Saizarbitoria: «Euskara jada ez da euskaldun egiten gaituena; askorentzat oposizioetan puntuak ematen dituen hizkuntza da»
Saizarbitoria –
Iñigo Astizek BERRIAn.
Ramon Saizarbitoriaren ‘Martutene’ eleberriaren irakurraldi publikoa egingo dute hurrengo asteazkenean Bilboko Arriaga antzokian, eta euskarari eta euskal literaturari buruzko bere kezken berri eman du idazleak saioaren aurkezpenean
«Estatistikek diotenez, sekula ez da hainbeste jende izan euskara jakin, eta erabiltzen ez duena». Itxuraz aurkezpen formal eta instituzionala izatekoa zena, euskararen eta euskal literaturaren erronkei buruzko 11 minutuko konpendio bilakatu du gaur Ramon Saizarbitoria idazleak (1944, Donostia). Bilbo Zaharra euskaltegiak euskal literaturako klasiko baten irakurraldi publikoa antolatzen du urtero, 2008az geroztik, eta Martutene eleberria hautatu dute aurtengo saiorako. Guztira, 200 pertsona baino gehiago bilduko dira hurrengo asteazkenean Bilboko Arriaga antzokian, bakoitza liburuko pasarte txiki bat irakurtzera, eta digitalki hartuko dute parte beste 300 pertsona inguruk. Eta, hain justu, saio hori aurkezteko antolatutako prentsaurrekoan eman du Saizarbitoriak bere kezken berri. «Euskaldunen artean gazteleraz aritzeko tabua erortzen ari da, ustez normalak garelako, kontzientzia linguistikoa galtzen ari garelako, errazago zaigulako, geure burua erreprimitzeaz nekatuta gaudelako».
Lotsa eta errua hartu ditu mintzagai hasieran. «Nobela guztietan izaten da beti nobelagileak bereziki maite duen pasarteren bat, lortzen duelako sentipen edo esperientzia bat biltzea». Eta, Martutene-ren kasuan, Martin izeneko pertsonaiak idatzitako kontakizunarena da Saizarbitoriarentzat berezia den pasarte hori. Faustino Iturbe da kontakizun horren protagonista; euskara eta euskal literatur irakaslea da bera, eta ikasleen artean, badu ETAk hilko duen polizia baten alaba bat, bereziki maite duena. Saizarbitoriak azalpena: «Lotsatzeko zerbait sentitzen du, gogoratzerakoan, neskaren etxera doluminak ematera joan zenean —sala poliziaz beteta zegoen, batzuk penatuta eta biraoka—, gizona ez zela gauza izan bere burua euskara irakasle modura agertzeko, alegia, euskara ukatu zuelako Pedrok ,oilarra kukurruka jo baino lehen, Jesus hiru aldiz ukatu zuen moduan. Zaila izan baita batzuentzat euskaldun izatea».
«Que no estamos en la ikastola»
Idazleak dioenez, bere euskalduntasuna nola bizi ezin jakinik dabil euskalduna. «Uneoro zaude zalantzan, zeure umorearen, gogoaren eta militantismoaren arabera, aurrean daukazun pertsonari, dendari, funtzionario edo dena delakoari, zer hizkuntzatan hitz egin behar diozun, adibidez». Eta, hain zuzen ere, euskararen normaltasun eza dago egoera horren muinean, Saizarbitoriaren hitzetan. Baina nekea eragiten du militantziak, idazleak dioenez. «Nekatu egiten da jendea umeei behin eta berriz demanda egiten ibili beharra euskaraz egin dezaten».
Erdarara joz gero, beren aitak mahaian ukabilkada jo eta «euskaraz!» oihu egiten ziela gogoratu du idazleak, eta susmoa du egoera irauli ote den. «Horrela, eskolak ukatzen zigun etxeko hizkuntzari eutsi genion. Orain, berriz, modu neurritsuagoan egindako agindu berari, ‘Que no estamos en la ikastola’, erantzun bide dio umeren batek. Nekea nabari dut nire inguruan».
«Asasinoen hizkuntza ere jarraitzen du izaten norbaitentzat»
Euskararen estatusean ere aldaketa igartzen du idazleak. «Euskara jada ez da euskaldun egiten gaituena, ez euskaldun guztientzat behintzat. Askorentzat oposizioetan puntuak ematen dituen ikasi beharreko hizkuntza da. Nire denboran latina bezala, azterketa gainditzeko ikasi beharrekoa, eta asasinoen hizkuntza ere jarraitzen du izaten norbaitentzat».
