Maite zaitudalako

Maite zaitudalako –

Emaize Sexologia Zentroak Arabako Alea agerkarian.

Maite zaitudalakoSexologook sexualitatea continuum bat dela esan ohi dugu, jaiotzarekin hasi eta heriotzarekin amaituko dena. Eraikitze prozesu pertsonal batetaz ari gara, eta bizitzan zehar egin, ikasi, eta bizi dugun guztiak eraikitze horretan eragingo du. Ikaste horren baitan ardurak hartzeko gaitasuna egongo da, eta harremantzen ez ditugun arren, umetan bere mailako ardurak hartzen ikasten duenak (ohea egin, arropa zikina kubora eraman, mahaia jarri edo jaso, eskolarako motxila prestatu…), gaztetan arduratsu jokatzeko probabilitate handiagoa izango du. Adibide arrunt batera joz, joko erotikoetan kondoia erabiltzea ez dago soilik ardura gaitasunpean, autoestimuak, sinesmen okerrek eta bestelakoek paper garrantzitsua jokatuko baitute. Baina horiek egokiak izanda, nork uste duzue erabiliko duela kondoia eta nork ez? Erabiltzeko probabilitateak arduratsu jokatzearekin badu zerikusia.

Gaur egungo umeak ikasten ari diren maitasun eredua, continuum moduan, gaztaro eta helduarora eramango dute ere. Ez naiz ipuin tradizionaletaz ari, mugikorren bidezko kontrolaz baizik.

Guraso askok seme-alabek mugikor erabilera egokia egin dezaten laguntzeko, kontrol aplikazioak erabili ohi dituzte. Aplikazio hauek ematen dituzten aukerak baliatuz eta seme-alaba horiei modu egokian azalduz zein den asmoa (erabilera arduratsua, errespetuan oinarrituta… ), zentzua izango du, eta handitu ahala eta erabilera egokia eginda, pixkanaka kontrol hori gutxituz joatea litzateke normalena.

Askotan, ordea, maitasunaren izenean azalduko zaie kontrol hori: “Zure mezuak begiratzen ditut maite zaitudalako, zure kokapena jarrita dut ondo zaudela ziurtatzeko, maite zaitudalako…”. Esaldi hauek bikote harreman batean kokatuz gero, positibotzat hartuko genituzke? Ez al dugu hau kontrol toxikotzat jotzen?

Ez dut inor epaitu nahi, argi baitut horrela jokatzen duten gurasoek asmo on handiz egiten dutela. Maite dutena babestu nahi dute, eta ziurrenik, gehiengook bezala, bidelagun izan nahi dute bizitzako ikasketa prozesuan, baina erabilitako esamoldeak ez dira egokienak, horien bidez kontrola maitasun adierazpena dela irakasten ari direlako, eta haurtzaro eta lehen gaztaroan maite gaituzten horiekin ikasitako harreman ereduek pisu handia izango dute ondorengo harremanetan, bereziki bikote harremanetan, atxikimendu handiko erlazioak direlako.

Honetan continuum-aren bidea argia da, ezta? Umeak hezteko moduetan bestelako continuum positiboak eta negatiboak hausnartzeko gonbita luzatzen dizuet. Esateko moduak aldatuz, bidalitako mezua alda dezakegulako.

Maite zaitudalako

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.