Haur euskal hiztunak sakabanatu? Ez hanka ez buru!
Haur euskal hiztunak sakabanatu? –
Ikastetxe askotan, haur etxetik euskaldunak (euskaraz bizi direnak), sakabanatu egiten dituzte haur erdal hiztunak nagusi diren ikasgeletan. Haurrok era horretan sakabanatuta, euren artean euskaraz aritzeko aukera ukatzen zaie eta kolpetik erdaraz jardutera behartuta ikusten dituzte euren buruak, erdaraz jakin zein ez. Bide batez, haur euskaldunok euskararekiko gutxiespena jasaten dute, non eta D ereduan!. Egun batetik bestera ikasten dute ikastetxean, euskarak soilik etxekoekin eta irakaslearekin hitz egiteko balio duela, aldiz jolasteko, lagunekin egoteko, filmeak ikusteko, mugikorrean jarduteko, hau da, gozatzeko, erdara dela aukerako hizkuntza. Ez da faltako euskaraz ez egiteko aginduko dion ikaskiderik…
Kolpe latza hartzen dute horrela, euren etxeko hizkuntzarekiko eta euren buruarekiko gutxiespen konplexua (euskalduna naiz, euskarak ez du ezertarako balio, beraz…) garatzen dute, eta euskal hiztunok gure etxean bertan bigarren mailako herritarrak garela ikasten dute. Asko dira oso gaizki pasatzen dutenak, inposatutako hizkuntza hegemonikoaren legera makurtu eta erdaldun bilakatzen diren arte. Autoestimurako kalteak besterik ez. Finean, euskaldunak erdaldundu egiten dira baina erdal hiztunak EZ dira euskalduntzen, non dago irabazia?
Argi gorri guztiak piztu dira D ereduan bestalde (A eta B ereduak aipatu beharrik ez dago). Azken asteotan jakin dugu, Hezkuntza saileko atala den ISEIk argitara eman duenez, orain arteko daturik txarrenak eman dituela D ereduak ikasleon euskalduntzeari dagokionez. Haur etxetik euskal hiztunak sakabanatzeko ohitura petralak izango du horretan zer ikusirik, zalantzarik gabe.
Arnas Dezagun ekimenetik ez dugu eskatzen haur euskaldunak (euskal hiztunak) erdal hiztunengandik banatzea. Eskatzen duguna da haur euskal hiztunak ez sakabanatzea.
Arnas dezagun ekimenaren eskariarekin bat egin dute dagoeneko Iñaki Iurrebaso, Blanca Urgell, Pako Sudupe, Gemma Sanginés, Beñat Hach Embarek, Ainhoa Larrañaga, Xabier Euzkitze, Kontxesi Berrio-Otxoa, Asier Etxenike, Juan Inazio Hartsuaga, Lander Arbelaitz, Pantxoa Karrere, Urtzi Urrutikoetxea, Karmelo Landa, Urtzi Urkizu, Andoni Urbistondo, Franck Dolosor, Martin Rezola, Iñaki Ullibarri, Gerardo Luzuriaga edota Asel Luzarraga bezalako euskaltzaleek, eta dozenaka irakaslek.
Aurki, sinadura bilketa bati ekingo diogu, manifestu baten inguruan.
D ereduak, bertan ikasten duten haur guztiak euskalduntzea du helburu; horretarako, ikaskideen arteko harremanak ere euskaraz behar dute, etxetik euskaldun edo erdal hiztun izan. Egingarria da (eta zenbait ikastetxetan egiten da) baldin eta euskararen erabilerari ematen bazaio lehentasuna, eta euskara ardatz izan dadin neurri egokiak hartzen badira. Ezinezko bilakatzen da, haur euskaldunak sakabanatu eta ezinbestean erdalduntzera bideratuak badira. Haur euskaldunek euskaraz jarduteko aukera izan dezaten gune erosoak, arnasguneak, sortu behar dira ikastetxeetan ere. Eta “gune eroso” horietan (ikasgelan, jolastokian, jangelan, autobusean…) haur euskaldunak (euskaraz egiteko ohitura dutenak) elkartu beharra dago. Zeren eta erdaraz bizi direnen artean sakabanatuz gero, euskaraz jardutea ez da posible, ezin liteke… Eta gune eroso horiek (arnasguneak) sortzeko ardura ikastetxeena da.
