Nora joango zara bihar?

Nora joango zara bihar? –

Nora joango zara bihar?

Ate joka dugun uda berezia izango da arrunta izango delako. Ederra paradoxa: urte bi itxaron betikoa egiteko, LABIrik gabe, planak hankaz gora jarriko dituen azken orduko prentsaurrekorik gabe. Esango nuke Bigarren Batxilergo osteko uda datorkigula. Gogoa berdina da, baina gorputzak besterik dio. Sasoia galdu dugu, eta urteak ez doaz alperrik.

Horregatik, uda denboraldia behar bezala prestatu behar dugu, arraunlarien antzera. Aste Nagusia da gure Kontxa. Beraz, hobe da entrenamendua gaur hastea bihar baino: ostegunean pintxopote, ostiralean afaripoteoa eta larunbatean parranda (oharra: igandean indarrik balego, rabak). Zorrotza, baina beharrezkoa, funtsezkoa, nahitaezkoa. Urte biko sasoi falta ez dugu kolpetik kenduko, gogor ekin behar.

Prozesua graduala izatea komeni da, bestela porrot egingo dugu. Atsedenaldiarekin eta lanarekin uztargarria, noski. Hau da, ez hartu legatz itzela lehenengo pintxopotean, asteburu osoa galduko duzu eta, agian, lana ere bai. Jakina da beharrik gabe ez dagoela hau aurrera eramaterik. Berau izango da akuilua, motibatzeko lekua. Bertan, ordenagailuan, udako kantak jarri tarteka, dela Mari Jaia, dela Pitbull, dela Rosalia, denerako prestatu behar, eta irudikatu helburua.

Zelan heldu sasoian ordura, ordea? Pazientzia, diziplina eta antolaketa dira gakoak. Aukeratu bizpahiru hitzordu sparring gisa. Herrietako jaiak zein bidaiaren bat izan daitezke (San Fermin, Madalenak eta Conil konbinazio ederra dira), baita dagozkien atsedenguneak ere (herria, hondartza eta sofa trinitate banaezina). Jokalari beteranoen pare, erreserbatu behar gara partida handiak jokatzeko. Errekuperazioa luzeagoa da eta oreka ezinbestekoa.

Amaitzeko, hartu telefonoa eta zure nagusiaren telefonoa markatu, eta Aste Nagusia libre nahi duzula esan. Eskegi bezain laster, jantzi, etxetik irten, lagunengana joan eta komentatu asmoak. Gaur ostirala da, zure lehen entrenamendu eguna. Hiru kaña eta pintxo bat abiapuntu ona dira. Bizkor, Aste Nagusia hurbil dago eta! Gogoratu, gaur argi ibili, bihar parranda tokatzen da eta! Nora joango zara?

Nora joango zara bihar?

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.