[Simone Weil] Errogabetasuna eta Nazioa XVI
[Simone Weil] Errogabetasuna Eta Nazioa XVI –
Errogabetasuna eta nazioa (XVI. bidalketa)
1924tik goiti, burgesia frantsesaren gazteriak ezin zuen Frantzia bere ontasuna zelako sentimentua eduki. Langileek arrabots anitz sobera egiten baitzuten. Gainera gazteria horrek 1918tik sofritzen zuen Frantzian hedatu zen misteriozko flakezia bat zeinaren arrazoiak dudarik gabe fisikoak ziren parte handi batean. Akusa burasoen alkoolismoa, edo haien zainen egoera munduratu eta hezi zituztelarik, edo beste zerbait, baina aspaldidanik frantses gazteriak flakezia seinale nabarmenak agertzen zituen. Aitzitik, Alemaniako gazteria, 1932an ere, botere publikoak hartaz arduratzen ez zen arren, bizitasun askoz handiagokoa zen, sofritu behar izan zituen gabezia gogor eta luzeengatik ere.
Flakezia horrek Frantziako burgesiaren gazteria horri eragozten zion pentsatu ahal izaitea herriaren jabe izan zitekeela. Ordutik beretik «Politika zertarako?» galderari berehala erantzun bat zetorkion: «bestei ezker herri honetan boterean ezarriak izaiteko». eta delako «bestei ezker» adierazpen horrek arrotzari ezker esan nahi zuen. Deus ez zegoen gazteria horren kontzepzio moralean desio hori eragoz zezakeenik. 1936ko gertakari politikoen talkak desira hori sarrarazi zion sakontasun sendaezinean. Alta ez ginion minik egin baina izitu zen. Umiliatua izan zen eta krimen barkaezina izan zitzaion bera baino gutiagotzat begiratzen zituenek umiliatu zutela. 1937an, prentsa italiarrak estudientzako aldizkari frantes batean agertu artikulu bat aipatu zuen, zeinean frantses neska gazte batek opa egiten zuen Mussolinik, bere ardura guzien artean; aurki dezan denbora Frantziara etortzeko ordena berriro ezartzera.
Gazte burges horiek ez hain gisakoak izanik ere, eta haien portaerak hain kriminalak izanik ere, gizakiak dira eta gizaki dohakabeak ere. Haiekin dugun problema honela adieraz genezake: Nola haiek Frantziarekin duten arazoa konponarazi, Frantzia haien eskuetan ezarri gabe?
Ezkerreko aldean, sustut langileen artean, eta haien alde jartzen diren intelektualen artean, bi korrente erabat desberdin daude, nahiz, batzutan bainan ez beti bi korrenteak existi daitezkeen gizaki berean. Bata da langile tradizio frantsesetik datorren korrentea, XVIII. mendetik datorrena, hainbeste langile Jean Jacques Rousseau irakurtzen zuten denboratik, baina beharbada azpitik komunen lehen askatze-mugimenduetarik ere datorrena. Korrente bakar horrek mugiarazten duen jendea justiziaren ideiari osoki atxikia da. Zorigaitzez gaur, horrelako jendea nahikoa bakana da langileen artean eta ezin bakanagoa intelektualen artean.
Horrelako jendea bada ezkertiar deitutako ingurune guzietan, izan kristau, sindikalista, anarkista,edo sozialistetan; eta horrelako jendea bada, batez ere, langile komunisten artean, zeren propaganda komunistak justiziaz asko hitz egiten baitu. Gai horretan, partidu komunistak, Marxen eta Leninen erakaskuntzak segitzen ditu, nahiz arraro izango litzatekeen doktrinaren zoko moko guziak arakatu ez dituztenentzat.
Jende kasta hori errotik internazionalista da bake-denboran, ongi dakielako justiziak ez daukala nazionalitaterik. Gerla denboran ere usu internazionalista irmo mantentzen da porrota militarrik gertatzen ez deno. Baina patriaren hondamenak bere bihotzaren sakonenean sorrarazten dio patriotismo bat zeharo sendoa eta garbia. Baina jende hau patriarekin betiko adostuko da justiziari subordinatutako patriaren kontzepzio bat eskatzen bazaio.
Eskerreko beste korrentea da burgesiaren portaerari kontrako erantzun bat. Izan ere, Marxismoak langilei eskaini die munduaren nausi soberanoak izanen zirelako ustezko segurtasun zientifikoa, eta ondorioz sorrarazi du langile inperialismo bat, nazio inperialismoen biziki antzekoa dena. Errusiak ekarri du esperantza horren egiaztapen esperimental baten itxura, eta korronte politiko horrek haren gainean kondatzen du ekintzaren parte zailarenaz arduratzeko zeina boterearen uzkaltzera iritsi behar den.
