Emakume musikariei buruzko lanak nagusi gaur hasi den Dock of the Bay jaialdian
Emakume musikariei buruzko lanak nagusi gaur hasi den Dock of the Bay jaialdian –
Gaur hasi da Dock of the Bay, Donostiako Musika Zinema Dokumentalaren Jaialdia, eta datorren larunbatera arte luzatuko da. Hamabostgaren edizio honetan, Principe zinema-aretoetara eta Principal Antzokira aldatu du egoitza Jaialdiak; guztira 23 dokumental proiektatuko dira.
Lehian diren film luzeen artean, emakume artistei buruzko lanak dira nagusi aurten: Sinéad O´Connor, Lydia Lunch, Connie Converse eta Courtney Barnett musikariei buruzko lanak proiektatuko baitira; indie taldeen ordezkari lanak egiten dituen Doris Muñozen bitartez, AEBetako imigrazioari buruzko dokumentalaz gain. Sail Ofizialean, aipatutakoez gain, 80ko Italo Disco soinuei buruzko film bat eta Max´s Kansas City aretoaren bitartez New Yorkeko punk rock eszena aztertzen duen beste bat ere proiektatuko dira.
Film Luzeen Sail Ofizialaz gain, film laburren lehiaketa ere izango da. Guztira zortzi film labur proiektatuko dira maiatzaren 6an, ostiralez, Principe Zinemetako 10. aretoan, 19.00etan.
.
Gainontzeko atalak
Elkarrizketak espazioa ere aipagarri du Dock of the Bay Jaialdiak, Aaron Rodríguez Serranok koordinatua, “Irudiak, etorkizuna gorabehera: errodatzea, erakustea, kontserbatzea” gai hartuta. Maiatzaren 4an eta 5ean, bi jardunaldiren bitartez, Dock of the Bay jaialdiak prekarietateari eta ziurgabetasunari, irudiekiko eta Zinemaren Historiarekiko maitasunaren esperientziari buruz hausnartzera gonbidatuko ditu parte-hartzaileak.
Dock Live! ataleko zuzenekoei dagokienean, Verde Prato eta Ainara LeGardon abeslarien emanaldiak izango ditugu aurten Tabakalerako Kutxa Kultur Clubean, lehenengoa maiatzaren 4ean, asteazkenez, eta bigarrena maiatzaren 7an, larunbatez (biak 21.00etan).
Liburu aurkezpenak ere izango ditu jaialdiak, azken urteetan egin ohi duenez. Aurten, asteazkenetik ostiralera honako liburu hauek aurkeztuko dira Tobacco Days liburu dendaren eskutik eta Eduardo Guillot aurkezle dela: En presencia de Battiato (Eduardo Laporte), Doña Concha: La rosa y la espina (Carla Berrocal), eta Canción de Amor definitiva (La Habitación Roja taldeko Jorge Martí).
Emakume musikariei buruzko lanak nagusi gaur hasi den Dock of the Bay jaialdian