Euskal dantzaren ikasketak aldarri

Euskal dantzaren ikasketak aldarri –

Dantzan.eus ataritik jasoa.

Bilboko Juan Crisostomo Arriaga kontserbatorioaren egoitzan dago Dantzerti 2015ean ateak ireki zituenetik. Argazkia:Oier Araolaza.

Gipuzkoako Dantza Sarien esker hitzetan euskal dantzaren ikasketen aldeko aldarria egin du Lide Aranak:

Dantza tradizionaleko titulazio bat sortzeko aukera aldarrikatu nahi dut, dantzariei formazio eta titulazio bat eskuratzeko aukera emango diena.

Hilabete batzuk lehenago Iñaki Goirizelaiak, EHUko errektore izandako ingeniari eta dantzariak honelaxe aldarrikatu zuen Argian eskainitako elkarrizketan:

Hor da Dantzerti, baina han dantza klasikoaren aldeko apustua egin da, tradizionala apur bat sartuta ere; hautazkoak sartu dituzte. Baina ez dago dantzaren formazio arauturik, ez dago. Irlandarrek, aldiz, badute; flamenkoak ere badu. Gurean, berriz, ez da inoiz izan unibertsitate mailako dantza tradizional ikasketa arauturik. Gauza bat da begiraleak formatzea, dantza eskoletan erakutsi ahal izateko, eta beste bat, aldiz, dantza tradizionalari buruzko doktorego programa izatea unibertsitateak, edo gradua eskaintzea, edo masterra, adibidez. (…) Jaurlaritzak horren aldeko apustua egin beharko luke. Dantza tradizionalari buruzko ikasketak ezarri beharko lirateke, eta, haien barruan, euskal dantzetan fokalizatu, lerro akademiko oso bat sortu.
.

Atzerritarren harridura 

2008an Richard Wacko, Utahko Unibertsitateko ballet irakasleak bere harridura agertu zuen Euskal Herrian ez zegoelako, ez unibertsitatean, ez hortik kanpo euskal dantza ikasketak jorratzen zituen institutu ez departamendurik. Desioa ere adierazi zuen:

Espero dut, egunen batean, euskal folklore institutu batean programa bat ezarrita ikustea.

Salt Lake Cityra itzuli zenean gutuna idatzi zion Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailburuari:

When we tried to find Basque Universities, with Folklore and Dance departments in which to arrange a university exchange, we were surprised to find there were none. (…) “I am writing to encourage the establishment of a Institute or Department of Folklore and Culture at a University in the Basque region

Richard Wacko, Utako Unibertsitateko ballet irakaslea maskaradetan irudiak hartzen, Arrokiaga, 2008-03-16. Argazkia:Oier Araolaza – Dantzan (cc) by-sa.

.

Dantzan Ikasi

2008-2009 bitartean abiatu zen Gipuzkoako Diputazioaren Kultura sailaren ekimenez Dantzan Ikasi programa. Programa horrek bi helburu zituen. Euskal dantzako irakasleen formazioan laguntzea eta euskal dantza ikasketak martxan jartzeko eginahalak egitea. Helburu horrekin euskal dantza tradizionalen ikasketen curriculumaren zirriborroa osatu zen.

Bitartean, arte eszenikoen sektorearen eskariz antzerkiaren eta dantzaren alorrean goi mailako eskola abian jartzeko proiektua onartuta zuen Eusko Jaurlaritzak eta horri begira jarri ziren itxaropen guztiak. 2010ean, arte eszenikoan goi mailako eskola izan behar zenaren aurkezpena egin zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak.

Aurkezpen horretan euskal dantzari arreta zabala eskaini zion sailburuak, besteak beste, Zuberoako maskaradak nabarmenduz eta Juan Antonio Urbeltzen lana goraipatuz. Irudi hutsa zen hori, eskola hartarako aurreikusitako programazioan ez baitzegoen euskal dantza tradizionalarentzat tokirik. Eskola hark ez zituen ateak ireki eta beste bost urte pasa behar izan ziren Jaurlaritzak arte dramatikoa eta dantza ikasteko goi mailako eskola, Dantzerti abiatu zuenerako. Eta orduan ere euskal dantzarik gabe.

.

