Zizkoitz lepoko harriak

Zizkoitz lepoko harriak –

1991ko azaroaren 3an Pantxoa Saint-Esteben zizelkariak Maurice Abeberri (1926-1988) zenaren omenez landu “Harri iratzartuak” obra estreinatu zen Zizkoitz lepoan, Larrunen. Hori dela eta, hogeita hamar urte berantago, omenaldi bat egin zitzaion Pantxoa Saint-Estebeni aipatu leku magikoan, eta horren karira Urruñako Herriko Etxeak oroitarri bat ezarri zuen  bertan 2021eko azaroaren 13an.

Guk artikulu ttipi hau egiteko, Euskal Kultur Erakundeak egin “Zizkoitz lepoko harri iratzartuak”  izeneko agiri eder eta aberatsera jo dugu, beraz, informazio nagusia hortik hartu dugu. Hainbat argazkiren artean badira testu labur zenbait, eta horiek erabiliko ditugu adierazpenak emateko. Horratx:

Zizkoitz lepoko harriak
Zizkoitzeko lepoa  (Urruña)

 

1.- Nor izan zen Maurice Abeberri?

Miarritzen, 1926ko abenduaren 14an sortu zen Maurice Abeberri. Herriko Jules Ferry eskolan eta Baionako Lizeoan ikasi ondoren, 1949an Bordaleko Unibertsitatean burutu zituen zuzenbide ikasketak, doktoregoa erdietsi zuelarik. 1952an, Pierre anaia fraide dominikano sartu zen egun berean, Maurice abokatu bilakatu zen.

Miarritzeko BAC pilota elkarteko eta Oldarra dantza taldeko lehendakari izendatu zuten. Jazz musika zale errabiatua izanik, Baionako kostaldeko Hot-Club delakoaren abiatzaileetako bat izan zen. Hedadura handiko abokatua izan zen, Penal eta Asisetako aferetan berezitua. Ysabel Magescas anderearekin ezkondu zen eta bi seme munduratu zituzten: Xabier eta Alan.

1953an Miarritzeko Herri Kontseilura sartu zen. 1963an Iparraldeko lehen Aberri Egunaren karira, Itsasuko Agiriaren idazte eta aldarrikatze lanetan parte hartu zuen. Luzaz bera izan zen Hegoaldeko errefuxiatu eta ekintzaile abertzaleen abokatu defendatzaile bakarra. Hori dela eta, abokatu gisa zegozkion ohoreak ukatu egin zizkioten.

Kirol arloan, Ipar Euskal Herriko Ligako eta Frantses Pilota Federakuntzako lehendakari izatera iritsi zen. Frantses Komite Olinpikoan sartu eta mundu osoan barna ibili zen pilotaren enbaxadore gisa, halanola, Mexikoko Joko Olinpiko famatuetan. 1986an A2 telebista katean, Frantziako kultur arduradun onenen artean hautatu zuten. Iparraldeko kultur elkarteak bere baitan biltzen zituen Pizkundea Elkartean pilota jokoak sartu zituen.

Gazte-gaztetik mendizale amorratua izan zen, eta 1988ko otsailaren 21ean, Larrungo kaskora zihoala, igande goiz argi batez, bere azken hatsa eman zuen Urruñako lurretan, Zizkoitzeko lepoan.

Lehen aipatu Euskal Kultur Erakundearen agiritik, Henriette Airek egin zion olerki eder eta sentitua jaso dugu:

Zizkoitz lepoko harriak

Zizkoitz lepoko harriak

 

2.- Pantxoa Saint-Esteban zizelkaria

Pantxoa Saint-Esteben azkaindarrak omenaldi moduan harriak zizelkatuz ituen Zizkoitzeko lepoan, eta orduz geroztik, jadanik hogeita hamar urte pasata, hor daude, Maurice Abeberriren omenez eta oroitzapenez.

