dena, ez zen azterketa profano bat. Grekoek zientzia begiratzen zuten azterketa erligiosoa bezala.
Erromatarrek Arkimede erahil zuten. Geroxago Erromatarrek Grezia erahil zuten Alemanek Frantzia erahilen zuten bezala, Ingalaterra egongo ez balitz. Zientzia greziarra desagertu zen osoki. Zibilizazio erromatarrean zientzia horretaz deus ez zen gelditu. Horren oroitzapena ertaroari transmititua izan bazitzaion, pentsamolde gnostikoari esker egin zen, iniziazioetako ingurunetan. Kasu zehatz horretan, iduri du ez zela kontserbatze bat baizik izan, ez eta jarraipen sortzaile bat, beharbada alkimian izan ezik, zeinaren gainean hain guti ezagutzen baitugu.
Zer nahi den, arlo publikoan, zientzia greziarra ez zen berpiztu XVI. mendearen hasieran baizik (data-hutsik ezbadut egiten) Italian eta Frantzian. Baina orduan biziki laster hedapen harrigarria egin zuen eta inbadiatu zuen Europa guziaren bizitza. Gaur gu guzion pentsamendu, ohitura, erreakzio eta portaera kasik guziek zientziaren izpiritua edo haren aplikazioek inprimitutako marka bat dakarte. Hau partikulazki egia da intelektualentzat, nahiz ez diren «zientifiko» deitzen ditugunak eta are egiagoa da langileentzat zeinek beren bizitza guzia zientziaren aplikazioek eraturiko unibertso artifizial batean daramaten.
Baina ipuin batzutan bezala, kasik bi mila urteko letargia baten buruan iratzarririko zientzia hori ez zen gehiago lehenagoko zientzia bera. Aldatu egin zuten. Beste bat zen, eta edozein sentimentu erlijiosoarekin bateraezina.
[Simone Weil] Erroztamendua XXI