Aldarrikapenak bata bestearen atzetik

2012an Euskal Dantzaren Adierazpena adostu eta sinatu zuten euskal dantzaren ehunka dantzari, dantzazale, talde eta elkartek. Honela jasotzen zen ikasketari buruzko aldarrikapena bertan:

Euskal dantza tradizionala, ahalik eta mailarik sakonenean ikasteko aukera eskainiko duen ikastegia behar dugu.

Euskal Dantzaren Adierazpena, Eibar, 2012-04-21. Argazkia: Felipe Loiola – Dantzan (cc) by-sa.

Gipuzkoako Dantzagunearen I. jardunaldietan, 2013. urtean honela zioen Oier Araolazak:

Gaur egun ez dago Euskal Dantza Tradizionalean ikasketak egiteko aukerarik. Titulurik ez dago, baina ezta alor horretan ikasketa formalak egiteko aukerarik ere. Euskal dantza tradizionalari elkartuta jokatzeko ezintasuna leporatzen zaio maiz, eta neurri batean arrazoiz, baina zenbait gaitan erraz adostu ditu kontuak, eta horietako bat formazio beharra izan da. 1997an, Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailak sektoreetako ordezkariak taldeka bildu zituen eta beren alorrean zein premia zeuden adosteko eskatu zien. Dantza tradizionalekook, bilera bakar batean eta aho batez, berehala adostu genuen zein zen lehentasuna. Ikasketa eta titulazio bat behar zuen dantza tradizionalaren alorrak. Hamasei urte ondoren eskolarik gabe jarraitzen dugu.

Sabin Bikandi danbolintero eta dantza-maisuak Max saria jasotzean hedabideen atentzioa baliatu zuen salaketa egiteko:

Zer salatuko zenuke? Bada, esaterako, dantza tradizionala ez egotea irakaskuntzan normalizatua. Ez dago espezializazio moduan ikasterik, baina ezta ikasgai moduan ere; inon ere ez. Horrek kezkatzen nau, eta dantza unibertsitatean ez egoteak ere bai. Europa guztian eta Ameriketan dantza irakatsi egiten da; hemen ez.

.

Euskal dantzarik ez Dantzertin

Dantzerti, Arte Dramatikoa eta Dantzaren Euskadiko Goi Mailako Eskolak 2015ean ireki zituen ateak Bilbon. Bertan dantzako ikasketak dantza klasikoan eta garaikidean egiten dira. Euskal dantza ikasgai batzuk badira, baina 240 kreditutatik gehienera ere 14 kr. izan daitezke euskal dantzari buruzkoak.

Hutsune horren salaketak irekiera unetik egin dira. Jon Mayak:

Ikasketa Planaren zirriborroan ez da ageri euskal dantza tradizionalik, harritu eta sumindu egiten nau horrek. Dantza klasikoa eta garaikidea dantzaren oinarrizko piezak dira, ados, baina munduko edozein tokitan ikas daitezke. Ordea, ez badugu hemen euskal dantza tradizionala irakasten, non ikasi ahal izango da?

Sabin Bikandik:

Euskal dantzek Dantzertin lekurik ez izateak «ez du ez buru eta ez hanka». «Sinestezina da, eta, adibide bat jartzearren, unibertsitatean ingelesez edo gaztelaniaz irakatsi bai baina euskaraz irakatsiko ez balitz bezala da hori. (…) «Ez dugu zertan konplexurik izan; gurea goi mailakoa da, eta teknikoki oso aberatsa».

Oier Araolazak:

Dantzertin, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolan ez dago euskal dantza ikasketarik egiteko aukerarik. Hau berriz idatziko dut, hain ulergaitza eta onartezina izanik, sinesgaitza egiten baitzait, eta ea birritan irakurrita neuk ere barneratzen dudan: Dantzertin ez dago euskal dantza ikasketarik egiteko aukerarik.

.

Noiz arte?

Agintarien aldetik ez da ikusten mugimendurik aldarrikapen historiko eta hutsune injustu eta larri honi konponbidea jartzeko. Eskatzen eta aldarrikatzen jarraitzea baino ez zaigu geratzen alde horretatik. Bestalde, izaten ari da musika eta dantzaren irakaskuntzaren eremutik mugimendu bat, gutxienez bide bat jorratzeko aukera eskaini dezakeena. Horren inguruko xehetasunak maiatzaren 21ean Dantzan Ikasi topaketetan eskainiko dira.

Euskal dantzaren ikasketak aldarri Euskal dantzaren ikasketak aldarri

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.