Komunitate digital batean ibiltzeko oinarriak

Sare sozialetan ibiltzean enpresek eta erakundeek bi ezaugarri hartu behar dituzte kontutan, batetik, komunikaziorako tresnak direla, alegia, adierazteko eta entzuteko direla, eta bestetik, jarraitzaile edo lagunen arteko harreman zuzena balitz bezala jardun behar dutela, ahal bezain pertsonalki.

Idatzi honetan jarduteko erari buruz arituko naiz, eta momentuz alde batera utziko ditut sare sozialetako helburuak eta estrategia. Baina gogoan izan sare sozialetara jauzi egin baino lehen, enpresak argitu beharreko bi galdera direla. «Zergatik ireki nahi dut kontu bat Facebook-en? zer estrategia erabiliko dut Twitterren jarduera sortzeko nire markari buruz?». Oinarrizko hausnarketa eta planifikazioa beharrezkoak dira sare sozialei etekinak ateratzeko.

Estrategia pentsatu dugula eta hura gauzatzen ari garela, besteen ekarpen, galdera eta kritikeei kasu egin beharko diegu, erantzun eta baloratu, besteak beste. Gorrarena egiteak ez du balio, batetik, jarraitzaileak bere iritzia garrantzirik ez duela pentsatuko duelako, eta bestetik, markaren aurkako iritzia zabaltzen utziko delako, iruzkina ezkorra bada. Baina babesten eta sustatzen den markaz haratago, jakin beharko da gure inguruan dagoen komunitate digitalaren kide izaten. Horretarako ez da beldurrik izan beharko besteren batek jarritako eduki interesgarri bat retuiteatzeko edo elkarbanatzeko, edo arloarekin zerikusirik ez duen galdera bati erantzuteko. Jarraitzaileak sentitu behar du marka hori ez dagoela sare sozialetan bere produktuak eta zerbitzuak saltzeko bakarrik, baizik eta bere jarraitzaileak lagunduz konfiantzazko harremana lortzeko. Horretarako ezinbestekoa da jarraitzaileak jarraitzea. Sare sozialak soilik iragartzeko erabiltzen badira, nire ustez, daukaten gaitasunaren %10a baizik ez dira erabiliko.

Berriro gurera itzuliz eta aipatutako hurbiltasun hori lantzeko, sare sozialaren enpresako arduradunak doinu infomala erabili beharko du, onomatopeak eta burutxoak erabiliz, besteak beste. Sustatuko dituen esteka, bideo eta argazkirekin iruzkin pertsonal bat gehitu beharko du. Inoiz ez jarri esteka bat bakarrik, Lady Gaga, Nike edo CocaCola bazarete ere, inork ez duelako http://bit.ly/qGykM7 itxura duen esteka batean klikatuko. Ildo beretik, baina beste muturrean, ez erori sentsazionalismoan, eta ez jarri adibidez, « Breacking news » albistea duela lau ordukoa denean.

Autobomboa saihestu, bizitza normalean ere ez baititugu gustuko bakarrik haien buruz ari diren pertsonak. « Ni……, ni……. eta ni……. ». Arrazoi beragatik ez tuiteatu edo sustatu hamar aldiz gauza bera. Agian lehen aldian sarean ez zen irakurle baten arreta lortuko da, baina beste bat aspertuko ere. Eta zure markarekin aspertuta dagoen jarraitzaile bat berreskuratzea berri bat lortzea baino askoz zailagoa da, zure irudi ezkorra daukalako dagoeneko.

Gisa berean, ez egin galdera faltsurik. Zu retuitzea ez eskatu. Zure jarraitzaileak berez egingo du edukia interasantea iduritzen bazaio, edo esku kolpe bat merezi duzula iruditzen bazaio. Ez egin inolako eskakizunik iPad edo tablet bat zozketatzeko ez baduzu behintzat. Bestela, denbora galtzen arituko zara.

Krisiak. Gauzak ongi eginez gero, etekin asko atera daitezke sare sozialetatik, baina beraien arriskuak ere badituzte, plataforma  irekiak direlako azkenean. Kritikaren bat ez da soilik enpresara iristen. Web 2.0 delako horretan barreiatzen da, eta oso azkar egin dezake gainera. Horregatik guztiz gomendagarria da larrialdietarako protokolo bat izatea enpresan, larrialdiak zein izan daitezkeen pentsatu eta gero, hauei erantzuteko urratsak aurreikustea, alegia. Etxeko lanak eginda harrapatuz gero, krisi baten ondorioak askoz ere txikiagoak dira.

Iritzi trukaketa batean, berriz, naturalki jardun, eta beldurrik ez izan arrazoia emateko, hala bada, edo tinko eusteko, hala ez bada. Gezurretan ez aritu, eta arestian nion bezala, kritikak ez utzi airean. Ahal bezain azkar erantzun, lan taldearekin argudioak egiaztatu eta gero. Gauza ageriak dirudite guzti horiek, baina begiratu jarraitzen dituzuen enpresa eta erakundeen artean zenbatek ez dituzte errespetatzen. Apustua egiten dizuet erdira baino gehiagora iritsiko zaretela.

Bestalde, libre sentitu hemen aipatu ez ditudan eta zuen egunerokotasunean konprobatu dituzuen beste aholku batzuk gehitzeko. Ezagutza partekatzea garapena omen dakar.

facebook, Google, harriague, komunikazioa, linkedin, sare-sozialak, Twitter, xan
Xan Harriague

GAUZA AGERIA

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude