Escalante Etxea Lekeition
Denbora luzea daramate erakundeek eta teknikariek Lekeitioko historia eta monumentuen ondarea katalogatzen eta aztertzen. Dokumentu horiek arakatuz aurkitzen diren aztarnek eramaten gaituzte batzuetan, desagertuak ziren pertsonaiak, ohiturak, etab… aurkitzera; edo oraingoan bezala XVII. mendeko etxe bat, aspaldi desagertua, aurkitzera. Aztarna, kasu honetan, etxea eraiki eta bertan bizi izan zen familiaren armarria izan da.
Escalante etxeaz ari gara, Martin Lauzirika etxegileak 1614an eraikia Martin Escalanteren aginduz, merkatari garrantzitsua berau, Lekeition jaioa eta Laredo hiribilduko famili nabari bateko oinordekoa.
Escalante etxea hiribilduko harresietatik kanpo zegoen, Ateako errebalean, gaur egun Atea kalea. Eraikin nagusi bat zuen, eta hari lotuta, zenbait soto. Soto horietan labeak zeuden, eskabetxea egiteko.
Etxearen fatxada batean zegoen eskudoak lau alde edo zati ditu; eta horietan agertzen dira Escalante eta Escalona abizenen sinboloak. Armak inguratzen dituen orlan Escalante leinuaren lema irakurtzen da: “Osar morir o dar la vida “
Martin Escalante 1572 urte inguruan jaio zen. Epaiketa bateko aitorpenetan esaten zuen Lekeition jaioa zela, herri horko auzokoa eta Santa Maria elizako eliztarra, non bere jabetzako hiru hilobi zituela aitortzen baitzuen. 1603an Ana Puerto Arteytarekin ezkondu zen, hiribilduko familia nabarienetako oinordekoa. Ezkontzarekin nabarmen egin zuen gora bere gizarte-mailak.
XVII. mendean eratu zen gizarte-klase berriko adibide argia da Martin Escalante, kostaldeko herrietan zuena egoitza, itsas merkataritzaren bidez aberastuak, eragin handia zuena herrian, eta gortera bizitzera eta gainbehera betean zegoen leinu zaharren, ahaide nagusien, tokia hartu zuena.
Bizitza politikoan Alkate kargua bete zuen 1625, 1630, 1635 eta 1639 urteetan, Erregidore 1607, 1643, 1644 eta 1648 urteetan, Sindiko 1604an, eta San Pedro Kofradiako Erregidore 1607an.
Merkataritzari dagokionez, 1611n Heman Perez Beingolea ikatzez hormitzen aurkitzen dugu. Honek ez zuenez burdinolarik, burdina Herezaren edo Zubietaren burdinoletan urtu eta landatzen zuen.
Balearen koipeaz ere aritu zen merkataritzan eta hiribildua produktu horrez hornitu zuen 1611n. Koipea urtu egiten zen sain edo olio bihurtzeraino, argiterian erregai bezala erabiltzen zena, baita labaingarri bezala ere.
Urte batzuk geroago, 1630erako Martin Escalante jauna San Juan Lariz Olaetarekin, San Juan Zabalarekin eta Domingo Martinez Agirrerekin elkartuta aurkitzen dugu arrain-eskabetxea ekoizten. Urte horretan, bere bazkideekin batera, sei mila dozena bisigu erosi zuen eskabetxerako, bederatzi erreal ordaindu zuelarik bisigu dozenako. Dokumentatuta dago 1619 aurretik eskabetxe-labeak zituela etxean. Produktu hori bai etxeko kontsumorako eta bai Gaztelara esportatzeko ere erabiltzen zen.
1657an, bitxikeria bezala, Escalante familiaren hiru belaunaldikoren aipamenak agertzen dira hiribilduko Kontzejuaren eta Zubieta etxeko jaunaren arteko auzi bateko dokumentuetan: 1) Juan Martinez Escalante, Martin Escalanteren aita, ordurako hila, baina bere sasoian hark egindako aitorpenak aintzat hartu zirenak auzian, urte asko bizi izan zelako eta hiribilduko bizitza publikoko gertakari askoren lekukoa izan zelako; 2) Martin Escalante bera, lekuko bezala aitortu zuena; eta 3) Martin Escalante Arteyta, aurrekoaren semea, Lekeitioko Santa Maria parrokiako Eliza Kabildoaren onuradun osoa izatera iritsi zena. Honek guztiak erakusten du familia honen garrantzia hiribilduko bizitza sozial eta politikoan.
Martin Escalante 1660 urte inguruan hil zen; eta haren seme Martin Escalante Arteytak Escalante izeneko etxea Jose Bengolea Txurrukari saldo zion, Bengolea familiak Lekeitioko Uriarte auzoan zuen dorrearen jabeari. Geroago haren ahizpa Ursula Bengolea Txurrukak eskuratu zuen. Honek Basterretxearen lotura fundatu zuen 1683an, eta senar-emazteen ondasun guztiak maiorazkoan lotu zituen. Ondasun horien artean zegoen Escalante izeneko etxea, bere armarriarekin eta sotoekin.
Escalante etxea, lurrera bota aurretik, Bengolearen ondorengo familia batzuen eskutik pasatu zen: 1) Basterretxea-Bengolea, 2) Basterretxea-Ibañez de la Rentería, 3) Ibañez de la Renteria-Ordeñana, eta 4) UnzetaUrkijo.
1927ko azaroaren 28an Bruno Larrazabal Anduizak Escalante etxeko armarria Bizkaiko Museo Arkeologiko Etnografikoari dohaintzan eman zion.
Bruno Larrazabalek armarria Beheko kalea 12ko eraikinean aurkitu zuen gordeta. Eraikin hori Bruno Larrazabalen aitak Juan Jose Unzeta Urkijori erosi zion, Escalante etxearen azken jabeari.
Oraingoz ez dakigu zein urtetan bota zuten lurrera Escalante etxea, Lekeitioko hiribilduko Atea errebalean aurkitzen zena.
2011-08-31
Oso ona Iñaki, lan gogorra ein dozu 😉