Musukoa erabiltzeko derrigortasuna bertan behera geratuko da gaur, 700 egun eta gero
Musukoa erabiltzeko derrigortasuna bertan behera –
Hala ere, oraindik nahitaezkoa izango da ospitaleetan, osasun zentroetan, adinekoen egoitzetan edo garraioan. Dekretu berria asteazken honetan sartuko da indarrean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.
Ia bi urte eta gero, maskara eremu itxi gehienetan erabiltzeko derrigortasuna bertan behera geratuko da gaur. Hala ere, oraindik nahitaezkoa izango da ospitaleetan, osasun zentroetan, adinekoen egoitzetan edo garraioan.
Espainiako Gobernuak astearte honetan eguneratu du 2020ko maiatzaren 20ko dekretua eta asteazken honetan sartuko da indarrean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.
Barrualdeetan musukoa erabiltzeko aginduaren amaierarekin batera, gora egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan covid-19agatik ospitalean dauden pertsonen kopuruak: 315 dira, joan den astean baino 100 gehiago. Halaber, heriotza-tasa ere hazi egin da eta azken egunetan 17 pertsona hil dira koronabirusak jota.
Edonola ere, Carolina Darias Osasun ministroak azpimarratu du, oro har, egoera epidemiologikoa ona dela eta adierazle guztiak beheraka egiten ari direla. Ildo horretan, erantsi du egun zabalduta dagoen aldaera ez dela aurrekoak bezain larria eta gogora ekarri du gizartearen % 92 dagoela txertatuta.
Gauzak horrela, gaurtik aurrera Espainian musukoa barrualdeetan gero eta gutxiago erabiliko da. Aurrez, Frantzian, Alemanian, Belgikan, Erresuma Batuan edo Herbehereetan hartu zuten erabaki hori. Italian, Portugalen edo Grezian, ostera, oraindik ez dute urrats hori eman.
Salbuespenak
Dariasek zehaztu duenez, maskarak derrigorrezko izateari utziko dio toki itxietan, hainbat lekutan salbu: osasun zentro eta zerbitzuetan (ospitaleetan, anbulatorioetan, odola emateko zentroetan edota farmazietan), adinekoen egoitzetan eta garraio publikoan (hegazkinetan, trenetan —nasetan ez da derrigorrezko izango—, autobusetan, tranbietan eta itsasontzietan 1,5 metroko distantzia ez badago).
Lehenengo bietan, gaixoek (euren geletan daudenean) eta adinekoen egoitzetako egoiliarrek ez dute nahitaez jantzi beharko. Derrigorrezkoa izango da, ordea, langileentzat eta bisitarientzat.
Lantokietan eta ikastetxeetan
Darias argi eta garbi mintzatu da hezkuntza arloa aipatu duenean: “Musukoa ez da nahitaezko izango inongo kasutan”. Zaurgarritasunen bat duten irakasleei janzteko aholkatu die, hori bai.
Eusko Jaurlaritzak Aste Santuko oporrak amaitu aurretik jakinaraziko die hezkuntza protokolo berria ikastetxeei, behin Espainiako Gobernuaren dekretua aztertu ondoren.
Lantokien kasuan ere, “orokorrean”, ez da derrigorrezkoa izango. Nolanahi ere, laneko arriskuen prebentziorako zerbitzuen eskumena izango da musukoa erabili behar den ala ez erabakitzea.
Gomendioak
“Orokorrean” toki itxietan maskara derrigorrezkoa izango ez bada ere, ministroak “erantzukizunez erabiltzeko” gomendioa eman die pertsona zaurgarriei, hala nola, 60 urtetik gorakoei, immunoeskasia dutenei, gaixotasun larriren bat dutenei, haurdunei edo zaurgarritasunen bat duten irakasleei.
Horrez gain, pertsona zaurgarriekin egonez gero, toki itxietan musukoa jartzeko gomendioa eman dute.
Azkenik, barrualdeko ekitaldi jendetsuetan ere gomendagarria dela azpimarratu dute.
Hego Euskal Herriko ikastetxeetan ere ez da derrigorrezkoa izango maskara erabiltzea -berria-
Musukoa erabiltzeko derrigortasuna bertan behera geratuko da gaur, 700 egun eta gero