Kanakia, bertatik bertarat

Kanakia, bertatik bertarat –

Puntaren puntan beraz, Macron frantses lehendakariak eta bere gobernuak erabaki zuten Kanakiaren ostokadarekin tarrapataka bukatzea, kondutan hartu gabe FLNKSren eskaera erreferrenduma gibelatzeari begira. Dudarik gabe gisa hortan jokatuz Macronek esperantza luke Kanakiaren gaia ere sartzea lorpen gisa helduden lehendakaritzarako hauteskundeetan. Numeako akordioak orroitzapen bat baizik ez izaitea nahi luke ahalik eta lasterren. Alta akordio horiek berek diote frantses errepublikak luzaroan errekonozitzen duela kanakiarren oinarrizko eskubidea independentziarako.

Kanakia, bertatik bertarat

1987an jadanik Jean-Marie Tjibaou buruzagiak zion sortuko ziren kanakiar haur guziak independentziarako eskubidearekin sortuko zirela beren bizi guzirako eta eskubide hori ezingo zutela kendu edozoin erreferendum, frantses lehendakari edo minixtroek. Handik sei hilabeterat gertatu zen Ouveako asaldatzea eta bere 25 hilak. 35 urte beranduago Tjibaouren errana sekula bezain bat aktualitatezko da.

Matignoneko eta Numeako akordioetarik sortu bakea gauregun zalantzan bezala da frantses gobernuaren joanden abendoko erreferendum faltsu inposaketarekin.

Iragan ekainean unilateralki Parisek azken erreferendumaren eguna finkatu zuen abendoaren 12rako, kontsentsus izpirik gabe. Alta bi urte lehenago Edouard Philippe orduko lehen minixtroak hitz emana zuen bozketa ez antolatzea 2022ko agorrila aintzin, beste hauteskunde mota ezberdinekin ez talka egiteko.

Errespetu eskas nardagarria

Joan den urteko uztailan Lecornu minixtroak dokumentu harrigarri bat publiko egin zuen “ bai” edo “ez” hautuen ondorio ezberdinak aztertuz, argiki “bai”aren kontrako argumentuak lerrokatuz eta lehenetsiz. Dokumentu “ofizial” horrek soilik ondorioztatzen zuen eszenario katastrofiko bat “bai”ak irabaziz, hau da Kanakia bapatean Frantziatik betirako aldentzea. Alta jakina da kanakiar independentistek betidanik azpimarratzen dutela bestelako independentzia mota bat, Frantziarekin nolabait partzuergoan. Funtsean gisa hortako deskolonizatze prozesuak ez dira eskas munduan zehar. Joan den azaroan azkenik, gosta ahala gosta frantses estadoak mantendu zuen bozketaren eguna alta Kanakiak Covidaren gatik sekulako sarraskia jasaiten zuelarik. Pazifikoko populu guziak ohituak dira holakoetan doluminezko zeremonia eta epe luzerako doluak errespetatzen. Hau dela eta zuten independentistek galdegin Pariseri halabeharrez gibelatzea abendoko erreferendum eguna. Macronek paso egin die mespretxu haundiz alta Numeako akordioetan espreski adostua delarik kanakiar nortasunaren barne den doluminezko ohitura epe luzea.

Errespetu eskas nardagarri horren aintzinean, kanakiar independistek erabaki zuten abendoaren 12ko erreferendumean ez parte hartzea. Alde nabarmenez entzunak izan ziren ikusiz bozkatzaleen %56a ez zela hurbildu bozka bulegoetarat. EZak irabazi zuen %96ekin bainan gibelerat egin du halere boz kopuruan. Emaitzak jakin orduko Macronek goraipatu zuen “gaur Frantzia ederragoa da Kaledonia Berriak erabaki baitu bertan egoitea”, hitz soil bat ere ukan gabe bozkatzen izan ez ziren aise erdia baino gehiagokoetaz eta Tjibaouk 1987an abisatutakoa ahantziz.

Frantziaren interes geoestrategikoen zaintza

Ebidentzia batek jauzi egiten du geroztik begietarat: Macron eta bere gobernuak erabaki dute deskolonizatze prozesu luze eta adostutakoa bertan behera uztea, Numeako akordioen izpirituari bizkar emanez eta nolabait hitza janez. Beren lehentasunak bestelakoak dira: Numeako prozesua gelditzea eta idekitzen den lehendakaritzarako hauteskunde kanpainako lorpen gisa baliatzea prozesu gelditze hori, goraipatuz gisa hortan Frantziaren interes geoestrategikoak Pazifiko aldean zainduak direla.

Alabainan so eginez beste bi erreferendumeen emaitzeri ohartzen ahal zen frango errexki Baiezkoa eta Ezetzkoaren arteko diferentzia ttipituz zoala eta hirugarren hortan denek bozkatu balute egiazko duda bat izaiten ahalko zela emaitzetan. Bainan Covidak eskeini dio Macroni sekulako parade prozesu demokratiko bat zangopilatzeko. Zer gelditzen da orain hortaz guziaz? Estado bat diskreditatua eta loialista ultra batzuen triunfalismo merke bat? Ez, gelditzen da soilik kanakiarren funtsezko eskubidea independentziarako, Frantses errepublikak berak onartua 1983an. Gelditzen da kanakiar independentisten determinazio garbia eta lasaitasun mementukotz harrigarria. Gelditzen da hauen esku luzatzea beste kanakiar guzieri.

Eta gelditzen da azkenik kanakiar guzien esperantza, edozoin izanikan ere bere jatorria eta hautu politikoa, beren herria maitatzea eta etorkizun amankomuna eraikitzea bertatik bertarat.

Kanakia, bertatik bertarat Kanakia, bertatik bertarat Kanakia, bertatik bertarat

Eskualdeko Kontseilaria, Landibarren laborari, abertzale ezkertiarra, Abertzaleen Batasuneko bozeramaile ohia.