Zer ikusi, hura ikasi
Zer ikusi, hura ikasi –
Azken garai hauetan, euskaldun arrunten artean, bolo-bolo entzuten da, behin eta berriz, euskaraz, <KILOMETRO ZERO> adierazpidea, normaltasun osoz, horrela, besterik gabe, guztiz ongi balego bezala eta inortxo batere harritu gaberik; eman lezake, era horretan esan dela betidanik, eta esaldia eratzeko modua erabat egokia dela, baina, uste dut ezetz, Euskaltzaindiaren Hiztegian, behintzat, honelaxe jartzen du, alegia, <Zero kilometrora hurbildu ziren> eta abar, eta abar; nahi duenak, ikus ditzala adibide gehiago. Baina, euskaldunok zergatik iritsi ote gara normalizatzera eta naturalizatzera gauza anormal eta ez natural horiek?
Uste dut, erantzuna oso-oso erraza dela: “Zer ikusi, hura ikasi” eta “Zer entzun, hura erantzun”; horra hor erantzun xumea bezain erreal eta latza! Esate baterako, ETB1en eta Euskadi Irratian, besteak beste, Kaikuren propaganda negargarri horren bonbardaketa lotsa-emangarriarekin, egunero-egunero egiten ari dira euskararen aurkako pedagogia txarra bezain aspergarria: KILOMETRO ZERO. Gero, nonahi eta noiznahi, imitatzaile fin, leial eta onak sortzen dira, barrengorriak bezala, beren buruei inolako zalantza-galderarik egin gabe, eta, mota hauen antzeko gauzak esaten eta idazten dituzte: <KILOMETRO ZEROKO produktuak ekoizten ditugu>; <KILOMETRO ZEROKO ekoizkinak saltzen ditugu> eta abar, eta abar; pentsatzen eta hausnartzen ez duten izakiek bezalaxe.
Eta hauxe da, nire uste ‘maskalean’, sarritan gertatzen dena gure hizkuntza higatuarekin, hau da, bi arratoi erraldoiren artean, marraskatzen ari direla bi aldeetatik; Patxi Larraintzar Anduezak aspaldian idatzi zuen antzerkian bezala-bezalaxe: “Utrimque Roditur”.
norbaitek 0 KILOMETROA esanez gero, baten batzuek harritu egingo dirá, ziur.
Eta orduan, Galileorekin eskolastikoei gertatu zitzaiena gogoratu.
Eskolastikoek serio planteatu zuten
UTRUM… ea egia gezur zitekeen!
Ez da kontua BERRIA, baina lastima euskaldunok ere eskolastiko izatea.