Maskarada, Zuberoakoa!
Maskarada, Zuberoakoa! –
Zuberoakoak bai Maskaraka mundialak!
Aurtengo Maskaradak urtarrilaren 16an abiatu ditu Atharratze-Alozeko neska-mutilez osatutako taldeak, iazkoak antolatu zituzten Barkoxtarrei txanda hartuz. Kasik lau hilabetetan zehar, Zuberoako hamabi herri bisitatuko dute, Barkoxen bertan hasita, lehenbizi “barrikada” eguerdian eta “plazako ofizioak” arratsaldean.
Joimo Aranzet arduratu da, aurten, Maskaradako gazteekin “errejenta” eginkizunaz eta dantza-irakasle lanetan, duela hilabete zendu berri den Allande Sokarros kazetari xiberotarraren lekukoa hartuz. Presta gaitezen, bada, Maskaradez gozatzeko, bakan-bakana den ikuskizun aparta, ez soilik Euskal Herrian, baizik eta mundo osoan. Ez da halako besterik XXI. mendean. Ezohikoa izateaz gain, txit harrigarria ere bada. Ikus dezagun.
Lehenik eta behin, ez da pasadizo bat soilik; zuberotarrek urte osoa ematen dute gertakari hau prestatzen. Gizarte-fenomeno bihurtu baita, Andaluzian Aste Santuko “pasoak” eta “saetak” prestatzen dituzten antzo, talde bakoitzaren eta pertsonaia bakoitzaren eginkizunak zehazki eta detaile guztiekin antolatzen dituztela: pertsona bakoitzak zein paper jostatu, talde bakoitzak zeintzu bertset kanthatu barrikadetan…
Adibidez, GORRIEN taldea nortzuk osatuko duten: “jauna”, Frank izango da; “andereak” Katalin eta Losa Lostau; “laborariak” Clément eta Maika; “laboransa” Laurie Sagardoiburu; “entseinaria” Marina; “zamaltzaina”, Antton Aranzet; “txerreroak” Katti eta Sarah; “gatuzainak” Maritxu eta Joana; eta “kantiniersak” Teja Laborde eta Cécili Berzetxe.
BELTZERIA, Beltzen taldea, soineko beltzez jantzita: “xorrotxak” nortzuk izanen diren; nortzuk “kerestuak”; “kabana”, “kauterak”, nork antzeztuko duen “Pitxu” pertsonaia xelebrea, populu guztia fans izanen duena (Bixente Baqué); nork “buhame” jauna, “buhameak”; “hartza (Olivier Larrandaburu); “bedezia”, “marechalak”, “küküleroak”…
Eta ZURIEN taldea euron soineko zuriez jantzita. Hortxe, beraz, Beltzak, Zuriak eta Gorriak. Zenbakien eta Koloreen iruditeria paganoa, jentilen denborakoa: Beltza kolorea lur beltzaren emankortasuna adieraziz; Zuriak heriotza, antzinako kultura ororen iruditerian bezala; eta Gorriak esperantza, neandertalaren okrea, bere gorpuak okrez margozteko ohiturarekin, beste mundu horretan berbiziko ziren esperoan…
Gero beste zibilizazio bat etorri zen gurera, beste kultura bat, beste ideologia bat. Eta Jentilen Zaharren eta Zuhurrenak orduan, ortzemugan “Kixmiren” mundua zetorrela begiztatzean, erran omen zuen: “AKABAU DA GURE MUNDUA TA AGERTU DA ZAKURRENA”.
Geroztik, “Beltza” zerbait funebrea, lutozkoa, iruditzen zaigu; “Zuria”, aldiz, bakearen uso txuria; eta Gorria, semáforo gorrien arriskua.
Gauza da, XXIgarren mendeko mundu ezagunean ez dagoela Zuberoako Maskarada bezalako kultura-gertakaririk. Euskaldunen Mito osoa antzezten du bizian eta zuzenean. Lehenago bai, ospatzen ziren mito “misterikoak”; adibidez Astarté jainkosa babiloniar eta feniziarraren mitoa: Astarté jainkosa, maitasunaren eta libidoaren jainkosa izateaz gain, Ilargiaren jainkosa zen.
