Ostrukarena

Ostrukarena –

Leire Narbaizak Gipuzkoako Hitzan.

Batzuetan ostrukarena egin nahiko nuke: burua zulo batean sartu, ea arazoen aurrean ez ikusiarena eginda desagertu egiten diren, berez. Baina, zoritxarrez, ez du funtzionatzen. Beste arazo batzuen aurrean, ostera, su eman nahiko nioke problema eragin duen horri. Baina horrek ere ez du askorako balio, amorrazioa ateratzeko baino ez.

OstrukarenaZenbait albisterekin ere ez entzunarena egin nahiko nuke, izugarriegiak direlako. Batzuetan gustura amatatuko nituzke irrati eta telebista, egunkaririk ez zabaldu edo Interneten ez sartu, horrek guztiorrek balioko balu notizia ikaragarri horiek ezabatzeko. Baina, jakina, ostrukarenak ez du inoiz funtzionatzen.

Halako berri batzuk izaten ditugu nahi baino sarriagotan. Azken asteotan Euskal Herrian gertatutako bik itzel asaldatu naute beste batzuen gainetik. Arabako Fiskaltzak hamar heldurendako kartzela zigorra eskatu du abusuengatik eta prostituziora bultzatu omen zituztelako foru aldundiaren tutoretzapean zeuden adin txikikoak. Sansohetako egoitzan bizi ziren gaztetxoak, eta 2016an eman zen ezagutzera gertatutakoa. Bestalde, Gipuzkoako zahar etxeetan egoera inhumanoa eta lotsagarria dela salatu dute langileek, egoitza gehienetan egoiliarrek ematen dituztelako hamalau ordu inguru oheratuta, eta ezer jan gabe.

Astebetean jakin ditugu biak. Eta ileak laztu zaizkigu. Batean nerabeak, bestean zaharrak. Lehenengoan, teorian erakunde publiko batek babestuta euren etxeetan nahikoa babes ez zutelako; bigarrenean, euren kabuz bizitzeko gai ez diren pertsonak, instituzio kontzertatuen anparoan, ustez. Tutoretzapeko gaztetxoak, egoitzetako zaharrak, mundu bi zeharo desberdinak, baina komunean puntu bat dutenak: zaurgarritasuna. Kostako da kolektibo kalteberagorik topatzea gure gizartean. Babes handiena behar dutenek tratu arbuiagarria jaso dute babestu behar zituztenen eskutik. Eta okerrena, begirale lanak egin behar zituzten erakundeek ardura efektiborik hartu barik. Gainera, ez dezagun ahantz kaltetuak “geure” nerabe eta zaharrak direla. “Gureekin” horrela jokatzen bada, zer ote da “gureak” ez direnekin? Paper bakoekin? Ezin dut imajinatu, ez dut imajinatu nahi, hobeto esanda.

Sala genitzake tutoretzapeko etxeetako eta zaharren egoitzetako arduradunak. Erakundeak eta agintariak akusatu, eta ardurak eskatu. Baina gu denok, gizarte osoa, jartzen gaitu ituan. Izan ere, gertakariez gain, gehien harritu nauena izan da zein oihartzun gutxi izan duten biek. Zer garrantzi gutxi eman zaien biei, sumendi bati begira geundelako, agian, milaka kilometrora dagoen sufrimenduari begira. Presbizia moduko bat sufritzen dugu, gertukoa ikusten lagatzen ez diguna, eta selektiboa izaten da sarritan. Esan liteke ostrukarena egiten dugula, ikusten ez duguna existitzen ez delakoan. Horrela bizi gara Euskal Oasian, ongizatean omen.

Kontua da makalenei egi(te)n diegula kale, eta asko dio gutaz horrek. Zer sozietate ustel muntatu dugu ahulenak horrela tratatzen baditugu? Ongizatearen mitoa sinistu eta irentsi dugu, eta pozarren gabiltza burua estalita. Baina ostrukarenak ez du inoiz funtzionatzen, burua ezkutatzeak bidea libre lagatzen dielako errudunei, kaltetzen jarrai dezaten.

Ostrukarena

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.