[Simone Weil] Erroztamendua IX
(Simone Weil) Erroztamendua IX –
Erroztamendua (IX. bidalketa)
Historio budista miresgarri batek ongia sorrarazteko mekanismo horren baliabideak biziki untsa azaltzen ditu. Tradizio budista batek dioenez, Budak zina egin zuen berekin igoaraziko zuela salbatua izaiteko asmoz bere izena erranen zuen edonor. Tradizio horren oinarrian dago «Jaunaren izenaren errezitazioa» izeneko praktika. Eta praktika hori datza hainbat aldiz «Ospea argien jaunari» hitzak errepikatzean sanskritoz, txinatarrez edo japoniarrez .
Fraile budista gazte batek bazuen aita zahar zikoitz bat, diruari baizik pentsatzen ez zuena; eta fraile gaztea arranguratzen zen bere aitaren betiereko salbamenarenaz. Komentuaren zuzendariak aita zaharra jinarazi zuen beregana eta hitz eman zion sos bat emanen ziola Jaunaren izena errepikatuko zuen aldioro; eta arratsetan jiten bazen erraitera zenbat sos zor zion, ordainduko ziola. Agureak, xoratua zenak, bere denbora libre guzia, praktika horri dedikatu zion. Arratse guziz komentura jiten zen ordaindua izateko. Baina bapatean ez zen gehiago agertu. Aste baten buruan, komentuaren zuzendariak fraile gaztea aitarengana igorri zuen berri eske. Horrela jakin zuten hainbeste errezitatze egiten zuela agureak nun ezin baitzuen gehiago kontatu zenbat aldiz errezitatu zuen; eta horregatik diru bila ez zen gehiago etortzen. Orduan zuzendariak fraile gazteari erran zion momentuz ez egiteko ezer gehiago eta goaitatzeko. Zenbat egun beranduago agurea komentura jin zen begiak dir-dir, eta kontatu zuen iluminazio bat gertatu zitzaiola.
Horrelako fenomenoez mintzatzen zen Jesu Kristo erraiten zuelarik: «Altxorrak zeruan bil ezaitzu, zeren zure bihotza izango baita zure altxorra den tokian». Erran nahi du akzioak badirela gai direnak pertsona baten bihotzean den amodioaren parte bat lurretik zerura eremaiteko. Zikoitza ez da zikoitz dirua irabazten hasten denean. Izan ere, hasieran diruari esker lor daitezkeen plazerren pentsamenduak du eragiten. Baina bere buruari egunero inposatzen dituen esfortzuek eta pribazioek aitzinarazle bat sortzen dute. Baina sakrifizioaren neurriak anitzez gailenditzen duenean irabaziaren inportantzia, orduan sakrifizioa bera da berez objektu bilakatzen, eta zikoitzak bere burua hari menderatzen dio. Kolekziogilearen joera antzeko mekanismo baten gainean datza. Aipa ginezake horrelako etsenplu andana. Horrela objektu baten alderako sakrifizioek anitzez gainditzen dutelarik sakrifizio horiek eragin zituen bultzada, objektu horri buruz ondorioztatu ohi da ala nazka-sentimentu bat ala aitzitik mota berri eta intentsoagoko atxikimendu bat, hasierako bultzadarekiko arrotza dena.
Bigarren kasuan, atxikimendua gaitza edo ongia da objektuaren izaeraren arabera. Aipatu dugun eriaren kasuan, sarritan nazka agertzen bada, arrazoia da esfortzu mota horrek etorkizunik ez daukala; Kanpoko ezerk ez du erantzuten nekaduraren barruko metaketari. Zikoitzak, aldiz, bere altxorra handitzen ikusten du.
Bestetik badira ere halako egoerak, halako karaktera-konbinazioak non aitzitik eri batek familia batean sortzen baitu atxikimendu fanatiko bat. Kasu horiek guziak aski aztertuz, legeak aurki genitzake. Baina fenomeno horien ezagupen azalezko batek ere arau praktikoak eman liezazkiguke. Nazkatze-erreakzio bat ekiditeko, aurrepentsatu behar da mobilen ahultzearen aukera; noiz edo noiz, akzio berentzako, adierazpen ofizialaren autoritatea eman behar da mobil berri batzuei zeinek erantzun behar duten bihotzen segeretuan espontaneoki sor litekeenari. Oroz gainetik arduratu behar gara zikoitza altxorrari lotzen duen transferreko mekanismoa jardun dadin ongia ekoizteko ez eta gaizkia; ekiditea edo bederen murriztea gutienera horrela sor daitekeen gaizki guzia . Erraza da ulertzea nola.
Aipatzen dugun mekanismoa honako honetan datza: Akzio bat, berarekin arrotz diren motiboetarako esfortzuz eremana izan delarik, berez bilakatzen da atxikimendu objektu bat. Ondorioztatzen da edo ongia ala gaizkia, akzioa bera ona edo tzarra den araberan. Frantziaren onerako soldado alemanak hiltzen baditugu, eta memento jakin baten buruan gizakiak hiltzea gustu bat bilakatzen bada, argi da gaizki bat dela. Frantziaren onerako, Alemaniarako deportazioari ihes egiten dioten langileak laguntzen baditugu, eta memento baten buruan dohakabeen laguntzerako gustua bilakatzen bada, argi da ongi bat dela. Kasu guziak ez dira hain argiak, bainan denak modu horretan aztertuak izan daitezke. Beste guzia berdin izanda, beti hautatu egin behar dira beren baitan ongirako erakargarritasuna daukaten akzio-moduak. Gainera, beste guzia berdin ez izanda ere, askotan horrela hautatu behar da. Horrela hautatu behar da ez bakarrik ongiarentzat, berez nahikoa izanen litzatekeena, baina baita baliagarritasunerako ere.
[1] Bidalketa hau guzia da liburuan aurkitu dutan zailenetako bat. Aitortu beharra daukat ez dutala dena ongi ulertu.
(Simone Weil) Erroztamendua IX – Erroztamendua IX –