Istanbulgo Biurtekoko eta Art Jameel erakundeko komisarioek Euskadira bisita egin dute bertako artearen testuingurua lehen eskutik ezagutzeko

Istanbulgo Biurtekoko eta Art Jameel erakundeko komisarioek Euskadira bisita egin dute bertako artearen testuingurua lehen eskutik ezagutzeko –

Euskal sorkuntza garaikidearen nazioarteko proiekzioa sustatu eta bertako eta nazioarteko testuinguru artistikoaren arteko loturak ezartzea helburu duen ZABAL proiektuaren baitan izan dira gonbidatuak.

Egonaldian zehar artista, sortzaile, museo, sorkuntza gune eta arte erakundeak ezagutuko dituzte.

Istanbulgo Biurtekoko eta Art Jameel erakundeko komisarioek Euskadira bisita egin dute bertako artearen testuingurua lehen eskutik ezagutzekoDavid Teh eta Rahul Gudipudi, Istanbulgo Biurtekoko eta Art Jameel erakundeko komisarioak, hurrenez hurren, Euskadi bisitatzen ari dira egunotan, ZABAL programaren baitan, proiektu, eragile, eredu eta praktika artistikoak bertatik bertara ezagutzeko; bereziki beren lan-ildoak eta aztertu nahi dituzten kontzeptuak aktibatzeko gaitasuna dutenak. Prentsa-gosari batean parte hartu dute biek, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larrazarekin batera. Bertan, bisitaren arrazoiak azaldu dituzte, baita bere interes esparruak ere.

David Teh uztailaren 12tik 15era izango da Euskadin, eta erregionalismoaren –zentzu zabal eta inklusiboan- eta artearekin duen loturaren inguruan hausnarketa egiten duten artista eta curator-ak ezagutuko ditu. Bere interesa arte esperimentalaren eta literaturaren arteko elkarguneetan ere kokatzen da.

Teh Australiarra da jaiotzez eta Singapurren bizi da. Irailaren 17tik azaroaren 20ra egingo den Istanbulgo Biurtekoko komisarioetako bat da, Ute Meta Bauer eta Amar Kanwarrekin batera. Komisario taldeak honela deskribatzen du aurtengo edizioa: “Fruitu gozo eta helduz betetako zuhaitz handi baten ordez, biurteko honek txorien hegaldiaz ikasi nahi du, behien gainezka zeuden itsasoez, berritze- eta nutrizio-lurraren kimika motelaz. Baliteke bilera handirik ez egotea, une eta leku jakin batean antolatutako bilerarik ez egotea; aldiz, sakabanatze handia izan liteke, hartzidura ikusezina. Haien hariak elkartu egingo dira, baina biderkatu eta dibergitu egingo dira, erritmo desberdinetan, han-hemenka gurutzatuz, baina amaiera zaratatsurik gabe, azken korapilorik gabe. Hasi aurretik has daiteke, eta amaitu eta askoz geroago jarraitu”.

Istanbulgo Biurtekoa garrantzi handiko ekitaldi artistikoa da, kulturen arteko elkarrizketan sakontzen duena eta arte garaikideari sorkuntza-bide berriak irekitzen dizkiona. 1987az geroztik, Turkiako arte eszeniko eta ikusizkoentzako erakusleihorik handiena da. Haien ahaleginak funtsezkoak izan dira herrialde horretan irteera artistiko eta kultural berriek gora egin dezaten, eta nazioarteko lankidetzarako plataforma bat ere eskaini dute.

Bestalde, Rahul Gudipudi, Art Jameel-eko komisarioak, arte publikoko proiektuekin lan egiten duten eta beren praktiketan natura eta komunitateak integratzen dituzten artistengan du interesa. Nekazaritza, klima-krisia, elikadura-sistemak, uraren eskubideak, lurraren subiranotasuna, gobernantza, landatartasuna, praktika kolektiboak edo indigenen ezagutza-sistemak dira uztailaren 11tik 15era bitarteko egonaldian aztertu nahi dituen gaietako batzuk.

Art Jameel Arabiar Emirerri Batuetan eta Saudi Arabian egoitza duen nazioarteko arte erakunde independentea da, eta artistei eta komunitate sortzaileei laguntzen die. Bere programak – erakusketen, batzordeen, ikerketaren, ikaskuntzaren eta komunitate-eraikuntzaren bidez – artea ulertzeko modu dinamikoan oinarritzen dira; bizitzarako ezinbestekoa den eta pertsona guztientzat irisgarria izan behar duen elementu gisa.

.

Programa ZABAL

Etxepare Euskal Institutuak 2019. urtean jarri zuen martxan ZABAL programa euskal sorkuntza garaikidearen nazioarteko proiekzioa bultzatu, euskal eta nazioarteko arte testuinguruen artean loturak ezarri, eta nazioarteko arte erakusketa garrantzitsuenekin lankidetza ildoak garatzeko helburuz.

Sortzaileen, profesionalen, eragileen eta tokiko erakundeen arteko epe luzeko trukea eta lankidetza sustatzen eta errazten duten nazioarteko sareak garatu ahal izateko, nazioarteko komisario, arte kritikari eta museo zuzendariak gonbidatzen ditu Institutuak, euskal artistekin harreman zuzena ezartzeko eta euren programetan txertatzeko 

Proiektua aurrera eramateko, tokiko eta nazioarteko arte garaikidearen inguruko proiektuen kudeaketan lan egiten duen Artingeniumekin egiten du lan Institutuak, Lourdes Fernández buru duen arte bulegoarena, hain zuzen.

Ruth Estévez, Bienal São Pauloko komisarioa, izan zen lehen gonbidatua 2019an. Ruangrupa kolektiboak jarraitu zion, Documenta Fifteeneko zuzendari artistikoak. Pandemiak eragindako geldialdiaren ondoren, programak Marina Otero Shanghaiko Biurtekoko komisarioaren bisitarekin jarraitu zuen, 2021ean.

Ekimenak lehen fruituak eman ditu: Consonni argitaletxe eta kultur gune independenteak Documenta Fifteenen erakusketan parte hartzen du eta June Cresporen lanak Veneziako Bienalean daude ikusgai.

Istanbulgo Biurtekoko eta Art Jameel erakundeko komisarioek Euskadira bisita egin dute bertako artearen testuingurua lehen eskutik ezagutzeko