Inaute denbora Urruñan
Inaute denbora Urruñan –
Neguko solstizioa iazko abenduan ospatu genuen eta jadanik, neguburutik udaberriko ekinoziora doan denboraldi ilun, hits eta luzean bete-betean sarturik gaude. Biziki denboraldi garrantzitsua dugu gure kulturan eta gure mundu-ikuskera zaharrean, Eguberri egunean sortu zen eguzki berria, nekez, baina hazten ari zaigulako, eta berarekin batera, natura osoa. Garai zaharretako euskaldunendako erritoz eta itxaropenez beteriko denboraldia zen, ama-lurra itzartzeko aroa, udaberriaren itzulera eskatzeko abagunea.
Paleolitoko negu hotz-luzeetan hartza ezagutu genuen leize-zulo eta aterpeetan. Hartzaren neguloa edo hibernazioak gure arbasoen begiak zabaldu zituen, azken finean, hori bera baitzen izadi osoak egiten zuena, baita aro zahar haietako gizakiak ere. Bizia da neguan hibernazioan dagoena, eta hartzaren neguloa horren sinbolorik adierazkorrena dugu. Orduz geroztik, hartza izan da euskaldunen animalia totemikoa, udaberriaren itzulera urteroko zikloan irudikatzen diguna. Hartza iratzarri behar da, ama-lurra ere itzar dadin, udaberriarekin batera eguzkia eta berotasuna itzul dakizkigun. Udaberriaren etorrerak naturaren itzartzea ekarriko du, baita uztak izateko garaia ere. Hori da negua, hartzaren aroa, hartzaro Uztaritzen deitzen dutena, inote edo inaute besta zahar eta erritoz betea. Negua gainditu ondoren, udaberria (uda etorri berria) edo bedatsea (belar berrien lehen hatsa) etorriko zaigu.
Euskal Herri osoan ospatzen dugu inautea, gerora mundu giristinoan inauteria edo inauteria deitu eta arautu izan zutena, besta jentila, paganoa, bekatuz eta gehiegikeriaz jantzia datorkigula azaldu nahian. Giristinoek ez zuten nehoiz maitatu, baina Europa osoan zuen indarra ikusirik, beren liturgiaren barruan kokatu eta arautu behar izan zuten, Garizumaren aitzinean, beste errito eta besta anitzekin egin zuten bezala.
Iparraldean hiru inaute molde nagusi ditugu: lapurtar kultur girokoa, baxenafarra eta zuberotarra. Lapurdin inautea kaskaroten eta Zanpantzarren auziaren inguruan gauzatzen da, Nafarroa Beherean inauteak santibate eta libertimenduak ditu ardatz, eta Zuberoan, berriz, maskaradak dira bertako inautearen agerpenik zabalduen eta ospetsuenak. Bakoitzak bere bideak eta bere ezaugarriak ditu, baina azken finean, hiruetan, neguko indar ezkorren eta udaberriko indar baikorren arteko talka eta borroka irudikatzen digute. Lapurdiko inautean zirtzilak dira neguko indarren pertsonifikazioa eta kaskarotak, berriz, udaberriko indarrena.
Hainbat ikerlarik lan handia egin dute inaute hauek aztertzen eta zabaltzen. Jadanik badugu kontakizun landua eta interpretazio zenbait plazaratuta. Zuberoako maskaraden ikerlari eta zabaltzaile handiak Junes Casenave-Harigile eta Jean-Louis Davant izan ditugu; Antton Luku izan da libertimenduaren kontakizun, dibulgazio eta teorika mamitu eta hedatu dituena; eta Lapurdin, Thierry Truffaut izan da bere ikerketa, artikulu eta liburuekin bertako inautea lehen mailara igoarazi duena.
Lapurdiko inauteak indar handia du, eta herri guzti-guztietan ospatzen dute. Ez dago data finkorik, eta herri bakoitzak urtarril-otsail-martxoko hainbat asteburutan egiten dute. Normalean, lehenik, kaskarotak deitzen den ekitaldia egiten da, eta ihautean parte hartzen duten gazteek, etxez etxe eta auzoz auzo ibiltzen dira kantari eta dantzari. Auzoek etxeetan hartzen dituzte eta jan-edatekoak eskaintzen dizkiete. Inauteko errondan dabiltzan gazteek kantuz, bertsoz eta dantzaz nolabaiteko ordaina egiten diete. Egun horretatik aste batera edo bi asteetara bigarren zatia egiten da, Zanpantzarren auzia deitzen dena. Bigarren besta honetan, bada antzerki moduko bat, non Zanpantzar pertsonaiari urtean zehar herrian gertatu diren gaitz eta ezbehar txar guztiak leporatzen dizkioten. Bukaeran, su ematen diote, eta inauteko gazteek eta herritarrek suaren inguruan dantzatzen dute.
