FIDO ala ez fido?

FIDO ala ez fido? –

Joxe Rojasek sarean.eus atarian.

Munduko teknologia enpresa handiek aliantza bat sortu dute, FIDO izenekoa, zertarako eta pasahitzei erretiroa emateko. Gure aplikazio, zerbitzu eta abarretan pasahitz bidez identifikatzea ez omen da oso metodo segurua alde teknikotik… eta gainera erabiltzaile nagiok entzungor egiten diegu segurtasun aholku eta arau guztiei, eta jarraitzen dugu 1234, abcd, 0000 eta halakoak erabiltzen. Gero, hori bai, dena da kexa eta desditxa gure bankuko kontuan sartu edo Fortniteko pertsonaia lapurtzen digutenean.

Gauzak horrela, Apple, Microsoft, Google, Amazon, Meta eta beste hainbat eta hainbat teknologiko handi FIDO Aliantza horretan batu dira, Australia, Erresuma Batua, Estatu Batuak, Alemania, Taiwan, Thailandia eta Hego Koreako gobernuen babesaz, erabiltzaileak identifikatzeko sistema eraginkorragoa, erosoagoa eta unibertsala sortzeko.

FIDO ala ez fido?Sistema hori enpresa handi horien gailu, sistema eragile eta softwareetan txertatuta joango da, eta aukera emango digu edozein sistema edo zerbitzutan modu azkar, seguru eta erosoan identifikatzeko, besteak beste, gure gailuen sentsore biometrikoak erabiliz (hatz marka, kamera eta abar), pasahitzik erabili beharrik gabe.

Alde praktikotik begi bistako abantailak ekarriko ditu horrelako sistema batek: handiena, pasahitzak gogoratu beharrik ez izatea, lantzean behin aldatu beharrarekin bukatzea… eta pasahitz errazegiak erabiltzearen ondorioz gertatzen diren eraso eta ‘ziberlapurreta’ guztiak ekiditea.

Baina trukean, ba bueno, gutxienez zalantza batzuk ere pizten ditu: segurtasunaren ikuspegitik, paperean behintzat sistema, gailu eta software oso ezberdinek autentifikazio sistema berbera erabiltzea askoz zaurgarriagoa egiten du ingurune guztia. Erabiltzen ditugun zerbitzuetako bakoitzak bere giltza izan beharrean, denak giltza berberarekin irekitzen badira… nahi ez dugun norbaitek giltza hori aurkitzearen arriskuak askoz ere handiagoak dira.

Eta bestetik, oraindik ez dago argi Fido Alaintza horrek nola funtzionatuko duen datuen kudeaketari dagokionez… baina teknologia guztiak eta estatu asko ere batzen badira erabiltzaile edota hiritarron identifikazio biometrikorako mundu mailako datu base bat sortzeko… Ba, enfin, pribatutasunaren eta gutako bakoitzaren etengabeko zaintzaren ikuspegitik, aukera hori ez da,ez, oso lasaigarria.

Okerrena da planen arabera behintzat, Fido Aliantza honen lehenengo garapenak 2022 honetan zehar ikusiko omen ditugula. Adi egon beharko, ea zer eta, batez ere, nola inplementatzen duten!

FIDO ala ez fido?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.