Nafarroako Administrazio Auzitegia eta euskara

Nafarroako Administrazio Auzitegia eta euskara –

Gaur Nafarroako Administrazio Auzitegira etorri gara 3 salaketa egiteko:

Nafarroako Administrazio Auzitegia eta euskara1.- Nafarroako Administrazio Auzitegiko plakak urteak daramatza gaztelania hutsean. Bada, eskatzen diogu euskaraz ere jartzeko, eta, bitartean, behin-behinekoz, kartela euskaraz jarri dugu, legeek eta arauek ezartzen duten formatuan.

2.- Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak ahalmena ematen die eremu mistoko udalei lanpostu elebidunak sortzeko. Honela dio 17. artikuluak:

III. KAPITULUA. Erabilera eremu mistoan.

Herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute Nafarroako Administrazio Publikoei zuzentzeko.

Eskubide honen erabilera bermatzeko, aipatutako administrazioek honako hau egin dezakete:

a) Urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zehaztea zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea.

b) Gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskara jakitea merezimendu moduan baloratzea”.

Oso argia da Legea, eta, beraz, Legearen kontrakoa da Nafarroako Administrazio Auzitegia egiten ari dena: galarazten ari da eremu mistoko udalek lanpostu elebidunak sortzea eta euskara merezimendu moduan baloratzea. Atzo bertan izan genuen azkeneko adibidea, Zizur Nagusian.

3.- Nafarroako Administrazio Auzitegiak ez du beti berdin jokatzen sozietate publikoekin, euskara tartean denean.

2020an, Administrazioan Euskaraz Taldeak salatu zuen Iruñeko Udalaren sozietate publiko batek ez zuela Euskararen Ordenantza betetzen, eta Nafarroako Administrazio Auzitegiak, 2020ko martxoaren 10ean, 569. Ebazpenaren bidez, esan zuen ez zuela eskumenik sozietate publikoen gainean. Sei orrialdetan argudiatu zuen eskumen eza.

Ordea, 2021ean, Navarra Sumak salatu zuen Berriozarko Berrikilan sozietate publikoak baztertu egiten zituela euskaraz ez zekitenak, eta Nafarroako Administrazio Auzitegiak, 2021eko ekainaren 30ean, 1118. Ebazpenaren bidez, arrazoia eman zion.

Eta bi kasuetan, 3 mahaikidetatik 2 berberak ziren: Gabriel Casajús eta Raúl-Antonio Cruzado. Memoria arazoak al zituzten?

Euskararen kontrako tratu bidegabea da. Hortaz, Nafarroako Administrazio Auzitegiari eskatzen diogu euskararen kontrako erasoei bukaera emateko.

Nafarroako Administrazio Auzitegia eta euskara

 

Nafarroako Administrazio Auzitegia eta euskara

Administrazioan Euskaraz Taldea