Ioritz Mendizabal Donostiako hipodromoan lehiatuko da hamar urteren ostean
Denbora luze joan da jockey oiartzuarrak, Europako onenetakoa, Euskal Herriko lasterketa batean azkeneko aldiz parte hartu zuenetik. Albret gainean ariko da, eta ikusleen omenaldi beroa jasoko du. Mendizabalek 2.000 garaipen baino gehiago eta lau Frantziako Cravache d’Or lortu ditu bere ibilbidean zehar.
Zaldi lasterketen zaleek hitzordu erakargarria dute gaur Donostiako hipodromoan. Batetik, Casino Kursaal Saria jokatuko dute, udako garrantzitsuena bi urteko zaldikoentzat. Baina gaurko jardunaldia berezia izango da, batez ere, Ioritz Mendizabal jockey oiartzuarra Criterium International txapelketa honetara itzuliko delako hamar urteren ostean.
Albret izeneko zaldi gainean hartuko du parte sei lasteketetan; faboritoetako bat da, Celtic Rock izenekoarekin batera. Azken honen galopeak denboraldiko kritika onenak jaso ditu medioen eta hipodromoetako profesionalen aldetik.
Dena dela, protagonista handia Mendizabal bera izango da gaur. Europako usta onenetako bat da, lau urtez lehenengoa Frantziako rankingean, eta merezitako omenaldia jasoko du Donostiako hipodromoan.
GAZTEZULOk ekainean izan zuen berarekin elkartzeko aukera. Pauen izan zen, bertako zalditegian, bere berezko testuinguruan. Zaletasuna nondik datorkion kontatu zigun, zernolakoa den bere egunerokotasuna, kirol honen muina zein den azaldu zigun, nolakoa den animaliekin duen harremana eta nola baldintzatzen duen honek bere izaera. Aurrera begirako asmoez ere hitz egin zigun elkarrizketa mamitsu hartan.