“Literatura eta Musika Euskaraz” zikloa Arriaga Antzokira itzuli da
“Literatura eta Musika Euskaraz” zikloa Arriaga Antzokira itzuli da –
“Literatura eta Musika Euskaraz” zikloa Arriaga Antzokiko foyerrera itzuliko da eta bost ikuskizun eskainiko ditu denboraldi honetan.
Hauxek dira bost proposamenak:
- Harkaitz Cano + Trizak (azaroaren 29an)
- Oskarbi (abenduaren 13an)
- Olatz Prat, Joxan Goikoetxea eta Iosune Mari?n (2022ko urtarrilaren 17an)
- Katixa Agirre + Maite Larburu (otsailaren 21ean)
- Esti eta Mikel Markez (martxoaren 21ean)
Gurekin dugu “Literatura eta Musika Euskaraz” zikloaren beste denboraldi bat. Arriaga Antzokiak eta Bilboko Udaleko Euskara Sailak bultzatutako zikloa foyerrera itzuliko da, gainera. Bertan egiten zen joan den urtera arte; orduan, Covidaren erruz Arriaga Antzokiko espazioak egokitzearen poderioz agertokira eraman ziren-eta. Foyerrera itzultzeak, zalantzarik gabe, mesede egiten dio ziklo honetan aurkezten diren proposamenen giro bereziari, erosoagoa eta intimistagoa izango baita. Ikuskizunen estiloarengatik eta/edo ezaugarriengatik ere aproposagoa da Arriaga Antzokiko espazio eder hau.
2021/2022 denboraldi honetan bost ikuskizun eskainiko dira “Literatura eta Musika Euskaraz” zikloaren barruan: lehenengoa azaroan bertan izango da, hilaren 29an, hain zuzen ere. Harkaitz Canok ahotsa jarriko die egun horretan Raymond Carver poetaren testuei, Trizak hirukote musikalak lagunduta, zeinak kontakizunak indartuko baititu Jazzaren erritmoaz. Hasier Oleagak (bateria), Julen Izarrak (saxoa) eta Jon Pirisek (kontrabaxua) Canoren irakurketa eta interpretazioa girotuko dituzte. Canok euskaratu ditu Carverren poemak, eguneroko bizitzako zirrikitu gordinenei txinparta poetikoak ateratzeko gaitasuna gure hizkuntzan erreproduzituz. Ikuskizuna, “Zerbait gertatzera doa edozein unetan izenekoa“, Arriaga Antzokian estreinatuko da.
2021eko bigarren eta azken hitzordua Oskarbi taldearen kontzertua izango da. Euskal talde mitikoak bere ibilbide luzearekin jarraitzen du (1966-2021) eta oraingo honetan bere hamabigarren diskoa ezagutzera emango digu: “Kantua zueri”. Lan honetan, musika eta ahots-harmonia zainduak uztartzeko maisutasuna erakusten dute berriro, eta horrek, zuzenean eta foyerraren hurbiltasunean, ikusleak hunkituko ditu, zalantzarik gabe.
.
2022an jarraituko du
2022ko urtarrilaren 17an iritsiko da zikloaren hirugarren emanaldia, non Shakespeareren sonetoak euskaraz entzungo diren “Oro aski ez” izeneko errezitaldi ederrean: Olatz Prat abeslariaren eta Joxan Goikoetxea instrumentistaren eskutik izango da, oraingoan pianoan eta akordeoian; eta bera arduratu da ere musika moldaketez. Biekin batera, bere ahotsa batuz eta gitarrarekin lagunduz, Iosune Mari?n abeslaria egongo da.
Otsailaren 22an, Katixa Agirrek, batez ere idazle gisa ezaguna denak, eta Maite Larburuk, batez ere abeslaria eta musikagilea denak, indarrak batuko dituzte errezitaldi batean, eta kantuen eta ipuinen artean, letren eta abestien artean, biak ere bi diziplinen artean mugituko dira. Ikuskizunaren izenburua “Kax-Kax-Kax!” da, eta honako premisa hau izango du abiapuntu: bizitza, funtsean, irekitzen diren edo irekitzen ez diren ateen joko bat da, zeharkatzera ausartzen gara edo ez, eta ikusleei ere gonbidapena egingo diete: sartzeko… edo, agian, kanpoan geratzeko, badaezpada ere. Agirreren eta Larbururen asmamena ezagututa, proposamena interesgarria izango dela espero dezakegu.
Azkenik, “Literatura eta Musika Euskaraz” zikloak bosgarren emanaldi bat eskainiko du, senitarteak eskaintzen duen gertutasuna bermatuko duena, izan ere Esti eta Mikel Markezen eskutik izango da. Ikusleek 2022ko martxoaren 21ean dastatu ahal izango dituzte, Arriagan, duela gutxi bien artean argitaratutako Azal berritzen diskoa osatzen duten abestiak, poeta eta bertsolari garaikideen testuetan oinarritutakoak. Lan horretan hamar abesti biltzen dira, Esti Markezek konposatutako bost eta Mikel Markezek konposatutako beste bost. Baina, artista bakoitzak bere abestiak konposatu dituen arren, bestearen abestietan ere parte hartzen dute, gitarra jotzen edo ahotsa jartzen, Arriaga Antzokian agerian jarriko duten bezala.
Sarrerak salgai dira, HEMEN.
“Literatura eta Musika Euskaraz” zikloa Arriaga Antzokira itzuli da