Euskara enpresetako tabua

Euskara enpresetako tabua –

Nafarroako eremu sozioekonomikoan ere, oraindik orain hizkuntza eskubideena gai gatazkatsua dela ematen du. Izan ere, gure inguruko hainbat enpresa eta erakundek euskararekiko atxikimendua erakustea, zenbaitetan tabu bilakatzen da eta ez naiz ari euskararen aldeko festa edo ekimen zehatz baten parte hartzeaz, egunerokotasunean hartzen diren erabaki txiki-handiez baizik.

Euskara enpresetako tabua

Zera esan nahi dut, Nafarroan, enpresa edo erakunde pribatuek lege betebehar zehatzik ez duten arren, askotan, eskaintzen dituzten zerbitzuarekiko euskarriak, informazioa, mezuak etab. euskaraz ere izan badituzte, baina mezu horiek gaztelania hutsean zabaltzea erabakitzen dute edo euskaraz zabalduz gero, kasu askotan, erabakian atzera ere egiten dute. Baina zergatik? Ba ez da lehen aldia enpresa edo erakunde pribatu batek Nafarroan mezu, iragarki edo dena delako euskarri bat elebitan jartzeko erabakia atzera bota eta gaztelaniazkora pasatzea erabakitzen duena. Hizkuntza Eskubideen Behatokitik enpresa horiekin kontaktuan jartzerakoan zera erantzuten digute: “Nafarroan norbait kexatu da gaztelaniazkoarekin batera euskaraz idatzitakoa atera dugulako”. Hau, da, gaztelaniazko mezuak eskura dituzten arren, norbait kexatu da euskararen presentziak begietara min egiten diolako eta hori larria bada ere, are larriagoa da enpresa edo erakunde batek, intolerantzia eta giza eskubideen kontrako ekintza edo jarrera horiei zilegitasuna ematea.

Norbaitek enpresa baten iragarkian pertsona “txuriak”, gizonezkoak edo pertsona hetero-normatiboak soilik ateratzea exigituko balu, enpresa horrek kasu egingo lioke bezero horri?

Ba gutxitutako hizkuntzekikotamalez, jarrera horiek dituzten bezeroak kontuan hartzen jarraitzen da Nafarroan, euskaraz kontsumitu nahi duten bezeroek erresignazioz dena onartu behar dutela pentsatzen den bitartean. Baina nola ez, erakunde publikoek bigarren mailako herritar bezala tratatzen gaituzten heinean, enpresa eta erakunde pribatuek ere berdina erreproduzitzen jarraituko dute.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko martxoaren 1ekoa]

Euskara enpresetako tabua

Hizkuntz Eskubideen Behatokia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude