Madrilera joan ala ez eztabaida alboratuta, abertzaleek inoizko emaitzarik onenak lor ditzakete
1986 eta 1989 urteetan abertzaleek 11 ordezkari izan zituzten Madrilen. 2000. urtean Euskal Herritarrok-ek abstentziorako deia egin zuenetik alderdi abertzaleen ordezkaritza EAJren esku izan da ia oso-osorik. Aurten, ordea, gauzak berriz ere aldatu egingo dira. Zabaldu berri den Bildu-k eta EAJk inoiz baino ordezkaritza gehiago izango dute.
Bi hilabete eskas gelditzen dira Espainiak presidente berria izateko. Etxetik begiratuta urrats sinboliko pisutsua izan daiteke abertzaleek jasoko duten babesa eta ordezkaritza.
Hego Euskal Herrian azken legegintzaldietako parte hartze zabalena izan daiteke, izan ere ezker abertzaleak abstentzioari uko egin dio eta legezko ordezkaritza izateko aukera du. 15 urte igaro dira ezker abertzale tradizionalak Espainiako Kongresuan ordezkaritza lortu zuenetik. Jon Idigoras eta Rafa Diez izan ziren HBren azken ordezkariak. “Euskal Herritik zuen esku zikinak atera“, esan zuen Jon Idigorasek orduko hartan (youtuben ikusgai). Badirudi “hauteskunde arrotzei zilegitasuna kentzeko” abstentzioaren jarrera alboratu egin duela ezker abertzaleak ziklo politiko berri honetan. Hala eta guztiz ere, badira jarrera horri eusten dietenak, Pako Aristi idazleak Berrian idatzitakoa horren erakusle. Ikusteke dago hemendik azaroaren 20ra abstentzioaren jarraitzaileek ikusgarritasunik izango duten.
1996tik 2011ra errusiar mendia baino gorabeheratsuagoa izan da Euskal Herriko egoera politikoa. Bitarte horretan ETAk hiru su-eten adierazpen egin ditu, Lizarra-Garazi igaro da, Aralar jaio, 2006an T4ko atentatuarekin su-etena lehertarazi, ezker abertzalea legez kanporatu dute, EAJ Ajuria Eneatik kanporatua izan da, PSOEk zortzi urtez agindu du… eta ezkerreko alderdi abertzaleak batu egin dira. 2011ko maiatzean ezker abertzalearen estrategia eta jarrera aldaketak milaka bozka hurbildu zituen Bildurengana, eta azaroan lagun berria izango du koalizioak: Aralar. Atzera bueltarik gabekoa dirudi ETAren aldetik ekintza armatuak uzteko erabakiak. Hala, EAJtik at dauden abertzaleen arteko aldarrikapenak eta horien aldeko jardunbideak hurbildu egin dira. Orain gutxi arte “polo subiranista” deitzen zena gauzatu egingo da hauteskunde hauetan.
Emaitza onak abertzaleentzat
Jakina da Espaniako Hauteskunde Orokorretan PSOEk edo PPk Hego Euskal Herriko Udal eta Foru hauteskundeetan baino boz gehiago lortzen dituztela. Espainiako presidentea txarren artean onena izan dadin hartutako erabakia izan daiteke askorentzat. Esaterako, 2008an EAJ PSEren atzetik izan zen Araban, Gipuzkoan nahiz Bizkaian.
Hala ere, alderdi abertzaleak Madrilen inoizko ordezkaritza zabalena izatetik hurbil dira. Bilduk (izena aldatu daiteke) bere baitan hartuko ditu ezker abertzalea (Sortu?), Aralar, Eusko Alkartasuna eta Alternatiba. Bestalde, EAJk azken hauteskundeetan lortutako 332.000 botoak mantentzeko asmoa izango du.
Arabatik lau ordezkari aterako dira, Nafarroatik bost, Gipuzkoatik sei eta Bizkaiatik zortzi. Orotara, 23 euskal ordezkari. Abertzaleek 80. hamarkadan izandako 11 ordezkariak gaindituko dituztela dirudi.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Bildu EAJren pare izan daiteke. Udal hauteskundeetako emaitzei erreparatuz, Bilduren 270.000 botoei 37.000 boz gehi dakizkieke, Aralarrek jaso zituenak, alegia. Orotara, EAEn soilik 300.000 baino gehiago. EAJk 332.000 lortu zituen, hurbil ibiliko dira ba koalizio abertzalea eta jeltzaleak. Udal hauteskundeetako emaitzak estrapolatuz, EAJ eta Bilduren artean 13 diputatu lor ditzakete, PP-PSOEk 5.
Nafarroan oraindik erabakitzeke dago NaBai-ko kide eta alderdiek hartuko duen bidea. Aralarren erabakia ia atzeraezina izanda, EAJ eta “independienteek” zirt edo zart egin beharko dute. Bilduri norgehiagoka egitekotan azken momentura arte ustekabekoa izango da NaBairen arrastoen emaitza.EAJk eta “independienteek” emaitza “onak” lortuz gero (nahiz eta haiek ordezkaritzarik lortu ez) bi diputatu abertzale lortzetik bakarra eskuratzera igaroko lirateke. Onenean, Nafarroan banatzen diren 5 eserlekuetatik 2 abertzaleentzat lirateke.
Eta gero zer?
Espaniako Kongresuan ordezkaritza izateak oihartzun politiko-mediatikoa emango diote abertzaleen ahotsari. Espainiaren instituzioen bihotzean Euskal Herriko abertzaleen aldarrikapenak erakustarazteko aukera izango dute. Gainera, PP eta PSOEren arteko aldea estua izanez gero, erabaki asko hartzerako orduan gakoa izan daitezke.
Espainiako zapatan harri txintxorra edo koskorra izateko aukera izango dute EAJk eta Bilduk. Hauteskunde garrantzitsuak, ordea, 2013koak izango dira, lehendakari berria hautatzeko ordua izango baita. Hala ere, hauteskundeetatik haratago, bake eta normalizazio bidean egindako urratsak izango dira Euskal Herriko politikaren muina.
Esquerra Republicana de Catalunya-rekin batera aurkezteak zer ekar lezake panoramara?
Posibleote da halako aliantzarik egitea?
Bildu eta Aralar zein izenekin aurkeztuko dira?, Euskal Errepublika Zale Ezkertiarrak (EZE) agian?