Edukiera % 60ra handitu du LABIk
Edukiera % 60ra handitu du LABIk –
Edukiera % 60ra handitu du LABIk, ostalaritzan salbu, % 50ekoa izango dena
…
Edukieraren inguruko neurriak malgutu eta mahaiaren bueltan bil daitekeen jende kopurua 8 pertsonara igotzea erabaki dute, futbol-estadioetako edukiera % 30era handitu dute.
LABIk onartutako neurriak irailaren 1ean sartuko dira indarrean
ZIUetako gaixoen kopurua altua da oraindik EAEn, nahiz eta intzidentzia metatua jaitsi den
…
LABI instituzionalak covid-19ari aurre egiteko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezarritako neurriak malgutzea erabaki du. Horrela, bada, irailaren 1etik aurrera, edukiera % 60ra handituko dute, ostalaritzan salbu, % 50ekoa izango baita. Futbol-estadioetan, berriz, % 30ekoa izango da, eta mahaiaren bueltan bil daitekeen jende kopurua, berriz, zortzi pertsonara igo da.
Iñigo Urkullu lehendakaria buru duen Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku-batzordea (LABI) astelehen goizean bildu da, eta pandemiaren bilakaera aztertzeaz gain, Euskadin covid-19ari aurre egiteko indarrean dauden neurri murriztaileak arintzea erabaki dute.
Aldaketa nabarmenenak edukierari buruzkoak dira. Gehienezko edukiera % 35ekoa zen orain arte, eta, oro har, % 60koa izango da asteazkenetik aurrera. Dena dela, ostalaritzan % 50ekoa izatea adostu dute.
Gizarte, kultura edo kirol-ekitaldietan, gehienez ere 600 pertsona bildu ahal izango dira toki itxietan, eta 800, berriz, toki irekietan. 600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera duten esparruetan, 800 pertsonako maximoa ezarri dute toki itxietarako, eta 1.200 pertsonakoa toki irekietarako.
5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparruetan, gehieneko edukiera ezingo da % 30ekoa baino handiagoa izan, betiere prebentzio-neurri orokorrak beteta. Lehen Mailako futbol-estadioetan, beraz, % 20tik % 30era igotzeko aukera izango dute aurrerantzean edukiera.
Gainera, ostalaritzako establezimenduetan gehienez ere zortzi lagun bildu ahalko dira mahai baten bueltan asteazkenetik aurrera (orain arte seikoa zen muga). Barran edo zutik kontsumitzeko debekuari eutsi diote, toki itxi zein irekietan, eta arau berberak aplikatuko zaizkie joko-lokalei eta txokoei edo elkarte gastronomikoei.
Merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduera guztiak beranduenez ere 01:00ean ixteko ordutegia bere horretan utzi dute, bata III. eta IV. taldeetan sailkatutako gazte-lokalen eta gaueko aisialdiko establezimenduen itxierak ere.
Maskararen erabileraren inguruan zuzenketa bat iragarri dute. Hondartzetako eta igerilekuetako joan-etorrietan eta ibilaldietan nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea pertsonen arteko gutxiengo distantzia gorde ezin bada.
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak LABIren bileraren ostean emandako prentsaurrekoan eman ditu neurri horien berri. Dena dela, gogorarazi du, joera aldaketa nabari bada ere, testuinguruak zalantzazkoa izaten jarraitzen duela, eta “segurtasun faltsuak edo krisia gaindituta dagoela uste izateak ahuldu egiten gaituela”.
Sailburuaren hitzetan, joera hori ez da ospitaleetako okupazioetan gehiegi nabaritzen, eta gaineratu du horren aurrean txertaketa dela daukagun tresnarik onena.
12 urtetik gorako herritarren % 86,6k dute dosi bat, eta % 78,9k, pauta osoa. “Dosiak iristeko erritmo horretan, xede-biztanle guztiei gutxienez dosi bat jarriko zaie hilabete pasatxoan”, azaldu du sailburuak.
