Gazte bahituak – V
Gazte bahituak – V –
Eskolan erne:
Gure protagonista oroitzen da beldur ematen ziotela kaiko puntan gauetan egin behar izaten zituzten zaintza lanak. Izan ere, arrantzale bat hil zen nasa militarrean, marinel batek tirokatuta. Debekatuta zegoen han arrantza egitea. Marinelek ez zion gorputzera tiro egin, uretara baizik, baina zoritxarrez, balak gila jo eta arrantzalearen lepoa zeharkatu zuen ondoren. Marinela atxilotu egin zuten eta hiru urte geroago epaiketaren zain zegoen oraindik. Hala, lizentziatu gabe jarraitzen zuen Itsas Armadan.
Beste oroitzapen ahaztezin bat ere bazuen. Eskolak zituen hainbat instalazio ezberdin ezagutzeko gida txikiak zioenez, ikasleek debekatuta zeukan 11:00 eta 11:30 bitartean geletan egotea. Horrek ezkutatzera behartzen zituen. Sukaldean lan egiten zuten marinelek “ehizara” ateratzen ziren eta inor ikusiz gero, zazpi palakada patata zuritzea izaten zuen sari. Normalean, eskuak garbitzen zirenerako, berriro sukaldean zeuden, patataz inguraturik.
Memoria ariketa egiten zuenean, denbora iragan ondoren, protagonistak borondate onez gogoratzen zituen, orduan asko haserretu zuten une txar horiek guztiak, baita irribarre batekin ere.
Eskola hartan eman zituen bost hilabete luzeetatik hiru gertakizun gogoratzen zituen ongien.
Lehena.- Koadrilakoak sumatu zuten -itxura txarreko- berdel enpanada batek eragin zuen toxikazioa. Ehunka marinelek ilaran jarri behar izan zuten erizaindegian sartzeko, eta eskolako zuzendariak, ofizial arduraduna atxilotzeko agindu publikoa eman zuen. Eskola hartan sekula gertatu gabeko ondorioa.
Bigarrena.- Itsas Armadako, bai itsasontzi eta eraikin guztietan, bandera jaisten da eguzkia ezkutatzen denean. Eskifaia handia denean, horrez gainera “Salbea” abesten da. Eskolan, Makalaren taldearekin batera egoten zen brigadak oso modu bitxian ematen zituen aginduak. Ez zuen “ar” esaten beste denak bezala, arrek, “kua” edo antzeko zerbait oihu egiten zuen. Horregatik deitzen zioten “Ahatea”.
Arratsalde batez “Salbea” abesten bukatu ondoren, brigadak agindua eman aurretik, “kua,kua” egin zuen Makalaren taldeko batek. Brigada haserre bizian jarri zen eta zera esan zuen: “Koldar horrek urrats bat aurrera eman dezala nahi dut”. Baina inork ez zuen egin. Ez orduan, ez ordu bat geroago ere. Are gehiago, taldeko kideek -40 inguru- zabaldegian jarraitu zuten gau osoan; zutik lehenago, eta eserita gero.
Afaria amaitzean, brigada haiengana itzuli zen. Eserita ikustean, zutik eta tente jartzeko agindu zien. Agindua betetzen ez zutela ikusirik, pistola zorrotik atera eta banan-banan destatuz, alde batetik bestera ibili zen oinez, ezintasun oihuak eginez, negarrez hasi eta alde egin zuen arte.
Biharamunean, egun argitan, bandera jaso behar zutenak iritsi zirenean, haiekin zioan ofizialak gosaltzera joateko agindu zien. Horrela, gertatutakoa amaitutzat jo zuten.
Hirugarrena.- Oihartzun txikiagoa, baina nabarmentzekoa izan zen.
Uztailaren 18aren aurreko egunetan, Francok Donostiako Anoeta frontoian ekitaldi bat egingo zuela zabaldu zen, eta bertan parte hartuko zutela “The Platters – acappella- abesten zuen talde ospetsua, baita ikasleetako batzuen laguna zen dantzari batek.
Ekitaldia telebistaz emango zutela jakin zutenean, euskal herritar taldeak afari “dotorea” prestatu zuten Chapelako taberna batean. Chapela Vigoko auzoa, eskolatik hurbil. Loiola auzoko donostiar batena zen, eta maiz joaten ziren hara. Izan ere, afaltzen ematen bai zieten, itsasadarrean arrantzatzen zutenaren truke.
Eguna iritsi zenean, ez zuten eskolatik irteteko baimena lortu, errebista hiru aldiz egin arren. Beraien artean bilera bat egin ondoren, debekua kasualitatea ez zela ondorioztatu zuten. Hala, erabaki arriskutsua hartu zuten.
Euskal herritar eta katalanen artean talde bat osatu zuten. Eskola guztia zeharkatu zuten formazioan, gezurra bota zuten agiriak entregatu zituztela esanez, eta azkenean irtetea lortu zuten.
Arriskua itzuleran zegoen. Eskolara sartzeko modu bakarra kristalez hornituta zegoen horma bat gainditzea baitzen. Batzuk goizaldean sartu ziren besoak eta hankak odoletan zituztela. Beste batzuk goizez, elikagaiak zeraman kamioi baten barruan.
Larri, oso larri ibili ziren.