Euskal Kultur Erakundearena girian honela erraiten digute Pantxoa Saint-Esteben zizelkari azkaindarrari buruz:

“Pantxoa Saint-Esteben, Uztaritzen sortua, Azkainen bizi. Bederatzi urtetan, musikan trebatzen hasten da eta akordeoia joiten ikasten du. Hamalau urtetan. eztai eta herrietako dantzaldiak alegeratzen ditu. Hogeitabat urtetan, “El Fuego” orkestra muntatzen du. Denbora labur barne, ospe haundikoa bilakatuko da eta euskal kulturaren aberastasunak ezin hobeki preziaraziko ditu. Hogeitazazpi urtetan, bere lehen zizel obra moldatzen du. Geroztik, bide beretik dabil, burdina, eguna, harria landuz. Azken urte hauetan, artegintzari errotik emana. bere herriaren eta mundu osoaren erdian bizi da ildo berri eta ustegabekoak etengabe ikertuz. tematsuki, baitezpadakoaren eske.”

Pantxoa Saint-Esteben, duela 30 urte.

 

3.-  Zizkoitzeko lepoko harri iratzartuak

Eta lehen erran dugun bezala, 1991ko azaroaren 3tik, Zizkoitzeko lepoan, Larrun mendi sakratuaren gerizpean, Pantxoa Saint-Esteben zizelkatu harri iratzartuak ikusten ahal dira, paisaiarekin bat  eginez, euskal lurraren magia gure gogora ekarriz. Maurice Abeberri hil zen tokia biziari eskainia dela dirudi, ama-lurrari, Mari jainkosa handiari. Ziur aski, hor ibiliko dira tarteka, harri magiko horien artean, Mari bere suzko gurdian, edo Basajaun guztiz ahalduna, edo Sugaar indartsua, edota Atarrabi eta Mikelats anaiak sosegua xerkatzen.

 

Urruñak baditu leku eder eta misteriotsuak. Horietako bat dugu, zalantzarik gabe, Zizkoitzeko lepoa. Haizeak, ufatzen duelarik, Eateren mezua barreiatzen du harri iratzartuen artean, eta euriak egiten duelarik, Amalurren negarrak dakarzkigu gogora. Leku magikoa, leku sakratua, leku misteriotsua, leku miresgarria dugu Zizkoitzeko lepoa, Maurice Abeberriren gogo eternalaren pausaleku isil eta ederra.

 

Zizkoitz lepoko harriak

Zizkoitz lepoko harriak  Zizkoitz lepoko harriak  Zizkoitz lepoko harriak

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

3 pentsamendu “Zizkoitz lepoko harriak”-ri buruz

  • josu naberan 2021-11-21 22:55

    ZIZKOITZ *ze-es-koro-en-tz–>ziz-ko-in-tz
    “montor-esparru (ZE-ES-KORO) alturan (en-TZ)

    ITSASU *tui-sa-an-aus “altuerako (an-AUS) bailara goiena
    (TUI-SA)” tui-sa // it-sa metonimia

    SARA *sara-an-ara “bailarako (SARA-an) eremua (ARA”

    URRUÑE *urrui-an-une “uriolaren (URRUI-an) gunea (UNE”

    BORDALE//BURDEAUX *boro-ara-an-leh-auz–>bor-da-leh-
    auz “lurralde buruko (BORO-ARA-an) lautada (LEH)
    goiena (AUZ)”

    MIARRITZ(E) *bia-urrui-an-tz-en–>Bia-rruin-tz-e
    “bi bokaleko (BIA-URRUI-an) goialdea (TZ-en)

    Topografiarekin bat al dator?

  • Joseba Aurkenerena 2021-11-21 23:34

    Josu, ez dut ezagupenik zure proposamenen alde edo aurka egiteko.
    Hemen Lapurdin, herri horiei buruz zabalduen diren etimologiak (baina ez bakarrak), hauek dira:
    Itsasu: Isatsa izeneko belar tokia.
    Sara: Oihan ttipia.
    Urruña: Hurritzaren lekua.
    Miarritze (Biarritz): Bi harritz (arroka) edo beheko harritz.
    Bordaleri buruz ez dut nehoiz deus entzun.
    Adeitasunez, agurtzen zaitut.

  • Josu Naberan jauna,

    tuisaanaus edo zeeskoroentz typocoac balira hitz hauen etymologiac, horrec demonstratuco luque euscara dathorrela euscara ez cen hizcunça batetic eta euscara hizcunça berriagoa edo dela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude