Funcor: kooperatiben Elorrioko hazia

Funcor: kooperatiben Elorrioko hazia –

  • Ekainaren 4an ertz ezberdinetatik FUNCOR izan zena ezagutzeko jardunaldia izango da.
  • Galdategia edota nekazal makinaria saltzeko fabrika izatetik, euskarazko lehen ikastola, “arte” unibertsitatea, txirrindulari talde profesionala, Laboral Kutxaren sortzaile, edota Ama lur euskarazko lehen film luzearen sustatzaile…
  • Andoni Esparza Gallastegi Gizartegintza Elkarteak antolatuta, Elorrioko Udala, Laumunarrieta Elkartea eta Gerediaga Elkartea dira jardunaldiotako laguntzaile.

Funcor: kooperatiben Elorrioko hazia

1955etik aurrera, Euskal Herrian hainbat proiektu kooperatibista jarri ziren abian eta giro horretan sortu zen Elorrion FUNCOR kooperatiba.

FUNCOR, galdategia batetik eta bestetik,  nekazal makinaria ekoizten zuen kooperatiba izan zen. Atzerrira teknologia esportatu zuen estatu espainiarreko lehenengo empresa izan zen. Euskal Herriko lehenengo doako ikastola sortu zuen, eta ondoren ikasketak egiten laguntzeko bekak eman ere bai. Garai hartan, Suedian zuten moduko gizarte laguntza autogestionatu sistema osatu  zuten.

Kultur munduan ere bere alea utzi zuen. Jorge Oteizaren asmoekin bat eginda, umeei zuzenduta artearen esperimentaziorako unibertsitatea abian jartzeko saiakera egin zen Elorrion. Ama lur (1968) filmearen finantziazioan ere zeresana izan zuen. Elorrioko Arriola antzokiaren sorreran ere egin zuen ekarpena. Eta 60ko hamarkadan, FUNCORri esker, Elorriok txirrindulari talde profesionala izan zuen.

Azpimarratzekoa da, bestetik, FUNCOR Laboral Kutxaren sorreran izan zela.

.

Andoni Esparza Gallastegi – Sortzailea

Andoni Esparza Gallastegik sortu zuen Funcor Elorrion 23 urte zituela. Aurten betetzen dira 10 urte hil zela ( 2012ko ekainaren 1ean, Iruñan). Enpresa familia baten hazitakoa, bizitza osoan zehar empresa proiektu ugari sustatu eta lagundu zituen beti kooperatibimosaren baloreak ardatz hartuta.

Funcor (Elorrio) eta Euskaldunak (Martzilla) kooperatibak izan ziren bere enpresa ekimen garrantzitsuenak.

Esparzaren ideia kooperatibismo herrikoi bat egitea izan zen; herrian ardatza jarrita, teknologian eta ekonomian ezezik, kulturan eta hezkuntza ere indarrak jarri behar zirela sinistuta lan egin zuen.

1970era arte iraun zuen Andoni Esparzaren proiektuak Elorrion. Funcorren diruen erabilera ez egokia leporatuta bere kontrako salaketa jarri zuten.

.

Ekainak 4 – Jardunaldia

Goiz bateko jardunaldian, Funcor izan zena ezagutzera emateko hainbat hitzaldi labur izango dira. Andoni Esparza Gallastegi sortzailearen profila eta Funcorrek abian ipinitako ekimen ezberdinak aipatuko dira. Izan ere, gizarteko arlo ezberdinetan eragin zuen Elorrion

Andoni Esparza Gallastegi Gizartegintza Elkarteak antolatutako jardunaldia da, eta Elorrioko Udala, Laumunarrieta 1937 Memoria Elkartea eta Gerediaga Elkartea dira laguntzaile.

Lekua: Elorrioko Iturri Kultur Etxean

Ordua: 10:30-13:00

Izena ematea: gerediaga@gerediaga.eus / 946818066

Andoni Aizpuruk aurkeztutako hitzaldi laburrak izango dira. Hona hemen jardunaldiko hitzaldiak eta hizlariak:

Hizlariak:

“Funcor. Zer gertatu zen?” –  Andoni Basabe

Andoni Esparzaren ideiak, asmoak eta borrokak ezagutzeko aukera emango digu Jardunaldi honek. Funcor zer izan zen, zer eraiki nahi zuen, Elorrion hasi eta Euskal Herri osorako, eta nola galdu zen proiektua.