Bada, behin, “larunbata” zelarik, Tamuz artzain apal batekin maitemindu omen zen; asteburuko jaien laurrenean (ilargi beteko lau eguneko larunbatean) Itzel pasatu omen zuten amorante biok; baina astelehenean, Tamuz bere artzain lanera zihoala, basurde baten erasoz hil egin zen, eta beste mundura jaitsi astelehen iluntzean. Astarté jainkosak ezin, baina, pena eta dolore hura, ilberako asteartean, bere egun ilunenean; eta erabaki omen zuen, erabaki irmoz, bera ere Infernuetara jaistea, pertsonalki, Tamuzen bila.
Baina Infernuetan haren ahizpa ilunak agintzen zuen, Erenskigalek. Elezaharrak dionez, Astarté jainkosa Infernuko ateeta aurkeztu zen, eta utz diezaiotela pasatzen, bestela hango ate eta horma apurtuko zituela… eta Erenskigal beldurtu egin omen zen bere ahizparen bulka ordartsuaren aurrean. Bada, hala nahi badu, utz biezaio Aralura pasatzen, agindu zion Infernuetako atezain Namtarri, baina erne, egin dezala kasu horretarako aginduta dagoen guzti-guztia!
Eta astearte iluntzean bertan utzi zioten jaisten Astarteri; zazpi ate igaro behar zituen, eta jada lehenengo atean, asteazkeneko lehen iluntzean, lehen jantziak erantziarazi zizkioten jainkosari. Ilbera hasia zen. Eta asteazkeneko bigarren iluntzean, soineko gehiago kendu oraindik; “baina zergatik, Namtar?” jainkosak, harrituta. “Hala dagoelako aginduta!”. Eta horrela, zazpigarren atean, libidoren jainkosa guztiz biluzik geratu zen arte…
Eta orduan hasi omen ziren arazoak. Erenskigal zelosa jarri zela bere ahizparen Ilargi-edertasun biluzi zuriaz; eta 60 gaixotasun leporatu zizkiola… Azkenean baina, eta jada ilberan oso barneratuak zirela, utzi omen zioten azkenean, Aralura jaisten. Astelehen iluntzean, jada ilgora hasi berri, Tamuzekin elkartu omen zen, eta elkarrekin egon ere bai han behean. Baina bueltatzeko ordua iritsi zitzaion Astarteri. Eta orduan, honek, bere baldintza makurra jarri omen zuen: “Tamuzekin batera ez bada, ez noa hemendik inora”. “Pentsatu ere, ez, hildakoek ezin dira irten handik eta”, sententziatu beren arrazoi osoz jainkoek.
Kontua da, egunak eta iluntzeak igaro ahala, lurrean landareak zimeltzen hasi zirela; astarra ez zitzaiola arrimatzen, seguru, astemeari; eta plazako jarlekuetan zeuden gizonezkoek ez omen zutela begirik altxatzen handik paseiadan zihoazen neska gazteei… eta hori ilgora hasita zegoela! Gauza da, halako kaos eta desordenua sortu zela lurbiran, non jainkoek ere artegatu egin zirela, hain punturaino, non detxemak kobratzea ere arriskutan zekutsaten punturaino.
Eta orduan, zer erremedio! Astarteren gogoa bete behar, oraingoan atez ate berreskuratzen joan zelarik, eta hala, jantzi guztiekin hornituta distiratsu, eta aldamenean Tamuz maitea duela, loria osoz atera zirela Infernuetatik Lurrera.Eta orduan, Tamuz berpiztuaren mitoa, larunbateko ilbete-jaietan. Hura poza populuarena. Hura festa eta ospakizuna!
Bada, halako mitoak antzezten zituzten antzina.
Baina gaur egun… Zuberoako Maskaradak baizik etzaizkigu geratzen “zakurraren mundu” honetan. Goza dezagun barne-barnetik, beraz, Maskarada!
Maskarada, Zuberoakoa! Maskarada, Zuberoakoa! Maskarada, Zuberoakoa!