Horrez gain, haur guztiei eskaini behar zaizkie euskarazko baliabide askotarikoak, kalitatezkoak, erakargarriak. Hori, aldiz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren ardura zuzena da, Nafar gobernuarena bezala. Iparraldean gauzak zailago daude… Bada garaia euskararen erabilera bizkortzearen aldeko politika eraginkorrak garatzeko. Garaia da “integrazioa”, “inklusioa”, edota “aniztasuna” euskaratik eta euskara ardatz gara daitezen, eta ez gaztelera ardatz, orain arte bezala. Ikastetxetik hasita.
Ernesto Leitza Urrestarazu
Arnas dezagun ekimeneko kidea
Bakaiku (Nafarroa)
Neu ere çuen alde:
Josu Lavin
Eskerrik asko, Josu.
Bai, erabat beharrezkoa. Ea gure ikastolan ere zabaltzen dugun ekimen hau. Ez etsi!
Azken urteotako proposamenik euskaltzaleena. Animo!
Zoritxarrez, etsairik handiena etxean daukagu…
Behar beharrezkoa, euskaldunak desagerrarazten ari gara, etxetik bertatik eta etxekoentzat zein etxera etorritakoentzat (denak etxetarrak) onena egiten dugulakoan.
Tristea da gure umeak akonolejatu ikusi behar izatea. Tristeagoa mutu geratzen direnean, inguruan bere etxeko hizkuntza hitz egiten duen inor aurkitzen ez dutenean. Tristeena eskolan ‘por qué hablas en euskera pesao’ haien ikasgelakideengatik entzun ondoren etxera negarrez iristen direnean.
Ikastetxe publiko zein ikastoletako zuzendaritzatik erantzuna: isiltasuna, indiferentzia ala inoiz argitutako irizpide pedagogikoak aitzaki hartuta. Akonplejatu eta koldar bihurtu gara euskaldunok. Desagertzen bagara, hala izan behar delako izango da.
Egia da, etxean nahi beste sugegorri daukagu. Gauzak bere gordinean, ze ekimen honek batzuk jarrera hartzen behartuko ditu-eta! Izan ere, asko bere epelean bizi dira, mundu guztiarekin ondo geratuz, itxurakeriazaleak, bitartean euskara pikutara erdal aniztasunaren izenean! Noizko aniztasuna euskara ardatza izanda?
Etxenikek ere argi azaltzen du:
“kontua ez da euskaldunen ghetto bat sortzea. Euskararen erabilerari eustea eta euskalduntzea indartzea baizik.
Ghettorik ez da sortzen ume horiek ez direlako erabat bereizita bizi, elkarri bizkar emanda. Ikastetxearen dinamikaren (jantokia, eskolaz kanpoko ekintzak…) edo pedagogia motaren (zirkulazio librea…) edo beste faktore batzuen arabera, ume guztiek elkarren arteko harremanak dituzte egunero. Eta taldekatze hau ez da iraunkorra, betirako. Askotan, 6 edo 8 urte arte mantentzen da (LH1 edo LH3), eta ondoren ikastaldeak nahasten dira”.
Hori hala dela badaki begiak eta belarriak dituen edonork, baina erdaltzaleen indarra eta eragina oso handia da, eta euskaltzale asko makurtu egiten dira horien aurrean.
Etxenikeren artikulua hemen:
https://www.berria.eus/paperekoa/1937/017/003/2021-09-22/euskara-ume-guztientzat.htm
Diren aukera guziei behar zaie heldu. Ekimen koherente hau lehen hezkuntza osoan landu beharko lukete. Bertzela, aitzinatzerik ez, eskuara normaltasunerat jinarazi nahi badugu. Ea lortzerik izanen duzuen! Biba zuek!
Menpekotasuna dago auzi honen oinarrian. Menpekotasunean heziak gara euskaldunak mende luzez, eta azkenean “gure” egin ditugu inposatzen dizkiguten hizkuntzak (espainiera eta frantsesa). Eta naturaltzat jotzen dugu “euskarazko inmertsio ereduan” ere, haurrak españolez edo frantsesez aritzea (irakasleari ere sarritan), eta haur euskaldunak isilarazi eta (ikaskideek) erdaraz aritzera behartu izana.
Inposatzen diguten hizkuntzaren “auklera librea” egin izana defendatzen du gure arteko askok, baita D ereduko ikastetxeetarako ere.
Menpekotasunaren beste ezaugarri ohiko bat da ukazioa. Menpeko garela ukatzen dugula, alegia. Eta arazoa diagnostikatu eta agerian jarri ezean, ez dago konponbide posiblerik, beharrik ere ez baita ikusi nahi.
Arrazoi. Eta gure gainean (ez gure artean, ezta gure ondoan ere), erdaldunak nagusi eta nagusikerietan. Azken taberna-zuloan hasi eta “euskal” unibertsitatean edo Administrazio publikoan buka.
Adibide “frexko” bat, EHUn (“Euskal” Herriko Unibertsitatean), Gradu “jaso” bateko “euskal” adarrean, Jainkoaren 2021. urtean…
Irakasleak (euskaraz, hori bai) ikasleei esana:
“urtetik urtera gero eta gehiagotan, zuetako hainbatek euskara-maila kaxkarra duenez, nazkatu egin naiz, eta aurrerantzean niri erdaraz egitea libre duzue, baita lanak edota azterketak euskaraz egitea ere”
Hori nagusikeria (eta menekotasuna era berean) ez bada, zer da?
Maite, zein da irakasle horren izena? Holako jarreren aurka egin behar da… erakutsi behar zaie EHn daudela. Hau ez da Puerto Urrako
Konplexuz beterik gaude euskaldunok; konplexuz bete gaituzte. Behiala esaten zen euskaraz bakarrik jakitea motza zela; orainago euskarazko kultura kaxkarra dela…, hobe dugula euskara baztertu, edo onenean, maila apal baten mantendu, eta zibilizazio-hizkuntza diren gaztelanian, hegoan, eta frantsesean, iparrean, murgildu. Beno, euskaldun gisa desagertu nahi badugu, erraza daukagu, gomendio eta era askotako presio faltarik ez dugu. Baina ez natorkie bat.
Nekez, zapalkuntza eta mespretxu asko jasanez helarazi diguten hizkuntza jaso dugun baino itxurazkoago uztea dagokigu, gure konplexuak errekara jaurtitzea eta horretarako, beste gauza askoz gainera, garrantzizkoa da txiki-txikitatik haur euskaldunak trinkotzea eta lehen urteetan euskal nortasuna sendotzea. Asier Etxenikek oso artikulu egokia tolestu du gai honen gainean:
“Ikastetxe ingurura bueltatuz, euskararen ezagutza eta erabilera, biak, helburu baditugu, ezinbestekoa da umeek euskararekiko duten esposizioa eta haien euskarazko produkzioa ahalik eta handiena izatea. Nire ustetan, gune soziolinguistiko erdaldunetan hizkuntza hegemonikoa ezagutzen ez duten umeak talde berean jartzeak asko lagundu dezake helburu horiek betetzen. (…)
Ghettorik ez da sortzen ume horiek ez direlako erabat bereizita bizi, elkarri bizkar emanda. Ikastetxearen dinamikaren (jantokia, eskolaz kanpoko ekintzak…) edo pedagogia motaren (zirkulazio librea…) edo beste faktore batzuen arabera, ume guztiek elkarren arteko harremanak dituzte egunero. Eta taldekatze hau ez da iraunkorra, betirako. Askotan, 6 edo 8 urte arte mantentzen da (LH1 edo LH3), eta ondoren ikastaldeak nahasten dira.(…)
Hizkuntzaren araberako ikastalde homogeneoak sortzea ez da irtenbide magikoa, ezta akaso bakarra ere. Taldekatzeak bakarrik ezer gutxi konponduko du, ikastetxean bertan neurri eta baliabide gehiago jartzen ez badira. Baina hori eginez gero, ume euskal hiztunentzat ez ezik, gainerakoentzat ere baliagarria delakoan nago.”
Arnas dezagun guraso taldearen ekimenari txalogarri irizten ez dionak azal bitza bere argudioak. Kostatuko zaio Etxenikerenak eta aipaturiko guraso taldearenak haustea.
