Prozedura zientifikoen errepikagarritasunaz

Prozedura zientifikoen errepikagarritasunaz – 

Prozedura zientifikoen errepikagarritasunaz

Duela lau urte Galderen 19. aleko atal honetan zientzialarien jardunean aipuek eta publikazioek duten garrantziaz eta eragiten duten presioaz idatzi nuen (galde.eu/euskera-aipuez-eta-presioez). Gaiari helduko diot berriz ere, hori bai, beste ertz batetik oratuko dio auziari, sinesgarritasunaren ikuspegitik, hain justu.

Nature aldizkariaren twitter kontuari errepaso bat ematen niharnuela artikulu interesgarri batekin egin nuen topo (nature.com/articles). Izenburua erakargarria zen Reproducibility: expect less of the scientific paper eta lotuta zegoen inguruko zientzialarien ezpainetan noizik edo behin entzun dudan kezka batekin, alegia, artikulu zientifiko batean azaltzen den prozesu bat errepikatzeko, erreakzio kimiko bat adibidez, ematen diren esplikazioak nahikoak ote diren. Esan nahi baita prozesua errepikagarria ote den.

Olavo B. Amaral eta Kleber Neves izeneko bi ikerlarik Brasilen argitaratzen diren artikulu biomedikoen errepikagarritasuna ikertzeko ekimen baten berri ematen dute. Izan ere, Brasilgo 60 laborategi elkarlanean arituko dira errepikatu asmotan estatu horretako publikazioetan atzen bi hamarkadetan argitaratu diren 60 esperimentu. Esperimentu horiek aliritzira aukeratu dira laborategiko ohiko teknikak baliatzen zituztenen artean.

2018an ekin zioten proiektua abiatzeari. Urte hauetan proiektuan parte hartuko dutenen artean adosten aritu dira nola egingo duten lan, nola kontsideratuko duten esperimentu bat arrakastaz errepikatu dutela eta bestelako prozedura-xehetasunak. Esperimentu bakoitza 3 laborategi diferentetan saiatuko dira errepikatzen. Lanean hasi berri dira eta 2022aren bukaera aldera lana amaituta izatea espero dute.

Metodo eta prozedura esperimentalen errepikagarritasun sendoa izatea ezinbesteko baldintza da zientzia-sistema sinesgarria izateko eta gizartearen konfiantza jasotzeko. Sistema ez da ahultzen soilik aldian behin urliak edo sendiak maula egiten duelako emaitza zientifikoak aurkezteko unean datu mozorrotuak ematen dituelako (frogatu nahi dena egoki doitzen diren datuak aukeratuz taulak osatzeko adibidez) edo zuzen-zuzenean asmatu dituelako. Norberak esandakoak besteek ezin errepikatzea metodo esperimental ahula adierazten du gutxien gutxienik. Urte batzuk ditugunok gogoan dugu fusio hotzaren bideragarritasunari buruz Pons eta Fleischmann elektrokimikariek eginiko aldarria eta nola gaueko ahuntzaren parekoa izan zela inork ezin izan zuen errepikatu beraiek eginiko lan esperimentala (wikipedia.org/PonsFleischmann (1989)).

Ez dago dudarik esperimentu zientifikoen errepikagarritasuna emendatzeko praktikak sendotu behar direla, publikatutako zientziak sinesgarria behar duelako izan. Zeregin horretan komunitate zientifikoaz gain, argitaletxeek ere badute parte, bazter batean laga gabe aipu -eta publikazio- kopurua kalitatearen eta eginiko lanaren ia neurgailu bakartzat duten autoritate akademikoak eta erakunde publikoak. Zeinek jarriko dio txintxarria auziari?

Zientzia biomedikoen alorrerako Amaralek eta Nevesek neurri eta praktika egoki batzuk iradokitzen dituzte aipatu artikuluan, neroni bezalako ez jakin batentzat zentzu handia dutenak. Bidea seinalatzen ari al dira?

Galde 34 udazkena/2021

Prozedura zientifikoen errepikagarritasunaz

Prozedura zientifikoen errepikagarritasunaz

Zer duzu buruan “Prozedura zientifikoen errepikagarritasunaz”-ri buruz

  • Tira, zientzia arloetan oinezko traketsa besterik ez nauk.
    Baina jar degun abian eztabaida interesgarri hau;
    ene eskermentutik ekarpentxoa eginez:

    Bi urtetan niabilk erromes, argitaletxez argitaletxe, ene euskerazko liburu bat atera guran.

    Nire eskarmentua honetan datza, hik duan “prozeduren errepikagarritasunaz” (ondo ulertu badot):

    Es diat lortu “Euskal” argitaldariek ene liburu hori irakur dezaten. Nire inpresioa da, ezen dozena erdi baino gutxixeago egile-eredu hautatzen dituztela, salmenta segurtatzeko, eta gainerakoak ez dituztela irakurri ere egiten.

    “Egia bada edo ez bada,
    sar dadila kalabazan,
    eta ager dadila,
    Derioko plazan”