Jaurlaritzak 5 milioi euro eman dizkie hedabide batzuei, beste hainbat kanpoan utziz
Jaurlaritzak 5 milioi euro eman dizkie hedabide batzuei, beste hainbat kanpoan utziz –
Argia aldizkaritik.
Pandemiaren eraginari aurre egiteko eta “hedabide profesionalek duten funtzio garrantzitsua” aintzat hartuz, hainbat hedabideri 5 milioi euro eman dizkio Eusko Jaurlaritzak, CIESen eta interneteko audientzien araberako proportzioan. Baina eguneroko prentsa idatziari eta irratiari baino ez dio dirua eman (diruaren %93,4 gaztelaniazko hedabideei), eta baztertu egin dituzte interneten egunero dabiltzanak, astekariak, tokiko hedabideak, espezializatuak, herri-telebistak…
Bost milioi euro horietatik %93,4 gaztelaniazko medioei eman die Eusko Jaurlaritzak, eta %6,6 euskarazkoei. Vocento taldeak (El Correo eta Diario Vasco) 2,4 milioi euro jasoko ditu, Noticias Taldeak (Deia, Noticias de Gipuzkoa eta Noticias de álava) 843.000 euro, Gara egunkariak 305.000 euro eta Berriak 290.427 euro. Irratietan, SER kateari eman diote diru gehien (520.244 euro). Diru banaketaren zerrenda, xehe, albiste honen amaieran irakurri dezakezue.
.
COVIDari lotutako publizitatea ere, hedabide batzuetara baino ez da iritsi
Horrez gain, koronabirusak eragindako kaltea arintzeko modua ere izan da publizitate instituzionala. Baina COVID19ari lotutako publizitatea jartzeko, hedabide batzuk lehenetsi ditu argi eta garbi Eusko Jaurlaritzak. Hau da 2020ko datuen zerrenda: Correo 691.969,53 euro, Diario Vasco 413.018,94 euro, SER 313.262,06 euro, Deia 312.466.68 euro, Gara 257.507.86 euro, Noticias de Gipuzkoa 170.378,55 euro, Berria 160.772,57 euro, Noticias de Álava 139.627,59 euro, 40 Principales 100.438,35 euro, Onda Cero 84.902 euro, Onda Vasca 64.429,29 euro, COPE 52.933,66 euro, Nervión irratia 37.505,16 euro, Herri Irratia 22.579,12 euro, 7 Radio 18.709,94 euro eta Bizkaia Irratia 13.648,59 euro.
ARGIAk, COVID19ari lotutako publizitate instituzionalean 2.752,07 euro jaso ditu.
Zein irizpideren arabera utzi dituzte kanpoan “lurrikara ekonomiko” hori jasan duten eta funtzio garrantzitsua izan duten sektoreko hainbat hedabide, tartean ARGIA?
.
Zein irizpide darabil Jaurlaritzak?
Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak bi ezaugarri nabarmendu ditu 5 milioi euroko zuzeneko diru partida hau onartzeko: COVID19ak eragindako “lurrikara ekonomikoa” batetik, eta pandemia garaian “agerikoa” izan den “hedabide profesional eta gertukoen funtzio garrantzitsua eta eraginkortasuna” bestetik. Hori horrela, zuzenean egin diogu galdera Eusko Jaurlaritzari: zein irizpideren arabera utzi dituzte kanpoan lurrikara ekonomiko hori jasan duten eta funtzio garrantzitsua izan duten sektoreko hainbat hedabide, tartean ARGIA? Erantzuna motza izan da: “Egiturazko gastu gehien dituzten euskarriak izan ditugu kontuan”. Egoera zaila, ordea, komunikabide guztiok bizi dugu, ez soilik bakar batzuek.
Beste behin, agerian geratu da diru publikoarekin zein indartzen eta zein baztertzen den gure instituzioetatik, zeini ematen zaion sostengu ekonomikoa aurrera egiteko eta zeini ez, joko-zelai berean aritu arren baliabide publikoen desoreka handia dela azaleratuz, hedabide independenteon kalterako.
Beste behin, agerian geratu da diru publikoarekin zein indartzen eta zein baztertzen den gure instituzioetatik, joko-zelai berean aritu arren baliabide publikoen desoreka handia dela azaleratuz
.
Bost milioi euroak horrela banatu ditu Jaurlaritzak:
- El Correo 1.608.716,91 €
- Diario Vasco 747.535,64 €
- Deia 558.126,27 €
- Gara 305.580,45 €
- Berria 290.427,70 €
- Noticias de Gipuzkoa 171.731,16 €
- Noticias de Álava 113.645,62 €
.
- SER 520.244,41 €
- Nervión-Gorbea 224.765,78 €
- Cope 174.256,62 €
- Onda Cero 123.747,45 €
- Onda Vasca 73.238,29 €
- Radio Popular 25.254,58 €
- 7 Radio 22.729,12 €
- Bizkaia Irratia 40.000 € (audientzia kontuan hartuz 17.678,21 euro dagozkio, baina 40.000 euro ematen zaizkio, euskarazko irratia izateagatik).
Jaurlaritzak 5 milioi euro eman dizkie hedabide batzuei, beste hainbat kanpoan utziz
Ez daukar ezertxo ere BIZKAIA Irratiaren kontra, jakina,
baina beste euskal hedabideek ere ez al dute merezi GRAZIA bera?
Erraza baitziteeken hori, Hedabide erdaldunen lepotik.
Erakunde publikoetatik hedabideetara zero euro bideratu beharko lirateke, legez eta konstituzioz ere debekatu beharko litzateke, erakunde publikoen eskuzabaltasunetik bizi diren unean bertan galtzen baitute askatasuna.
Aske izateko dirua behar da, existitzeko ere esango nuke hasteko, eta ondoren bizirauteko. Eta euskaraz existitzeko eta bizirauteko?
Kasu oso ezberdinak dira hedabide korporatibo handiak eta euskarazko hedabideak, gehienak txikiak. Euskarazko erabiltzaileen komunitatearen eskubideez ari gara hemen, euskaraz informatua izateko aukerak emateaz euskal komunitateari. EJk hori bermatu behar du. Erderaren eta lagunen klientelismo kultura laguntzen du EAJren halako moduko kudeaketak eta diru banaketak, hizkuntza irizpidea ahaztuz edo bigarren mailan jarriaz beti. Ez dakit euskarazko hedabide eta kulturan ari direnengan sortzen duten abandonu sentipen mailaz konturatzen diren ere…