Txikitero, ez dut eragindako ikaslearen baimenik horretarako. Esan didatenez, ikasleek eurek joko dute irakaslearengana, berarekin hitz egitera. Ikusiko dugu zertan geratzen den, ze, ikasleen euren zaurgarritasuna ere agerikoa baita…
Guri ere gertatu zaigu. Haurrak eskolara euskaldun bidali, gero eta erdaldunago jasotzeko.
Joan ginen zuzendaritzakoekin hitz egitera, gure kezka agertzeko, baina hau erantzun ziguten:
“Gizartea horrelakoa da, erdalduna. Normala da haurrak ere erdaraz aritzea”
Zur eta lur geratu ginen. Hori da maila, hori.
Logika horri jarraiki, D ereduko ikastetxe guztiak G ereduko bilakatu beharko lirateke, azken batean, ez da erdalduna gizartea?
Zertarako euskaraz ikasi?
Zoragarria “Arnas Dezagun” guraso taldearen ekimena! Asko gara, zuek aipatzen duzuen egoera bizi duten haurrak ditugunok eta egoera hau jasan ezina da.
Bestalde lotsagarria, Hezkuntza saila eta hainbat ikastetxeetako zuzendarien aldetik jasotako epelkeria eta beldurra.
Guraso bezala, euskararen egoerari buruzko kezka azaldu eta gainera errudun sentiarazten zaituzte, minduta sentitzen direla eta ekimen mordoa egiten ari direla aipatuz.
Baina emaitzak, emaitzak dira eta oso kezkagarriak gainera.
Estrategia aldaketa sakon baten ordua heldu da, “arnas dezagun” guraso taldeak planteatzen duena.
Denbora aurrera doa eta egunean-egunean ume euskalhiztunak galtzen ditugu. Noiz arte jarraitu behar dugu honela?
Duela hamahiru urte Gasteizera etorri ginenean seme-alabekin pentsatzen nuen ikasle guztiak berdin-berdin tratatu izan behar zitela; hots, denok tokatzen zitzaien gelatan. Orain urte hauek pasauta ikusten dut ikastetxe askotan euskareriko jarrera oso-oso eskasa dela. Artikuluan esaten dugun moduan patioan eta sarreretan etabirteeretan gaztelaniaz soilik hitz egiten. Baita ikasgela batzuetan ere gaztelania jaun eta jabe. Onena izango litzateke ikastetxe guzti-guztietan leku guzti-guztietan euskara soilik baimentzea… Baina hori ezinezkoa denez irtenbide modurik erdibidea behintzat har dezagun. Nahi duenentzat behintzat bermatuko dugu espazio berezi hau.
Batek edo bestek dienez, haurrak euskaldunak direnentz jakitea oso zaila omen da gure gizarte “poliedrikoan”, gurasoak gezurra esateko joera omen dute eta. Gainera irakasle askok erdaraz egiteko ohitura ei ikasleen euren aurrean ere, pentsa. Gauzak horrela, hizkuntz irizpideen araberako taldekatzeak oso zailak eta konplexuak lirateke…
Hortaz, gauzak daudenean utzi eta taldekatzeak erdararen mesedetan egiten jarraitu behar genuke, haur euskaldun gutxi batzuk izorratuagatik (gainera nola jakin haur euskaldunak zein diren?). Denak berdin, denak erdaldun, zalantzarik ez eta buruko minik ere ez.
Enpin…
Ba nire herria ez da horren “poliedrikoa” antza, ze gure haurrak doazen ikastetxean oso argi izaten baitute irakasleek zein haur diren euskaldunak eta zeintzuk ez. Gurasoak euskaldun direnentz ere jakiten dute (irakasleok gezurretan ari ez badira behintzat). Guri ere, expezialista ez izan arren, ez zaigu batere zaila iruditzen zein diren euskaldun eta zeintzuk ez jakitea, besteak beste ikastetxelko sarreran eta irteeran, parkean eta kalean sarri egiten dugulako topo batzuekin eta besteekin, baina tira… NASAri eskatu beharko diogu txostena, taldekatzean lagun diezagun, hain zaila omen da eta guztia…