Txillardegiren itsasoan murgilduta

Txillardegiren itsasoan murgilduta –

Txillardegiren ekoizpen literarioa itsasoaren erdian dagoen gizon baten irudiaren antzera izan daiteke: Txillardegi txalupa batean nabigatzen ari dela, txalupa horretan etengabe ateratzen diren zuloak estaltzen saiatuz, baita urperatzea eta ondoriozko hondamendia saihesten ere dabilela.

Txillardegiren itsasoan murgilduta
Txillardegi, EHE-en 2011ko manifestazio baten amaieran. Arg: Oier Aranzabal

Txillardegik, kasu honetan, bere idazkien bidez, bulkada kolonialaren infiltrazio diren kultura eta politika zulo horiek detektatu, diagnostikatu eta alternatibak proposatu zituen Euskal Herria errotiko alienazioaren itsas hondoan ez galtzeko.

Txillardegiri buruz ari garela, haren heriotzaren hamargarren urteurrenean, kontakizun biografikoen ohiko linealtasuna ariketa konplexuago bihurtu behar dugu, intelektual gisa hainbat eremu geografikotan, soziokulturaletan zehar mugitzean oinarritzen den ibilbideari ekiteko, elkarren artean gainjartzen diren esperientzien eta ideien aniztasunaren berri emateko. Esperientzia eta ideia horiekin hitz egin zuen Txillardegik berak hil arte. Horrela uler daiteke, beraz, haren biografiak, eboluzio linealak baino gehiago, desplazamendu horiek erakusten dizkigula euskal prestakuntza intelektualaren dinamikari eta pentsamendu garaikideari erantzuten dietela, batez ere.

Horregatik antolatu dugu honako hitzaldi sorta hau Donostiako San Telmo museoan arratsaldeko zazpietan: Txillardegiren hizkuntza politikaren oinarriak eta gaurkotasuna, Araitz Aizpuru eta Iñigo Urruti (gaur, urtarrilaren 11n); Kronikak liburuaren aurkezpena, Koldo Izagirre, Garbiñe Ubeda, Juan Luis Zabala eta Gorka Bereziartua (urtarrilaren 13an) eta Txillardegi: Euskalgintza eta Txillardegi: intelektuala eta gizartea bi liburu berriren aurkezpena, Alaitz Aizpuru, Lorea Agirre eta Igone Lamarain (urtarrilaren 18an).

Txillardegiren itsasoan murgilduta
Arg: Oier Aranzabal

Txillardegik arretaz aztertu zuen, bere lanean funtsezko bi ardatzen bidez —hau da, hizkuntza, politika eta kultura nazionalaren bidez—, subjektu politiko berri baten azalpena, egitura kolonialak desitxuratzen zituen euskaldunon harrotasuna. Bere lan osoan zehar, bi zati handi bereizten dira, baina integratuak: berea bidaia intelektual bat izan da, eta ez zituen garai hartako ohiko Hizkuntzalaritza eta Gizarte Zientzien antolakuntza-kategorietako ia bat ere bere hartan onartuko. Aldi berean, berarentzat behintzat, ez zuten balio bere subjektibazio-prozesuetan kolonialismoaren kritika egiteko pentsatutako eta eraikitako espazio arruntek.

Franz Fanonen antzera, kondenatuen paisaia bihurri horietan murgilduta, ibilbide bati hasiera eman zion hizkuntza kolonizatutik ondoriozko zapalkuntza politikoraino, Euskal Herriaren aldarrikapena ekarri zuena, kultura nazionala borrokaren ardatzetan jarriz. Nazioa, lurraldea, kultura eta beste arazo batzuen bidez, eta hainbat autoreren eta kultur posizioak zirela medio, Txillardegiren jarrera ez litzateke izate-nazionala argitzea izan nahi, nazio-kidetza azalaraztea baizik, egon izan beharrean alegia, kolonialismoaren aurka borrokatuz betiere.

Txillardegik egoera kolonialaren hizkuntza-dimentsioan kokatu gintuen, baita kondenatutako hizkuntzatik askatzeko borrokara doan bidean ere. Entzun ez den hizkuntza, eta kolpeekin isildu dena, baina bere ahotsaren aldarrikapenean literatura-alternatiba berriak aurkitzerik izan dituena. Erregimen kolonialari norberaren bizitzaren nahiz heriotzaren bidez desafio egitea eta betirako markatua geratzea, baina unibertsalizazioa berria imajinatzeko gauza izanda eta Euskal Herriak behar zuen eta behar duen hiztunen komunitatea taxutzeko loturak eraikitzeko gai izan delarik.

Euskara literario bateratua proposatu eta praktikan jartzen lagundu zuen, eta, hori gabe, gaur eta hemen ezin izango nuen hauxe bera idatzi ere egin.

Eskerrik asko Jose Luis, hil zinenetik hamar urte pasa arren jaio zinen hirian merezi duzun aitortza ofizialik oraingoz eman gabe badago ere, gugan zaude, bizirik bezain eragile. Zu zeu…

 

Txillardegiren itsasoan murgilduta  Txillardegiren itsasoan murgilduta

Idazlea. EHU-n eta UEU-n irakasle.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude