Adarra jotzen (2)
Adarra jotzen (2) –
Lagun batek esan dit ea iragarlea naizen. Izan ere, Euskalerria irratiko azken kolaborazioan oraindik argitaratu gabe zegoen dekretu-zirriborroaz jardun, eta handik eta egun batzuetara egin zuten publiko edukia.
Bada, iragarlea ez, baina oso argi dut aurreko kolaborazioan erabili nuen izenburu bera erabiliko dudala oraingoan: Adarra jotzen ari zaigu.
Orain arte, Gobernuaren alderdi nagusiak legeak ezarritako eremu ez-euskaldunean eta eremu mistoan jarri du fokua. Baina hara non ustekabea, legeak ezarritako eremu euskaldunean ere murrizketak planteatzen dituztela ikusi dugunean.
Izan ere, 2019an auzitegiek onetsitakoa baliogabetu nahi dute dekretu berriaren bidez, eta beraz euskararen ezagutza gutxiago baloratuko da legeak ezarritako eremu euskalduneko hainbat lanpostutan.
Ondorioa: edozer gauza egin dezakete, edozer, alemanak euskara baino balio handiagoa izatea ahalbidetzea, hizkuntza-politika iluneko gobernuak baino murritzago jotzea; auzitegiek onartutakoa haiek atzera botatzea. Dena onartuko al diete? Zer izanen da hurrengoa?
Entzuleak ez dira harrituko, beraz, azken kolaborazioan erabili nuen amaiera berriz ere erabiltzen badut:
Eta, noski, hori guztia Gobernua osatzen eta sostengatzen duten alderdien arteko desadostasuna denez, lasaitasun osoz jo diezagukete adarra!
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko otsailaren 15ekoa]