Kontzientzia linguistikoaren erlaxatzearekin lotu du Saizarbitoriak Martutene-rekin gertatutako pasadizo bat. «Aurrez sekula gertatua ez zitzaidan zerbait gertatu zait: euskara maila oso oneko batek baino gehiagok aitortu dit gazteleraz irakurri duela. Duela hogei urte ez ziren ausartuko halako aitorpenik egiten, eta, bestalde, ezinezkoa ere bazen, orduan euskal nobelak ez zirelako, orain bezala, ia aldi berean bi hizkuntzatan argitaratzen. Horra garapenaren zehar-kalteak».
«Prestigioari lotuta doa euskararen salbazioa, ez jatorkeriari”
Zahartzaroak ematen dion perspektibatik «sinestezin» zaizkion bi gauza aipatu ditu idazleak. «Bata, nire lehendabiziko nobelan erabili nuen gaia, abortua alegia, mende erdi ondoren gai eztabaidagarria izaten jarraituko zuela; bestea, mende erdi ondoren, euskara batua mesprezatuko zuen jende gaztea egongo zela. Zin dagizuet hobeto ulertzen ditudala, besterik gabe, nagikeriaz euskara abandonatzen dutenak, jatorkeriaz, harrokeriaz beren bailarako edo mendi puntako ‘euskerie’ aldarrikatzen dutenak baino».
Sakon deitoratu du bide hori Saizarbitoriak. «Beti uste izan dut euskara salbatzekotan, desagertzeko arriskuan baitago, bikaintasunari eta prestigiori lotuta izango daitekeela bakarrik, ez baserritarkeriaren eta jatorkeriaren bidetik». Lorpen handitzat aurkeztu du idazleak euskara batua. «Lortu zen oso ikuspegi desberdineko jendea ados jartzea. Niretzat hura izan zen euskararen salbazioa, eta uste dut orain zentzua galdu egin dela. Eta ulertzen dut, euskara batua da normala, baina ulertu behar dugu euskara batutik kanpo ez dagoela etorkizunik euskararentzat, eta oso gai serioa dela: ezin dugu berriro 1968ra bueltatu gai horretan».
«Euskararentzat hobe da euskarari buruz hitz egitea, bere alde korri egitea baino»
Eta aurrera jarraitzeko bideari buruz eztabaidatzeko beharra ere nabarmendu du, bestetik. «Euskarari buruz, euskararen gainean, egoera hobetzeko, ajeak sendatzeko, hizkuntza politikak kritikatzeko, hobetzeko, konponbideak bilatzeko hitz egin beharra daukagu, tabuak, lotsak, jarrera esentzialistak, politikakeriak eta itxura bete beharrak alde batera utzita, zentzuz eta borondate onez. Euskararentzat hobe da euskarari buruz hitz egitea, bere alde korri egitea baino».
Saizarbitoriaren hitzetan, «hazkuntza» egon da 68tik gaur egunera arte, eta hastapen berri baten aurrean ikusten du euskalgintza. «Ez dut esango hazkuntza mekanikoa egon denik, baina erraza izan da alde batetik, argi zegoelako zer egin behar zen, eta hemendik aurrera, berriro ere, uste dut ongi pentsatu behar dugula nondik jo».
Irakurketa aurreko bi hitzaldiak
Martutene ardatz duten hainbat hitzaldi ere antolatu ditu Bilbo Zaharra Forumak urtean zehar, eta irakurraldi publikoaren aurrerako antolatu ditu azken biak. Astelehenean, Joseba Sarrionandia, Pilar Kaltzada eta Aingeru Epaltza izango dira Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan hizketan, eta asteartean, berriz, Laura Mintegi eta Ur Apalategik hartuko dute hitza. 19:00etan izango dira bi saioak, sarrera librearekin, eserlekuak bete artean.
Asteazkenean, Ramon Saizarbitoriak berak hasiko du liburuaren irakurketa, 08:00etan, eta Eitb taldeak bere webgunean emitituko du saioa zuzenean, 14:00etara arte. «Ohore handia da, lotsa apur bat ere ematen didana», onartu du idazleak. «Nahiz eta badakidan neure pertsona garaitzen duen kontua dela; sinbolikoki euskal literaturari laguntzeko bidea dela, gure kulturarentzat eta nortasunarentzat duen garrantzia adierazteko bidea».
Ba ote da hitzaldiaren grabaketarik? Sarean? Igoko?
Eta martxa honetan, horretarako ere ez, hizkuntza politikako arduradunek lana hain gaizki egiten jarraituz gero. Batzuk zesatuta behar zuten dagoeneko arazo honi ez ikusi egiteagatik (eta ea orain zer konponbide txapuza proposatzen duten) : El. Mundo. ‘Los funcionarios vuelven a fracasar en euskera y solo el 5% consigue aprobar el perfil en las pruebas del IVAP
“No puede ser casualidad que de 3.471 personas presentadas hayan aprobado solo 151”, denuncia UGT tras los últimos exámenes con miles de interinos con su continuidad en el aire’
Norbaitek esan duezadake zer demontre den prestigioa euskararentzat?
Ez zair argi gelditu.