Hala ere, ziurgabetasuna nagusi izaten jarraitzen duela azpimarratu du, eta “krisi hau gainditua dagoela uste izatea edo segurtasun faltsua izatea ahultzen gaituzten faktoreak direla” esan du.
Sagarduik adierazi duenez, abuztuko azken aste hauetan “apur bat” gora egin du txertoa hartzeko eskatutako hitzorduen kopuruak, batez ere gazteenen artean, baina oraindik “hobetzeko tartea” dagoela gaineratu du.
Gaineratu duenez, hitzordu libreak daude, 74.000 inguru, eta herritarrei txertoa jartzeko deia egin die berriro, “Ahalik eta azkarren ahalik eta jende gehienak hartu behar duelako txertoa, babes indibiduala eta kolektiboa handiagoa izango delako”, eta murrizketa gutxiagoko bizitza berreskuratzetik gertuago egongo delako.
…
…
“Aste erabakigarriak”
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak prebentzioari eusteko beharra azpimarratu du, eta beste hauek nabarmendu ditu: segurtasun distantzia zaintzea, pilaketak saihestea, barneko espazioak aireztatzea eta txertoa hartzea.
Normaltasuna berreskuratzeko bidean hurrengo asteak “erabakigarriak” izango direla esan du Sagarduik, eta covid-19aren aurkako txertoa hartzea garrantzitsua dela erantsi du: “Zenbat eta lehenago hartu txertoa ahalik eta pertsona gehienek, orduan eta babes indibidual eta kolektibo handiagoa izango dugu, eta eguneroko bizitza solidarioagoa eta murrizpen gutxiagokoa berreskuratzera hurbilduko gara”.
“Aste erabakigarrietan sartu gara bosgarren olatu hau menderatzeko eta seigarren bat saihesteko”, gaineratu du.
EITB MEDIA
Hauek dira LABIk astelehen honetan, abuztuak 30, covid-19ari aurre egiteko onartu dituen neurri guztiak. Asteazkenean, irailak_1, 01:00ean sartuko dira indarrean:
Harreman sozialak
Dekretu berriaren arabera, jarduera guztietan baimendutako gehienezko edukiera % 60koa izango da lokal eta instalazioetan, muga berezi bat duten kasuetan izan ezik.
Oro har, edozein motatako gizarte-, kultura- edo kirol-ekitalditarako esparruetan ezarriko da gehienez ere 600 pertsona bildu ahako direla barnealdean eta 800 pertsona kanpoaldean.
– 600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera duten esparruetan: gehienez ere 800 pertsona bildu ahalko dira barnealdean eta 1.200 kanpoaldean.
– 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparruetan: gehienezko edukiera ezingo da % 30etik gorakoa izan, eta prebentzio-neurri orokorrak bete beharko dira.
Komertzioak eta ostalaritza
Lokalak ixteko muga-ordutegia bere horretan utzi du LABIk; beraz, 01:00a izango da merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduera guztiek beranduenez ixteko ordua, baita III. eta IV. taldeetan sailkatutako gazte-lokalen eta gaueko aisialdiko establezimenduak ixtekoa ere.
Horrekin batera, ostalaritza-establezimendu eta jatetxeetan, edukieraren % 50 ezarri dute barrualderako. Zerbitzua, barnealdean zein terrazan, gehienez zortzi lagunekoa izan daiteke mahai bakoitzeko edo mahai talde bakoitzeko, bizikideen kasuan izan ezik.
Azkenik, barran edo zutik kontsumitzeko debekuari eusten zaio, barruan zein kanpoan. Arau berberak aplikatuko zaizkie joko-lokalei eta txokoei edo elkarte gastronomikoei.
Musukoak
Dekretu berriak zuzendu egiten du hondartzetako eta igerilekuetako joan-etorrietan eta ibilaldietan maskarak erabiltzeari buruzko atala. Asteazkenetik aurrera, nahitaezkoa izango da musukoa erabiltzea, pertsonen arteko gutxieneko distantzia etengabe mantentzea ezinezkoa bada.