Buruzagi goren maitea
Buruzagi goren maitea –
Buruzagi goren maitea, gaur telebistan ikusi zaitut, zure bihotzeko min guztiarekin azaldu dizkiguzu deabruak bidalitako izurrite suntsitzaile hau geldiarazteko ezarri behar izan dituzun azken neurri murriztaileak.
Gainera, oso ondo azaldu diguzu hiru puntutan neurri horiek zergatik hartu diren; lehenengo biak ez nituen ulertu egia esan, mar, mar, mar eta ez dakit zer; baina hirugarrena, hori bai, hori oso argi geratu zait, txertoa hartu nahi ez duten biztanleen ehuneko hamarrena da erru guztia.
Osasun publikoaren kolapsoa; ostalarien lanerako gaitasuna murriztea eta polizia-lana egin behar izatea, ostera be maskara aire librean jantzita eraman behar izatea, COVID pasaportearen betebeharra gizartean talka sortzea… mar, mar, mar eta txertorik hartu ez duen jendea.
Buruzagi goren maitea, zure lidergo-gaitasun handiaren aurrean harritzen jarraitu besterik ezin dut egin. Beti dago arauak onartzen ez dituen esker txarreko baten bat. Zure dimisioa eskatu duten ostalariak kasu edo subentzionatutako hedabideek ematen digutenarekin konformatzen ez diren negazionistak kasu, ez al dakite ez hauek ez besteak buruzagi batek ez duela dimititzeko eskubiderik, gurea gainditzen duen ahalmen batek aukeratua izan dela lidergorako? Ez al dakite ez hauek ez besteak zientzia erlijio mugetara eraman genuela horretarako, egi absolutua bakarra ezagutzeko eta egi horren bidea gure ahalmenari eskapatzen zaiola?
Tertuliakide politiko gisa diharduen txalo-gile profesional koadrila horretan kritika saiakera eskapatu zen baina; entzun nion bati neurriak berandu zetozela esaten. Dirudienez, haren arabera, lehen ere mugatu behar zenituen herritarren eskubide zibilak. Beno, egia da, ez da larria, baina agintzen dizut nire betebehar patriotikoei erantsiko diedala gaurdanik pertsona honen adierazpenak hurbiletik jarraitzea, bide zuzenetik desbideratu ez dadin. Badakit, buruzagi goren maitea, jende ona badela, bestela ez lirateke han egongo. Baina badakit ere zure bihotz onak batzuetan gainditzen zaituela, eta erne egon behar dugu, etsaia guri zelatan dago.
Ondo asmatu duzu oposizio politikoa merezi duen tokira eramaten. Ez dute txintik esan, neurri kosmetikoena uste dut entzun niola bati, ondo da hori, alderdien legetik hona eskubide urraketa handiena burutu eta neurri kosmetikoena izan da kritikarik gogorrena. Borobila. Baliteke horren ostean buruzagiaren itzalean zein goxo bizi den ikasi eta erantzun hori aplikatzea Tapia legeari baita. Are borobilagoa.
Zalantza bat besterik ez zait gelditu, neurri horiek guztiek porrot egiten dutenean, baliteke hau guztia kristal apurtuen beste gau batekin amaitzea; ez gaizki hartu, ez da horrek arduratzen nauenik, baina horren ostean nork hartuko du ez txertatukoen tokia?
Barka iezadazu, buruzagi maitea, nire fedea ahuldu egin da une batez, ziur nago pentsatuta daukazula eta bere garaian jakingo dugula.
Ez dut laket inor kritikatzea… Urkullu Jaun Txit Gorela bezalakoak salbu…
Bere Botere Gose genetikoaz gain, harroxka edo Harrrrrooo totala dok, eta horretarako estupido hutsa izan behar.
Oso ongi azaldua Laudiotarrak!
Ez-Txertatuak zigortzea (horretarako ere Boteretsu sena behar dok) itsu izatea behar da. Hau da, Asto belarrikoak eroatea.
Baina bakigu erran zaharra: “Ez zegok itsu itsuagorik, entzun nahi ez duena baino”
Txertatu ez nahi dutenek besteon askatasuna mugatzen digute. Ebidentzia bat da
Txertoa ez da panazea izango, baina begi bistakoa da funtzionatzen duela. Askatasun murrizketa, hein batean txertatu nahi ez dutenengatik gertatzen da. Ia bi hilabete egon ginen etxean itxita, hori ez al da askatasun murrizketa?.
Hainbat neurri tontakeri hutsak dira, ados (musukoa kaletik ibiltzea, taberna barrutan denok musukorik gabe gabiltzanean), baina guztiok txertatuak egongo bagina neurri horiek kenduko lituzkete. Inolako festa, ekitaldi, kontzertu etab. egin ahal ez izatea guztion osasun mentalean eragina dauka. Eskerrak birusa ahuldu eta tunelaren amaiera ikusten hasi garen, ez behintzat negazionistoi esker. Gauza da egi ofiziala zalantzan jartzea eta bestea ebidentzia ukatzea.
Ni urrunago joango nintzateke lanera joateko txertatu egotea derrigortuz eta horrela akabo tontakeriak.
Nire askatasuna besteena hasten den lekuan amaitzen da.
Hitz egizak hire izenean, ni poz-pozik bizi nauk nire gau irakurtaldi eremutarrean inolako besta, kontzertu, pub eta parekorik gabe. Baboak etxe azpitik kendi ditiztek, hori duk kudeaketa txar honen gauza on gutxietakoa. Hau bai duala lasaitasuna eta osasun mentala eta ez zuk “guztiona” deritzozuna.
Ironiaz beteta dago bizitza. Ironikoa da hor baitaudelako txertatuak haien pasaportearekin besteak tabernetan kutsatzen, haien askatasun esparru minimoaz gozatzen. Hala da, jaun andreok, txertoek ez dute transmisioa eragozten, txertoek gaixotasunaren larritasuna apaltzen dute. Beraz? Bakoitzaren hautua beharko litzateke txertatxea edo ez, bakoitzaren osasuna baitago jokoan, besteena gutxiago.
Lehen Arreta txertatuek ere kolapsatu dute, ospitaleak gehienbat ez txertatuek kolapsatu arren. Argudio honekin datorkidanak esan diezadala orduan zer egingo dugun haien osasuna arriskuan jartzeagatik ospitalean bukatzen dutenekin: erretzaileak, alkoholikoak, azkarregi gidatzen dutenak, obeso morbidoak… Horiek ere haien hautuaren okerraren aurka txertatu? Nola?
Egun ona izan dezazuela eta ez zaiteztela ezer txarretaz kutsatu.