“Andoni Esparza y Funcor. La persona y su obra” – Julia Itoiz

Funcor enpresa-esperimentu paregabea izan zen. Ohiz kanpoko norbaiten irudimen eta grinaren fruitua.

“Funcor ikastetxea eta “Credito al honor” –  Iñigo Agirre

Funcor ikastetxea aitzindaria izan zen Elorrion, diktadura frankistaren garaian, euskarazko irakaskuntzaren sorreran. Eta ez derrigorrezko hezkuntza etapan bakarrik, baita oinarrizko lau batxilergoetan ere. Andoni Esparzak gizartearen sustapenerako zuen interesa areagotuz, “ohorezko kredituek” Unibertsitatera sarbidea ahalbidetu zuten, baliabide ekonomiko faltagatik ezin zutenei.

“Elorrioko Eskola Esperimentala. Proiektu pedagogiko esperimental bat” – Mikel Onandia

1960ko hamarkada erdialdean, diktadura frankista betean eta euskal kultur pizkundearen testuinguruan, aurrekari gabeko proiektu pedagogiko bat definitu zen Elorrion. Funcor kooperatibaren baitan, Jorge Oteizaren eta Andoni Esparzaren elkarlanaren ondorio, Jose Antonio Sistiaga eta Esther Ferrer artistek Célestin Freinet pedagogo frantsesaren lana abiapuntu hartuta Elorrioko Eskola Esperimentala jarri zuten martxan, ekimen labur bezain aurreratua.

 “Funcor: Txirrindularien lantegia” – Rikardo Ajuria

1961 eta 1962 urteko denboraldietan jardun zuen Funcor txirrindulari talde profesionalak. 2001ean, taldearen ibilbideari buruzko liburua argitaratu zen eta Ricardo Ajuria izan zen egileetako bat. Urte biko ibilbide oparoari errepasoa egingo dio.

“Funcor eta Mondragon, bi eredu kooperatibo kontrajarriak” –  Jabier Lertxundi

Mondragon Taldearen prestakuntza eta garapen estrategikoari buruzko ikerketa lan sakon baten emaitza den liburua argitaratuta dauka Jabierrek, Elorrioko Funcorren kontrajarria izan zena.

.

Andoni Esparza Gallastegi Gizartegintza Elkartea

2012an sortutako taldea da. Euskal Herriaren etorkizunaz kezkatuta, gure izat”ea eta nortasuna berreskuratu eta indartzeko asmoa dauka. Andoni Esparzak eta berak sustatutako kooperatibismoaren inguruan elkartu zen pertsona talde bat izan zen sortzailea. Elkartearen xedea Andoni Esparza zenak hasitako ibilbideari jarraipena ematea da, euskal izatearen ezaugarriak eta baloreak kontuan hartuta, pertsonetan eta kooperatibismoan oinarritutako Euskal Herriaren eraikuntza.

.

Funcorri buruzko bibliografia:

  • “La otra experiencia: El libro que nadie quiso publicar a Jorge Oteiza” – Julia Itoiz
  • “Tecnocracia En M.C.C., El Opus Dei Y El P.N.V. – La Historia Jamas Contada” – Jabier Lertxundi
  • “Funcor Txirrindulari Lantegia” – Ricardo Ajuria eta Agustin Urizar
  • “Funcor (1955-1970): un proyecto abortado” – Iñigo Agirre (ASTOLA 3 – 2009)
  • “La escuela experimental de Elorrio” – Mikel Onandia (ASTOLA 10 – 2016)

Funcor: kooperatiben Elorrioko hazia

Funcor: kooperatiben Elorrioko hazia

Zer duzu buruan “Funcor: kooperatiben Elorrioko hazia”-ri buruz

  • Ertz guztiak? Langileak mututu eta bistatik kentzen dituen elkarte fantasma batek ertz guztiak? Bere “etsaiei” buruz sekulakoak esan eta etsaiei mahaian egoteko gonbiterik egiten ez dietenak, ertz guztiak? Langileei diru guztia lapurtu zienaren lagunak, ertz guztiak? Lotsagarria.