Bigarren eskukoak

Bigarren eskukoak –

Oihana Iguaranek Tolosaldeko Atarian.

Aspaldi ikasi genuen kontsumo eredu jasangarri bat izatekotan berrerabiltzea komeni zela. Teoriatik praktikarako jauzian, baina, edukiontziak berrerabiltzea tira, poltsak ere beno, baina arropa… gehiago kostatzen zaigu. Jende jantzia gara ordea, ze arraio! Eta bigarren eskuko ideiak janzten ditugu; alegia, beste batzuek, euren beharren arabera bereganatutakoak hartzen ditugu guretzat, zentzu onenean zein txarrean.

Bigarren eskukoakEz al zaizue sekula gertatu norbaiti bigarren eskuko estimua hartzea? Nik jende asko daukat, sinpatiaz gogoratzen edo topatzen dudana, berez sekula hitz egin ez dudan arren. Zergatik? Ba estimatzen dudan norbaitek estimatzen dituelako. Beste hainbeste gertatzen da tarteka gorroto edo mesfidantzarekin. Gure gertuko norbaitek esperientzia txarra izan badu inorekin, askotan errezeloa hartzen diogu, gutxienez.

Zentzu honetan, garrantzitsua da gure termometro jendea ondo hautatzea; batez ere, bigarren eskuko errezeloen kasuan. Erabat gaizki-esaka dabilen lagun horrek ezagutzen ez duzun norbait tatxatzen badu, ez hartu aintzat, lehen pertsonan baieztatu arte. Sekula inor larrutzen ez duen zure beste lagun horrek esaten badizu halako hura kontuz ibili beharrekoa dela, ziurrenik bere zuzentasunagatik kontatuko ez dizkizun xehetasun batzuk medio, alarma aktibatuko zaizu.

Denok dakigu gure inguruan nor aritzen den aritzeagatik eta nork hitz egiten duen neurriz; nork sentiarazten digun bigarren eskuko sinpatia eta nork exijitzen digun berak gorroto duen harekin ez harremanik egiteko. Azken horretan aurkitzen dute bazka aurreiritziek, eta hor elikatzen dute bere burua belaunaldiz belaunaldi halako komunitateren inguruan ditugun zurrumurruek. Guk sekula izan ez ditugun esperientzien baitan epaitzen ditugu jaso ditugun diskurtso horien sorreran sekula parte hartu ez zutenak.

Bigarren eskuko merkatuan ere ondo hautatu behar da; eta horretarako, berme ona izaten da iturria. Albisteetan bezala, pentsa dezagun nork ekarri duen informazio hori, ze interes duen atzean, eta ahal dela beti, saia zaitez lehen pertsonan kontrastatzen. Hori da kontsumo jasangarria eta arduratsua. Mesedez, ez erosi bigarren eskuko iritzirik. Kasu honetan, zurea zerorrek sortzea izaten da ez kutsatzeko modua.

Bigarren eskukoak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.