Kaskarotetan, neguko indar ezkorrak dira nagusi eta Zanpantzarren auzian, berriz, udaberria da garaile ateratzen dena.
Lapurdiko luze-zabal osoan horrelako erritualak errepikatzen dira urtero: Beskoitzen, Uztaritzen, Donibane Lohizunen, Baionan, Azkainen, Hendaian, Senperen, Saran, Urruñan…. Horietako batzuk biziki famatuak dira Lapurdi osoan. Beskoitzeko Kaskarotak, adibidez, ospe handikoak dira lurraldean, eta aditu ainitzek adibide gisa hartzen dituzte. Uztaritzeko Hartzaro izeneko inauteak ospe ikaragarri handia hartu du azken hamarkadan eta ikusliar asko bereganatzen ditu urtero. Donibane Lohizunen eta Ziburun inautea elkarrekin egiten dute, hainbat ekitaldi, bederen. Hori dela eta, lau ikuskizun edo errito eskaintzen dituzte: Hartzaren Eguna, Kaskarotak, Sorgin Gaua eta Zanpantzar. Urruñan, herri gehienetan bezala, Kaskarotak eta Zanpantzar egiten dituzte.
Pertsonaia klasikoak berberak dira Lapurdiko inaute guztietan: kaskarotak, zirtzilak, kotilungorriak…. eta ezinbesteko elementua den hartz miresgarria, leku anitzetan bi, hiru edo lau adarrez hornitua azalarazten dutena. Urruñan, adibidez, lau adar dituela uste dut. Adar horiek hartz totemikoaren oihartzun zaharra ekartzen digute gogora, adarrak emankortasunarekin eta oparotasunarekin loturik baitaude mundu-ikuskera zaharrean.
Urruñan Kaskarotak, otsailaren 6an, larunbatarekin, egin zituzten, eta urteroko usaia den bezala, kaskarotak etxez etxe eta auzoz auzo ibili ziren egun osoan zehar. Nik, herriko plazan, eguerdi aldean, egin zuten agerpenean ikusi nituen. Bigarren zatia, Zanpantzarren auzia alegia, otsailaren 12ko larunbatean egin zuten. Arratseko 4,30etan karrikaz karrika ibili ziren bazterrak pizten eta inarrosten. Buruan Bidasoa aldeko joaldunak zihoazen, itzuli-minguli, aitzina eta gibelera ibiliz eta joare handiak etengabean astinduz. Ondoren hiru gaitari soinu alai eta ozenak zabalduz. Horien atzetik zortzi kaskarot, zirtzilak, kattalingorriak eta hartz adarduna era guztietako pitokeriak eginez, eta bukatzeko hiru tabalari airos.
Herrian barna ibili ziren hainbat geldigune eginez. Geldigune horietan ohiko dantzak eta kantuak errepikatu zituzten. Gibeletik herritar anitz, heldu, gazte zein haur, zihoazen, horietako asko mozorrotuta. Herriko plazara iritsi zirenerako hango bazterrak jendez mukuru zeuden. Plaza erdian, makil batean loturik, Zanpantzar zegoen, triste eta burumakur, egin behar ziotenaren aiduru. Berehala Jaun Epaileak hasiera eman zion auziari, eta Zanpantzarri leporatzen zizkioten gaiztakerien berri ematen hasi zen. Bitartean, inauteko gazteek leporatzen zizkiotenak antzezten zituzten, herritarren irri-algarak piztuz. Zirtzilek plaza erdian lo zen hartza zuten esnatu, eta gero kaskarot eta zirtzilen arteko joko errituala agertu zuten.
Kitti Borda, Jokin Irungarai eta Sebastian Goiburu musikari trebeek besta alaitu zuten etenik gabe. Lan bikaina egin zuten.
Bukaeran, epaileak Zanpantzar erruduntzat hartu eta su eman zioten. Anartean, suaren inguruan, inauteko gazteak eta herritarrak luzaz aritu ziren dantzan, mutxikoak, zortzikoak, fandangoak, arin-arinak, larrain-dantza… eta horrelakoak, Zanpantzar irudikatzen zuen lastozko pertsonaia arras erraustu zen arte. Dena amaitu zelarik, arratseko zortziak ziren. Aurtengo erritoa egina zen Urruñan, orain udaberriaren zain egon behar.
Urruñan, 2022ko otsailaren 14an