Donostiako Zinemaldiak ikusleei zuzendutako argazki lehiaketa antolatu du
Aurtengo Donostiako Zinemaldian zeu ere izan zaitezke protagonistetako bat nazioarteko film eta aktore handiekin batera, ikusleei zuzendutako lehen argazki lehiaketa antolatu baitu bere Facebookeko orriaren bidez. “Gure ikuspuntua badakigu zein den; zurea nahi dugu” leloarekin, zinemaren festan parte hartzera gonbidatzen zaitu.
Giroa, jendea, gonbidatuak, instalakuntzak… Zinemaldiari lotutako edozer gauza edo une harrapa dezakezu zeure kamerarekin. Irailaren 15a eta 24a bitartean aurkeztu beharko dituzu argazkiak eta lagunen babesa lortu zure argazkiari botoa emateko. Zinemaldiko hiru antolatzailez osatutako epaimahaiak aukeratuko du argazki irabazlea boto gehien dituzten 10 argazkien artean.
Irabazlearen izena irailaren 24an bertan ezagutzera emango da eta egun berean Miramar jauregian ospatuko den Zinemaldiko amaiera-jairako bi gonbidapen eskuratuko ditu, baita Zinemaldiko produktu-sorta eta urteko argitalpenak ere.
Zein da zeure Zinemaldiaren ikuspegia?