Goiz batzuk zailak egiten zaizkigu…

Goiz batzuk zailak egiten zaizkigu… –

Enbata Hilabetekariko Sar Hitza

Ohetik altxatu eta irratian berri saila entzuteari ekiten diogu gehienetan goizean. Batzuetan loaren baporeak oraindik ez arras haizatuak, berriak belarri gor batekin entzun eta aurrera egiten diogu egunari, gutxi gora behera Kazakhstanen gerlaren bat dagoela entzunik, Johnsonek beste txotxolokeria bat erran duela aditurik, eta tartean Macronekin kalapitetan aritu direla ulerturik, zoritxarrez Athletic-ek azken partidua galdu duela oharturik, edo gure Covid maitea gora eta behera dabilela ikusirik.

Goiz batzuk zailak egiten zaizkigu…

Baina, badira goiz batzuk, nun buruari astintze on bat ematen dioten berriek, eta entzutearekin soilik asaldatze bideari ekiten diogun. Barne tripak korapilo ezinegon batean sartzen ahal zaizkigu honako berri hau entzuten dugularik: Estatu frantsesean bost pertsonak biztanleriaren aberastasunen %40 metatzen dituzte. Astintzea oraindik azkarragoa izan daiteke, bost horietariko lauk luxuzko markak dituztela saltzen ulertzen dugularik, hots poltsikoetan miliarka euro metatzen dituzten horien aberastasunak, beste milioika euro metatzen dituztenen aberastasunei esker lortzen dituztela. Eta horrekin gogoetatzen dugu, egunerokoan herritar gehiengo batek bizitokia, argi indarra edo jana bezalako biziraupenerako oinarrizkoak direnak mantentzeko zailtasunak dituelarik, parean, dirudun talde gero eta aberatsago bat dabil luxuzko azkeneko zakua edo beste erosi nahian zoingehiagoka joko amaigabe batean murgildurik.

Errealitate hau ez da berria, baina, horrek ez du onargarriagoa egiten. Lotsagarria ere bada, luxuzko objektu horiek saltzen dituenak bizi publikoan bere iritzia ematea ausartzen dela ikusten dugularik, besteak beste funtzionario lana gutxiesteko.

Errealitate horiek gure mundua zertan dagoen, eta zeri ematen dion balioaren lekukoak dira.

Halere, gai honi lotu izanaren arrazoia ez da bakarrik horretan kokatzen. Aipatutako albistegi berdinean, Bretainan Jean-Luc Mélenchonek egindako mitinaren berri ematen zen. Eszenatoki goren batean kokatua zen gizona. Pantailez inguratua, usaimena, entzumena, eta ezustea nahasten zituen ikusgarri nazkagarri bati ekin dio bere frantses presidentzialetarako hautagaitza abiatzeko. Horrekin, bere burua jainkoaren parekoa duenaren itxura eman digu. Aberatsenak gero eta aberatsagoak diren unean, herritar xumeak gero eta pobreagoak izatearen errealitatean murgiltzen ari dira, eta egoera gordin horren erdian, horrelako ikusgarri bat ikustea nahiko negargarria egiten zaigu.

Frantses hauteskunde presidentzialen urtea izango da 2022a.

Aberats goren horietan kokatzen diren frantses eskuin muturreko hautagaiek bereganatua dute herritar xumeen hitza. Eskuina inoiz baino batuagoa ageri zaigu, eta ezkerra, inoiz baino zatituagoa. Eta erdi horretan krisiak dira nagusi, krisi soziala, baita inguramenekoa, gizartearena edota humanitarioa ere. Argi izpi bat beharbada atera daiteke abiatu berri diren frantses primario herrikoietatik. Baina, Melanchon bezalako batek bere buruari jainko izendapena eman diola ikusirik, pentsa daiteke zaila eginen zaiola entzutea: “Iep mutil, jautsi zaitez zure tronutik, bada zu baino hobeagorik!”.

Heldu zaigunari so egoten girelarik kezkatzerik badagoela pentsa daiteke. Kezkatzerik badago ere, ez baitu ematen alderdikeria edo botere gosekerien artean frantses ezkerra bide berririk irekitzeko gai denik. Baina, hori tamalez, urteak daramagu pairatzen. Nork daki, Txiletik beharbada datorkigu argi izpi berria. Bertan gertatzen denari tente jartzea izanen da egokiena 2022 urte hasiera honetan.

Han artean, ez dugu hetsiko, tokiko ekimenek baitute hauteskundeak bezain bat garrantzi. Beraz, lotu gaitezen lanari, gogotsu eta eraiki nahi dugun herriaren bideari ekin diezaiogun. Urte Berri on aldarrikatzaile eta ekintzaile oparo bat opa dizuet guztioi!

Goiz batzuk zailak egiten zaizkigu… Goiz batzuk zailak egiten zaizkigu…

Euskal monetako langilea, Euskoa alda.eus

Zer duzu buruan “Goiz batzuk zailak egiten zaizkigu…”-ri buruz

  • josu naberan 2022-02-14 10:48

    ene zorionak hire artikulu bikainagatik.

    Hain bat datu interesgarri eman eta gogoeta ezin interesgarriak apuntatu dizkinat.

    Baina gero, neure buruari galdetu: zerk balio duk APUNTATZEA, inork DISPARATZEN ez badu?

    Eta ez gaitun egongo “ezkerrarrak” eginen duelakoan, ez dun?

    Orduan, hik dioen moduan, norberak ahal duena… eta ADI herri indigenoen bizkundeari! Elite elitistaren 2030-Agendari aurre egin diezaiokeen gotor-babesgune nagusia edo BAKARRA, nik uste. Memoria historikoa galdu ez duten bakarrak direlako.

    Euskaldunok? Emakume ahaldun iraultzaileok?
    Ea egia den eta euren memoria historikoa berreskuratzen dten, baina horiek ere Herri Indigenoen arrimura.