Ongi da… ala ez…

Ongi da… ala ez… –

Apirilaren 26 honetan kronikatxo bat idazteko eskatzen dizutelarik, ezin saihestekoa da orain dela bi egun izandako frantses presidentzialen aipamena egitea. Eta, sarrera gisa molde egokiena izango da 15 bat urteko gazte batek bere gurasoekin izandako eztabaida laburrarekin egitea. Lagunekin asteburu luzea igaro berri zuela, hauteskundeak pasa eta bi egunetara, bere planeta zoragarria bazterrera utzi eta mundu errealera jautsi behar izan zaigu gure gaztea…

Ongi da… ala ez…

-Ah, eta, frantses Presidentzialetan nor atera da garaile azkenean?
– Macron!
– Ah! Ongi da, ez?
– Bai.. eta, ez…

Buru makur, gure gazteari, halere, «txarrenen» leiha horretan lasaitasun izpi bat azaleratu zaio begietan. Eta, xumea bada ere izpi horri heltzea izango da egokiena hauteskunde horien emaitzen gogoetari lotzeko. Zeren gaztea bada ere, hauteskunde horiek bere eguneroko bizitzatik urrun geratzen bazaizkio ere, badaki, entzuna die bere aitatxi-amatxiei eta birramatxiei, txarrenen artean hautu bat egiteko orduan ez zaiola sekulan eskuin muturrari bidea ireki behar. Zeren behin boterean sartuz gero, eskuin muturra ez da horren erraz kanporatzen. Lekutzen da, populismoaren bidez jendeak bereganatzen ditu, eta gaur egun Emmanuel Macronekin herritarrek pairatzen duten neoliberalismo basatia mantentzeaz gain, autoritarismoa eta bortizkeria hedatzeko arriskua zabaltzen du ere.

Frantses hauteskunde horien bigarren itzulia izan aurretik han eta hemenka zenbait gogoeta entzun eta irakurri ahal izan ditugu ezkerreko jendeengandik zein abertzaleengandik ere Macron ez bozkatzeko argudioak luzatu nahian: Macronek euskararen eta Euskal Herriaren aurka egin dituenen ondotik zigortu beharra dagoela; hauteskunde horiek ez direla gureak gu euskal herritar bezala ez diegula hauteskunde horiei erreparatu behar; eskuin muturra sartu dadila boterean, karrikara ateraz eginen diogula aurre, eta bide horretatik ezkerra berriz indartuko zaigula, etab.

Azken aipamen hori soilik iruzkinduko dut, zeren nahiko tamalgarria da ikustea gaur egun ezkerreko ideiak berpizteko batzuek ikusten duten bide bakarra eskuin muturra boterean lekutzea dela. Eskuin mutur batekin boterean, ezkerretik eta abertzaletasunetik ere sortu diren alternatiba guztiak zapuztuko ziren, atzera begirako urrats handi bat emanen zen, guztiak guztiz alternatibarik gabe utziz. Beraz, galdera pausatu beharko diogu gure buruari: nolaz iritsi gira horrelako gogoeta bat izatera? Denbora gutxi dugu galdera horri erantzun bat emateko, eta hobe dugu gaurdanik lotzea ez bada nahi bost urte barru eskuin muturra boterean guztiz finkatzea.

Gure gaztetxoaren gogoetei helduko diogu berriz. Zeren, azken honek ezkerrari ez diola deus onik ekarriko jakiteaz gain, beharbada susmoak ditu frantses gobernuak euskararekiko duen jarrera erasokorra ez duela hobera egingo eskuin muturra boterean sartzen bazaigu; pentsa dezake ere, euskal aberriaren defendatzaile sutsu bezala frantses Estatuan eskuin muturra lekutzen bada arrisku gehiago dagoela gure inguruko herrietan era bereko prozesua gertatzea, besteak beste espainian, eta Vox alderdia bezalako baten ideologia guztiz normalizatzea eta boterera heltzea ere (horrek gureak egin du!); eskolako historia kurtsoak entzun baditu ondorioztatu dezake ere eskuin muturra boterean sartu delarik historian gutxitan gertatu direla iraultza handiak…

Gure gazte horrek, pentsa daiteke ulertua duela, eskuin muturra etsaia dugula, hau da, herritar ororen etsai, izan gazte, beltz, zuri, marroi, hori, zahar, heldu, eta horrekin ezin dela jostetan aritu.

Gure gaztearekin batera, herritar bezala geroari begira jarriko gira, eta, aurretik erran bezala beharko dugu pentsatu nola egin bost urte barru eskuin muturra ez boterera heltzeko, eta bultzatzen duen ideologia, berriz ere, politika mundutik bazterturik ikusteko.

Ongi da… ala ez…   Ongi da… ala ez…

Euskal monetako langilea, Euskoa alda.eus