Gizaki moralki desterratuentzat eta etorkinentzat, estatuaren alde zigortzailearekin bereziki kontaktuan direnentzat, mendeetako tradizioz poliziaren ihizi den klase sozialen muturrean daudenentzat, eta estatua erreakzioaren aldera doan aldi guzietan zinez ihizi gisan tratatuak direnentzat, bada Errusian erresistiezinezko tentazioa. Izan estatu soberano zabal eta boteretsu batek, beren herria baino herri askoz handiagoa agintzen duen estatu batek erraten die : «zuena naiz, zuen ontasuna naiz, ez naiz existitzen zuen laguntzeko baizik, eta egun hurbil batean zuen herriaren nagusi absolutu eginen zaituztet».
Haientzat, anaitasun proposamen hori egoztea, guretzat bi egunetik edangabe garela ura egoztea bezain erraza zaie. Zenbaitzuek esfortzu handia egin dute anaitasun proposamen hori atzeratzeko eta hainbeste dira akitu esfortzu horretan nun borrokatu gabe erori diren Alemanen lehen presioaldietan. Beste askok ez dute itxuraz baizik erresistitzen, eta egiatan bazterrean geratzen dira. Izan ere behin engaiatuz geroz, sartuko liratekeen ekintzaren arriskuagatik beldur dira. Horiek, guti ala asko badira ere, ez dute sekula indar bat osatzen.
Errusiatik kanpoan, estatu sobietikoa da zinez langileen patria. Hori ongi sentitzeko, aski zen langile frantsesen begiak ikustea noiz eta kazeta kioskoen inguruetan, lehen porrot errusiarrak iragartzen zituzten tituluak begiatzen zituztelarik. Ez zituen etsiarazten Frantzia eta Alemania arteko erlazioaren gainean izanen zuen eraginak, zeren eta inglesen porrotek ez baitzituzten horrela hunkitu. Frantzia galtzea baino gehiagoz mehatsatuak sentitu ziren. Kristoren berpiztea fikzioa zelako froga materiala ekarriko litzaiekeen lehen kristauen izpiritu egoera berean zeuden. Dudarik gabe lehenbiziko kristauen eta langile komunista anitzen artean bada eite handia, izan ere hauek ere espero dute urrengo katastrofe handi bat lurrean, behere honetan kolpe batez eta betiko ongi absolutua ezarriko duena, baita denbora berean beraien ospea ere. Lehenbiziko kristauei martirioa errazagoa izan zitzaien ondoko mendeetakoei baino, eta infinituki errazagoa kristoren ingurukoei baino, zeinentzat une erabakigarrian ezinezkoa izan baitzen. Berdin gaur sakrifizioa errazagoa da komunista batentzat kristaua batentzat baino.
Estatu sobietikoa, estatu bat izanki, beste edozein estatuk dituen kontraesan berak ditu. Baina ez da beti ahultze bera sortzen. Aitzitik. Kontraesan baten presentzia isila sentitua denean izpiritua jankatzen du; baina presentzia batere sentitua ez denean, orduan sentimentua intentsuagoa bihurtzen da, ezen aprobetxatzen baititu mobil orobatean egokiezinak zirenak. Horregatik estatu sobietikoak estatu baten ospe osoa aprobetxatzen du, baita estatu baten politika ezaugarritzen duen gogorkeria hotza ere, batez ere totalitarioa denean. Baina denbora berean estatu sobietikoak aprobetxatzen du justiziaren ospe osoa. Kontraesan hori ez bada sentitua, alde batetik estatu sobietikoaren urruntasunagatik da eta bestaldetik bera maite dutenei guziahalduntasuna hitz emaiten baitie. Horrelako esperoak ez du justiziaren nahia tipitzen baina itsu bihurtzen du. Nola norbera justiziaz aski gai sentitzen den, norberak sinesten du bera ahaldun litzatekeen sistema bat aski justua litzatekeela. Hau da deabruak Kristori pairarazi zion tentazioa. Gizakiak ilusio horretan taigabe erortzen dira.
Langile-inperialismoz kutsatutako langile horiek gazte burges faxistekiko biziki desberdinak izan arren, eta hauek baino giza-kasta ederragoa osatu arren, badugu haiekin antzeko arazo bat. Nola langile haiei herria aski maitarazi beren eskuetan ezarri gabe? Izan ere ezin dugu herria haien eskuetan ezarri, ezta haiei posizio pribilegiatu bat eskaini ere, izango litzateke bidegabekeria jasanezina gainerako populazioarentzat, batez ere laborarientzat.
[Simone Weil] Errogabetasuna Eta Nazioa XVI