Covid-19aren ondorioei aurre egiteko Jaurlaritzak emandako laguntzak gainerako euskarazko komunikabideei zabaltzeko eskatzen du Hekimenek

Covid-19aren ondorioei aurre egiteko Jaurlaritzak emandako laguntzak Hekimenek –

Eusko Jaurlaritzak Covid-19ak eragindako kalteak arintzeko asmoz zenbait komunikabideri emango dien laguntza gainerako euskarazko komunikabideei zabaltzeko eskatzen du Hekimen Euskarazko Hedabideen Elkarteak.

Kazetarien lana Covid-19aren krisian #bizipenakCovid-19ak eragindako pandemiaren ondorioak latzak izaten ari dira komunikabideen eremuan eta, noski, baita euskarazko hedabideen kasuan ere. Pandemia hasieran egin genuen azterlanak argi erakutsi zuen, besteak beste, publizitatean jaitsiera nabarmena jasaten ari garela edota harpidetzetan ere murrizketa gertatzen ari dela. Eta horri guztiari pandemia zeharka eragiten ari den bestelako ondorioak ere gehitu behar zaizkio (paperaren, argindarraren edota erregaien garestiztea). Diru-sarrerak murrizten ari diren bitartean, gastuak handitzen ari dira eta horrek asko zailtzen du komunikabideen biziraupena. Hori da komunikabideen egoera, baina guztiona, ez bakar batzuena soilik. Ondorioz, ez da ulertzen Jaurlaritzak laguntza hauek komunikabide jakin batzuetara soilik bideratzea. Are gehiago, bere garaian, azterlanaren emaitzekin batera, euskarazko komunikabideetan pandemiaren ondorioak leuntzeko neurriak ere eskatu genituenean.

Are gehiago, ez da ulertzen diru-banaketa horretan, euskarazko komunikabideek %6,6 bakarrik jasotzea. Euskararen normalizazioaren ikuspegitik euskarazko komunikabideen lana ezinbestekoa den heinean, ezin dira Covid-19ak eragindako ondorioen aurrean babesik gabe utzi, txertatu gabe utzi. Izan ere, hori Covid-19aren aurkako txertoa hautatutako batzuei soilik jartzearen parekoa litzateke. Ulergaitza egiten da aldizkari orokorrak, tokiko hedabideak, espezializatuak, herritelebistak… babes neurri horretatik kanpo uztea. Zer herri-eredu du buruan Eusko Jaurlaritzak dirua horrela banatzen duenean? Zer iritzi du ekosistema mediatikoari buruz?

hedabideak euskalPandemiak hedabide guztiak jo ditu gogor, baina egitasmo txikiak dira ondorioak gehien jasan dituztenak, izan ere, txikiak dira bestelako diru sarreretara heltzeko arazo gehien dituztenak (publizitatea, publizitate instituzionala, dirulaguntza bereziak…). Komunikabide askorentzako egoera kritikoa da eta hainbat egitasmoren biziraupena jokoan dago. Txertoekin bezala, lehentasuna zahurgarrienek izan beharko lukete. Zergatik lagundu handienak bakarrik, irismen-datuetan oinarrituta? Zer komunikazio ekosistema sustatu nahi du Eusko Jaurlaritzak?

Euskarazko komunikabideek pandemia garaian ahalegin berezia egin dute, ez bakarrik informazio gaitasunari eusteko, baizik eta gaitasun hori indartzeko. Ahalegin berezia, bakoitzak bere esparruan pandemiak eskatzen zuen neurrian erantzuteko. Eta herritarrek ahalegin hori eskertu dute. Ikusi besterik ez dago pandemia garaian nola handitu den euskarazko komunikabideen kontsumo digitala. Horrelako laguntza puntualek edota berrikuntzari lotutako inbertsioek euskarazko komunikabideak kontuan hartzen ez badituzte, zaila izango da aurrera egitea.

Honegatik guztiagatik, Hekimen elkartetik Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu Covid-ak eragindako kalteak arintzeko helburuz onartutako laguntza hauek euskarazko gainerako komunikabideei ere zabaltzea.

Andoainen, 2021eko azaroaren 24an

hekimen

Covid-19aren ondorioei aurre egiteko Jaurlaritzak emandako laguntzak gainerako euskarazko komunikabideei zabaltzeko eskatzen du Hekimenek

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

3 pentsamendu “Covid-19aren ondorioei aurre egiteko Jaurlaritzak emandako laguntzak gainerako euskarazko komunikabideei zabaltzeko eskatzen du Hekimenek”-ri buruz

  • josu naberan 2021-11-24 19:29

    Esan beharko zenukete, zehazki, zeintzuei BAI zentzuei EZ dieten eman, nahiz eta orokorki badakigun, jakin. E.A.J, (barka, E.Jak zeintzuk maite dituen, eta baita euskera ez zaiola axola folklore mailan baino.

  • ARGIAtik jasotako datuak:

    5 milioi euroak horrela banatu ditu Jaurlaritzak:

    El Correo 1.608.716,91 €

    Diario Vasco 747.535,64 €

    Deia 558.126,27 €

    Gara 305.580,45 €

    Noticias de Gipuzkoa 171.731,16 €

    Noticias de Álava 113.645,62 €

    Berria 290.427,7€

    SER 520.244,41 €

    Nervión-Gorbea 224.765,78 €

    Cope 174.256,62 €

    Onda Cero 123.747,45 €

    Onda Vasca 73.238,29 €

    Radio Popular 25.254,58 €

    7 Radio 22.729,12 €

    Bizkaia Irratia 40.000 € (audientzia kontuan hartuz 17.678,21 euro dagozkio, baina 40.000 euro ematen zaizkio, euskarazko irratia izateagatik).

  • COVIDari lotutako publizitatea ere, hedabide batzuetara baino ez da iritsi
    Hau da 2020ko datuen zerrenda: Correo 691.969,53 euro, Diario Vasco 413.018,94 euro, SER 313.262,06 euro, Deia 312.466.68 euro, Gara 257.507.86 euro, Noticias de Gipuzkoa 170.378,55 euro, Berria 160.772,57 euro, Noticias de Álava 139.627,59 euro, 40 Principales 100.438,35 euro, Onda Cero 84.902 euro, Onda Vasca 64.429,29 euro, COPE 52.933,66 euro, Nervión irratia 37.505,16 euro, Herri Irratia 22.579,12 euro, 7 Radio 18.709,94 euro eta Bizkaia Irratia 13.648,59 euro.

    ARGIAk, COVID19ari lotutako publizitate instituzionalean 2.752,07 euro jaso ditu.